Udako geldialdiaren ostean, entseguetan murgilduta dabiltz asteon Egape dantza taldeko kideak. Ostiraleko ikuskizuna prestatzen edo, beraiek azaldu bezala, “bergogoratzen” ari dira orain. Edu Muruameniarazek osatutako muntaia 15 koreografia berritzailek osatzen dute, eta azaldu dutenez, begiradak dantzan jarriko dituzte. Maskarak erabiliko dituzte dantzatzeko eta, muntaia osoari zentzua emanez, dantzen lotura-haria izateko. Hortaz, begiraden jokoa nagusituko dela diote.
EKAINEKOAZ BERRIRO GOZATZEKO AUKERA
Aurreko ikasturte osoan zehar ikuskizuna prestatzen ibili dira, kurtso amaieran jendaurrean egiteko. Orain, bigarren txanda dute eta jaien atarian, herrikideei saioa berriro ikusteko aukera eskainiko diete. Irakasleak azaldu duenez, maila altua dute dantzariek eta ikuskizunean hori igarriko da. “Pena handia ematen dit urte osoko lana hemen amaitzea, baina normala da ikasturteko ekintza izanik. Urrian, beraz, gauza berriekin hasiko gara”, gaineratu du.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Sarobeko bulegoan hiru euroren truke. Egunean bertan, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dituzte.
“Urnieta hegapean”
estrainaldia
400. urteurrenaren harira, Egapeko dantzarien bidez Urnietako zenbait toki erakusten dituen bideoklipa egin dute. Irailaren 25ean aurkeztuko dute Txosnagunean. Pixel enpresaren laguntzarekin egin dute, eta bideo “ikusgarria eta herritarrentzat altxorra” izango dela aurreratu du Jaione Jauregik.
“Ni ez naiz urnietarra, eta harrituta geratu nintzen toki horiekin. Urnietako txoko berezietan egon gara: mendialdean eta toki aldapatsu eta haitzetan dantzan”, azaldu du Edu Muruamendiarazek. Jaionek gaineratu duenez, urnietar gehienek ezagutzen dituzte toki horiek, baino gazte asko harrituta geratuko dira horiek Urnietan daudela ikusita.
Herritarrak ikusteko gogoz daude, baina baita parte hartzaileak ere. 70 lagun ibili dira grabaketetan eta guztiak emaitza ikusteko gogoz daude. Edu eta Jaionek azaldu dutenez, parte hartzaile guztiak ager zitezen saiatu dira, beren burua bideoklipean ikusi nahian baitaude: “Zailena denen irudiak agertuko direla ziurtatzea izan da. Helburua Urnieta erakustea bada ere, parte hartutako dantzariei eskertza modura, denak agertzen saiatu gara. Denak etorri ziren dantzara, eta merezi dute”.
Bideoklipeko abestia fandango bat da, Korrontziren “Xoxua” bertsioa. 400. urteurrenean ereserkia egin duten arren, “zailagoa” zela eta zerbait “alaiagoa eta dinamikoagoa” egitea erabaki zuten. Hala, irudi asko jaso dituztenez, ereserkiarekin agian making-off moduko bat egingo dutela bururatu zaie: “Hori aurrerago ikusiko da. Orain herritarrei bideoklipa gustatzea nahi dugu”.
"Begiradak dantzan"
Irailak 18, ostirala
19:00. Sarobe. Egape dantza taldeko 40 dantzariren eskutik; 15 koreografiez osatutako ikuskizuna.
“Urnieta Hegapean”
Irailak 25, ostirala
20:30. Txosna gunea. Urnieta herriaren argazki bizia Egape dantza taldearen oinatzetan, Urnietak herri izaera lortu zuela 400 urte betetzen direnean.
Dantza-Soka
Irailak 27, igandea
20:30. San Juan plaza. Herritar orok partu har dezake. Koreografia prestatzeko entseguak irailaren 21etik 24ra Saroben, 19:00etatik 20:30etara.
Filma
Irailak 27, igandea
21:30 Txosna gunea. “Zuloak” (2012) dokumentala, Fermin Muguruzak Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuena.