Batusalsa perkusio eta dantza festa larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 18a, 10:45

Larunbat honetarako, irailak 19, “Batusalsa” eguna antolatu du Buruntzantzan taldeak. Batukada tailerra eta Kubako salsa dantzen ikastarotxoa egingo dituzte Egapen. Eguerdian, kalejira eta paella jatea izango da partaideentzat. Gau partean, berriz, Son Kandela musika taldea zuzenean arituko da.

Batukada eta salsa uztartuz, egun osorako egitaraua aurkeztu dute antolatzaileek. Goizeko 10:00etan batukada tailerra izango da 14 urtetik gorakoentzat. “Instrumentu batzuk handiak direnez, adin muga hori jarri dugu, perkusioa jotzeko arazorik izan ez dezaten”, azaldu dute. Bertan ikasitakoarekin, kalejira egingo dute herrian zehar.
Fran Bravok adierazi duenez, goizeko tailerra nahikoa izango da jotzen ikasteko: “Ezagutza minimo horrekin kalejira egitea posible da, eta gainera, gainontzeko batukadak laguntzeko egongo dira”. Izan ere, ez dira perkusioa jotzen arituko diren bakarrak, kanpotik hiru batukada ere etorriko direlako. Batukada topaketa egitea zen hasierako asmoa, baina, egun osoan erritmo eta musika bera entzutea pisutsuegia izan daitekeela pentsatuz, salsarekin nahastea bururatu zaie. Horrela, goizean batukadaren txanda izango da eta arratsaldean salsarena.

PAELLA JATEA BATUKADAKO
PARTAIDEENTZAT
Salsa tailerra baino lehen, ordea, paella jatea izango dute. “Batukadan parte hartzen duenak sari bezala paella izango du. Egun osoa elkarrekin igaroko dutenez, giroa sortu eta elkarrekin gustura egoteko baliagarria izango da”, azaldu dute. Arratsaldean, salsa dantzen klasetxo bat emango du Joxan Beldarrainek 16:30ak aldera. Horren ostean, dantzaldia izango da Son Kandela musika taldearekin eta, beraz, ikastaroan ikasitakoa kontzertuan praktikan jartzeko aukera izango dute.

Herritarrei parte hartzeko deia
Urnietarrak animatu nahi dituzte, bai musika jotzera baita dantzara ere: “Festak gozatzeko dira eta Batusalsa eguna herritarrek disfrutatzeko antolatu dugu”, azaldu du Fran Bravok. Gainera, inongo ezagutzarik ez dela behar jakinarazi dute, oso oinarrizko pausoak ikasiko dituztelako. Batukadari dagokionez, erritmo berria sortu dute espreski, joaten denarentzat erraza izateko; eta salsa tailerrean ere “hankak apur bat mugitzen” irakatsiko dietela azaldu du Joxan Beldarrain irakasleak.
Lehenengo aldia izan arren, jendea animatzea espero dute eta, honela, aurrerantzean horrelako ekintza gehiago egitea: “Aurten Batusalsak nolako eragina izan duen ikusiko dugu, baita eguna errepikatzea merezi duen ala ez ikusi ere”. Gainera, jendeari batukada eta salsa probatzeko aukera eskaintzen diotenez, agian norbait urtean zehar ere animatuko dela pentsatu dute. Beraz, bide batez, batukada taldera eta salsa ikastaroetara gonbidatu dituzte herritarrak.

Batusalsa
Irailak 19, larunbata

Irailaren 19an Urnietan, Buruntzantzan taldeak antolatuta, Batusalsa eguna ospatuko da. Horra, egitaraua:
10:00-13:00 Batukada tailerrak 14 urtetik gorakoentzat.
13:00-14:30 Ikasitakoarekin toketada herrian zehar.
16:30-19:30 Kubako saltsa tailerra.
20:00-22:00 Dantzaldia Son Kandela musika taldearekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!