Karrika auzoko ludotekak 25 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 18a, 14:29

Karmele Albeniz eta Maite Ruiz ludotekako hezitzaileak dira; 1990. eta 2002. urteaz geroztik, hurrenez hurren. Bien iritziz, auzoko altxorra da ludoteka.

Nolatan eta zergatik sortu zen ludoteka Karrikan?
Maite Ruiz:
Garai hartan udako udaleku irekiak egiten ziren soilik, baina udako lan horri urtean zehar ere jarraipena eman behar zitzaiola ikusi zuten. Udalean proiektua aurkeztu ondoren, Karrikan ezartzea erabaki zuten. Toki hau egokia zela iritzi zioten, izan ere, urte haietan izugarrizko auzo mugimendua zegoen: Algodonerako pabilioietako borroka, auzoko festak antolatzen hasteko gogoa… Auzo elkarte indartsua zegoen.
Karmele Albeniz: 1989an onartu zuen Udalak proiektua. Herrira begirako proiektua izan arren, hemen jarri zuten. Horrela, Andoaingo haurrei aisialdi mailan alternatiba bat eman zitzaien. Helburu nagusia ondo pasatzeko toki bat eskaintzea zen; jolasteko gune gutxi zutenez, irtenbide bat ematea.
Euskara bultzatzeko helburua ere bazenuten.
M.R: Bai. Aisialdian, jolasaren bitartez, euskara sustatu nahi genuen. Euskara lantzeko beste modu bat zen; izan ere, haurrek euskara ikastolarekin eta hezkuntza eredu formalarekin lotzen dute. Aisialdian, ordea, jolasean ari direla, euskara erabiltzen dute. Honela, hizkuntza aisiarekin lotzea lortzen dugu. Beraz, aisialdi dibertigarria eskaintzen diegu, jolasteko aukera ematen diena eta, gainera, euskalduna.

Nola aldatu da euskararen egoera auzoan?
K.A:
Oso auzo erdalduna zen eta oraindik horrela izaten jarraitzen du. Egun, euskara gehiago erabiltzen da, baina hala ere gabezia handia dago. Jakin, denek dakite; baina askok ez dute erabiltzen. Hori horrela izanda, ludotekako arauetako bat da euskaraz komunikatzea, eta hizketarako jario gehiago edo gutxiago izan, denek hala egin dezaten saiatzen gara.
M.R: Ludoteka euskaraz hitz egiteko harnasgune bat da eta hau da euskararen eta euskal kulturaren erreferente, hemen euskaraz bizi baikara.

Zein funtzio du ludotekak andoaindarrentzat?
M.R:
Ludoteka ondo pasatzeko leku bat da; helburu nagusia jolastea eta dibertitzea delako. Jolas sinbolikoak, sormena eta irudimena lantzeko jokoak, ipuin kontaketak, inprobisazioa lantzeko ariketak… Denetatik egiten dugu. Ludotekak berebiziko garrantzia du bertaratzen diren haurren hezkuntzan.
Hala eta guztiz ere, horrelako tokiei ez zaie behar adina garrantzia ematen. Askoren ustez, haurrak “aparkatzeko” toki bat da, eta ez da horrela. Ludotekan hezkuntza proiektu bat dago, jolasaren bidez baloreak transmititzen ditugu, hizkuntzaren transmisioa egiten dugu, kulturartekotasuna lantzen dugu… Ondo pasatzeko lekua da, baina horren atzean, helburu garrantzitsuak ditugu.
Jolasa haurrentzat zerbait naturala eta beharrezkoa da, baina ondo pasatzeaz gain, hezi egiten ditugu, eta ezinbestekoa da herritarrak horren kontziente izatea.

Oharkabean… 25 urte bete dituzue. Nola gogoratzen dituzue urte horiek?
K.A:
Oso azkar pasa dira. Lehen haur zirenak, orain guraso dira. Dena den, ludotekan oraindik badira jolas batzuk hasiera-hasieratik jarraitzen dutenak. Etxeetan gertatzen den bezala, hemen ere jokoak belaunaldiz belaunaldi pasatzen ari dira.

