Nola daramazu txapeldun izatearena? Sinesten al duzu dagoeneko txapelduna zarela?
J.G.: Neure burua arraro samar sentitu nuen aurreneko egunetan. Lagun eta ezagunen zorionak, komunikabideetatik deiak elkarrizketak egiteko... Kosta zitzaidan sinestea, "nola kanbiatzen den mundua" esaten nuen neure artean. Gauzak normaltzen hasi dira orain.
Europako selekzioen arteko txapelketan ere parte zenuen Loiolan abuztuaren 28an...
J.G.: Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia eta Hego Tiroleko segalariekin aritu ginen Euskal Herrikoak. Tirolekoak izan ziren onenak. Lehenbiziko euskalduna izan nintzen, hamahirugarren. Ez gaude ohituta erabili ziren segekin, baina ez dago zertan aitzakiarik jarri beharrik; indar kontuetan ez gaituzte gailenduko, baina teknika aldetik gure aurretik dabiltza hor Europako herrialdeetan. Lehiaketaz gain, oso gustura ibili ginen denok ere. Jende sanoa dabil segan, nonahi! Ikusi egin behar zen nola jardun ginen elkarrekin komunikatu nahian eta ezinean, keinuak eta egiten!
Harrigarria da zure ibilbidea. Orain lau urte hasi zinen...
J.G.: Kasualitatetik izan zuen pixka bat. Xoxokako jaietarako lau segalari prestatu ziren Urnieta eta Hernanikoak apustua egiteko. Batek atzera egin zuen azken momentuan, eta Mikel Garaialdek hor esan zidan: "hi, zergatik ez haiz animatzen?". "Nola ni, sekula ez diat eta sega bat hartu!". Probatzera joan ginen belaze batera. Segaren punta lurretik atera ezinik ibili nintzen, eta barre egiten zidaten ondotik sega egiteko tankeragatik. Baina ni egoskorra izan, eta "isildu egingo dizkiat!" agindu nion nire buruari. Behin inplikatzen banaiz zer edo zertan, daukadan guztia ematen saiatzen naiz.
Familiatik al datorkizu zaletasuna?
J.G.: Etxean, gaztetan, sega hartzeko modurik ez nuen eduki sekula. Aitonak ez zigun uzten, belarra biltzeko agintzen zigun, sega arriskutsua zela esanda. Egia da familian badauzkadala segalari izandakoak, Joxe eta Marialuixa Gabirondo, osaba-izebak ditut.
Herri kiroletan begi ugari zuri begira egongo dira hemendik aurrera...
J.G.: Azkar heldu zaizkit gauzak, azkarregi akaso. Behin koska batera iritsiz gero, zaila izaten da hortik gora egitea. Nahiko lan horri eustearekin! Nolanahi ere, iruditzen zait teknikoki oraindik badaukadala zer hobetua. Azken bi urteetan ondo ikusi naiz entrenamenduetan eta horrela jarraitu nahi nuke etorkizunean. Gainerako segalariak ere prestatzen dira txapelketetarako, eta ikusiko dugu...
Nolako osasuna dauka segak Euskal Herrian?
J.G.: Nahikoa dauka eustearekin. Baserrian derrigorrez segan egin behar izaten zen iraganean, eta horri esker aisa irteten ziren segalariak. Gaur egun, kirolaria behar duzu izan batik bat. Gipuzkoarrak gara segalari gehienak. Bi modalitatetan jokatzen da gaur egun: batetik, ordu erdi edo eta ordu beteko saiokoa dago, tradizionala; zortzi bat aritzen gara horretan. Eta bestea, ehun metrokoa da, oso esplosiboa da, den-dena oso minutu gutxitan eman behar duzu eta zenbait ezaugarriren arabera puntuatzen da (kantitatea, txukuntasuna, azkArtasuna...). Arnas luzeko lana baino errazagoa egiten zaio jendeari, eta egun, hogeita bitik gora lagun dabiltza horretan.
Zein da zure entrenamendu sistema?
J.G.: Urrian hasi eta abuztura arte luzatzen da. Prestatzaile batekin hasi orduko astean sei egunetan aritu beharko nuela esan zidanean, zuri geratu nintzen. Bere esanetara jarri nintzen, hala ere. Neguan, belarrik ez dagoenean-eta, denetik egiten dut, bizikleta, gimnasioa, mendian korrika (Adarrako inguruetan)... Belar bolada hasten denean, berriz, segari heltzen diot. Neska lagunaren lehengusuak, otegitarrak, Sollane Enea baserrikoak (Zabaleta auzoa, Lasarte-Oria) dira eta horien lur eremuetan aritzen naiz. Ezagun ditudan baserritarrei ere abisua pasatzen diet, belarra mozteko asmoa edukitzekotan, niri hots egiteko aurretik.
Egia esan, ahal den tokitik denbora harrapatzen ibiltzen naiz. Neska lagunak laguntzen dit, eta eskertzekoa da hori. Lehen aipatu ditudan bere lehengusu horiek segan aritutakoak dira, eta nahiko gertukoa egiten zaio mundu hori.
Nor duzu prestatzailea?
J.G.: Otegi anaiekin aritzen naiz batik bat. Joxe Gabirondo osabak ere zerbait erakusten dit.
Definituko al zenituzke zure ezaugarriak?
J.G.: Diziplinatua naizela esango nuke; lehiaketarako konpromisoari serio erantzuten diot, nahiz eta neguan nagiak jo pixka bat. Segan dakitenek esaten didate mutil handia naizela, baina gorputzeko baliabide fisikoak ondo baliatzen ditudala. Bestalde, arlo teknikoan asko daukadala ikasteko diote, eta kontziente nahiz gabezia horretaz.
Segak ez du irabazi askorik emango, noski...
J.G.: Aurten irabazitako guztia, nirekin ibili den taldeari (zorroztailea, erakuslea, sei sega biltzaile eta kontrajueza) afari bat eta federazioko fitxak ordaintzeko, bestetarako ez. Horrekin esana dago dena. Belardiak eskura edukitzeaz gain, baditu gastuak, bai, badituenez, nahiz eta gaur egungo segak ez izan oso garestiak.
Urnietarrek zu ikusteko aukera izango dute hurrengo egun eta asteetan...
J.G.: Bi hitzordu dauzkat, bai, Urnietan. Sanmigeletan 100 metroko lehiaketa izango da eta segazale amorratua ez denarentzat ere ikusgarria izango da, urnietar asko azaltzea espero dut. Xoxokakoa, berriz, urterokoa da. Aurtengo desafioa, hala ere, bi berrikuntzekin dator: Alaitz Imaz eta biok bikotea osatuko dugu Jon Otegi eta Suharri Irazustabarrenaren aurka. Bestetik, Joxe Gabirondok erakustaldi txikia egingo du 10-15 urteko gaztetxoei begira, eta horiek segan jarriko ditu.