Iñaki Aranzadiren erretratuak eraman du aurtengo pintura lehiaketaren lehen saria, apaizaren begirada transmititzen jakiteagatik. Gainera, duela gutxi zendu izanak ere koadroari "esanahi berezia" gehitzen diola azaldu dute. Egilearen esanetan, pozik dago saria irabazteaz gain, Iñakiren esentzia ateratzea lortu duelako: "Bere ezaugarri bereizgarriek erraztu didate erretratua margotzea; ahoak, sudurrak eta beti soinean zeraman txapelak". Apaiza ondo ezagutzen zuela eta haurra zenean berarekin mendira joaten zela gaineratu du; "nire omenaldi txikia egin nahi izan diot".