Nabaritu al duzue haurren izaera, oro har, aldatu egin dela?
K.A:
Gizartea aldatu den bezala, haurrak ere asko aldatu dira. Lehen, parte hartzaileagoak, autonomoagoak eta aktiboagoak ziren. Orain, gehiago motibatu behar ditugu eta beraien gainean egon beharra dugu.
M.R: Gainera, berehalako erantzunak eskatzen dituzte. Hau da, esate baterako, eskulan bat egiterakoan, emaitza azkar jaso nahi izaten dute. Orain ezinezkoa da astebeteko tailer bat egitea; pazientzia gutxi dute. Dudarik gabe, gaur egungo gizartearen isla da.

Zer da zuen lanetik gehien gustatzen zaizuena?
M.R:
Gure lanak beti gazte mantentzen gaitu; erabat jolasean aritzen gara eta bizitasuna ematen digu. Horregatik, lana asko gustatzen zait eta pozik etortzen naiz.
K.A: Haurrek bizipoza ematen digute. Egun txarra izanda ere, lanera etorri eta dena ahazten dugu. Lanean beti gaude pozik, pailazoarena egiten, jolasean… Dena den, alde txarrak ere baditu eta errieta egitea ere tokatzen zaigu. Mugak ezarri behar dizkiegu eta gainean egon beharra daukagu.

Zer duzue ospatzeko 25. urteurrenean?
K.A: Hemen jarraitzen dugula; amets bat egi bihurtzea bezala izan baita ibilbide hau guztia. Ludoteka sortu zenean, ez genekien zenbat denborarako izango zen eta, oraindik, hemen jarraitzen dugu. Oso garrantzitsua da niretzat 25 urte hemen lanean aritzea, eta hori ospatu beharra dago.

Zerbait berezia antolatu al duzue?
K.A:
Oraindik ez dugu ezer finkatu, baina ospakizunen bat egingo dugula ziur gaude.
M.R: Ludoteka xume bat gara, beraz, zerbait xumea antolatuko dugu. Auzokideekin ideia batzuk eduki ditugu; egun bat elkarrekin pasatzea, goizean joko batzuk eta ondoren bazkaria eginez… Aurrerago erabakiko dugu.

Zein hutsune edo erronka dituzue etorkizunera begira?
K.A:
Aukera ekonomikoa edukita, aldaketa batzuk egingo nituzte ludotekan. Batetik, azpiegitura aberastu: ordenagailu bat ekarri, liburu berriak jarri… Bestetik, garai batean bezala, ipuin kontalariak ekarri edota gurasoentzako hitzaldiak egingo nituzke.
M.R: Bereziki, material aldetik dugu gabezia gehien, gauza asko zaharkituta geratu baitira. Hala ere, daukagunarekin moldatzen gara. Horrez gain, nire ustez, herriak beste ludoteka bat behar du. Karrikakoaz gain, beste bat ipiniko nuke erdigunean, baina, erdigunean jartzeko Karrikakoa kenduko balute, herriko ludoteka erreferentea kenduko lukete eta pena handia emango liguke. Herrian beharra badagoen arren, Karrikakoa mantentzea ezinbestekoa da guretzat, auzoko altxor handienetakoa delako.

Belaunaldi aldaketa ludotekan
Sonia Prieto andoaindarra Karrika auzoan bizi da. Duela 25 urte, 11 urte zituela, ludotekara etortzen zen bere lagun eta anai-arrebekin batera. Pozez gogoratzen ditu ludotekan bizitako uneak: “Oso etapa ona izan zen; bihurriak ginen arren, primeran pasatzen genuen”. Auzoan haur guztiak elkarrekin ibiltzen zirenez, adin ezberdinetako haurrak ludotekan elkartzen zirela dio. Egun, bi semeren ama da eta biak ludotekara eraman ditu. Gazteenak, Landerrek, 9 urte ditu eta oraindik ere bertara joaten da. Azaldu duenez, “oso gustura” ibiltzen da mahai jokoetan.
Haur eta ama bezala, esperientzia ona izan duela aitortu du Soniak: “Antzerkiak, eskulanak… denetarik egiten genuen; eta gainera, laguna errespetatzen eta gauzak elkarbanatzen ikasten genuen”. Orain, ama lanetan ere laguntza jasotzen duela dio; esate baterako, semeari etxerako lanekin lagundu ezin dionean, ludoteka alboan izatea babes handia dela adierazi du: “Oso pozik nago ludotekarekin. Haurrentzat auzoan zerbitzu hau izatea oso baliagarria da, eta niretzat, lasaitasun handia da hor daudela jakitea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!