Memoriaren Erretratua, biktimak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 18a, 10:05

Joan zen irailaren 4an, Memoriaren Erretratuaren aurkezpena egin zuen Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko herrietako alkateen aurrean Bilbon. Bertan ziren Beterri-Aiztondoko ordezkariak ere.

Ekimen instituzionala izan zen Bilbokoa, euren herrietan euskal gatazkaren indarkeriaren ondorioz biktimaren bat duten herrietako alkateei zuzendutakoa. Alkate bakoitzari berariazko dokumentu bat eman zitzaion bere udalerria dela eta 1960tik 2010era bitartean terrorismoak edo beste edozein indarkeriak eragindako bizitzaren urraketak jasotzen dituena. Beterri-Aiztondo eskualdetik ordezkaritza zabala izan zen. Ana Carrere (EH Bildu) Andoaindik, Iban Agirre (EAJ-PNV) Amasa-Villabonatik, Pili Legarra (Asteasu Batuz) Asteasutik, Josu Amilibia (EH Bildu) Adunatik eta Joxe Mari Luengo (EH Bildu) Zizurkildik. Bakoitzak bere herrian izandako hildakoen zerrenda biltzen duen liburuxka ekarri zuen, beraz, udaletxera. Herri bakoitzaren esku geratu da orain biktimen zerrenda berrikusi eta haiek gogoratzeko emango dituzten pausoak adostea.
Lehen aldia zen EAJ-PNV, EH Bildu eta PSOE alderdiak antzeko ekitaldi batean elkartzen zirena eta Bilbora gerturatu ziren alkateentzat momentu historikoa izan zen, abiapuntu baten hasieraren parekoa.
Memoriaren Eguna elkarrekin ospatzeko erronka
Aurkezpen ekitaldian, bakea eta bizikidetza sendotzea helburu duen Gogora Institutua aurkeztuz ekin zion Urkullu lehendakariak bere hitzaldiari eta Memoriaren alde elkarrekin lan egin behar dela adierazi zuen, etorkizunari begiratzean elkarrekin egin beharreko bide bat ikusten dela argudiatuta, “baina arazoa, gakoa, iraganari begiratzen diogunean sortzen zaigu. Gertuegi dugu, gehiegi sufritu dugu, pertsona askok eta askok gehiegi sufritu dute. Badakigu, baita ere, iragan hori gainditu behar dugula, baina ezin dugu ahaztu, ezin dugu ekidin. Aurrez aurre begiratu behar diogu, benetan gainditzeko, benetako bizikidetza oinarritzeko”. Helburu samurra ez izanagatik, azaroaren 10eko Memoriaren Eguna guztiok elkarrekin ospatzeko erronka luzatu zuen. Euskal gatazkaren biolentziaren baitan guztira 1000 pertsonatik gora zendu dela nabarmendu zuen Urkulluk, “guztira, mila pertsona baino gehiago, mila bizitza puskatuta. Eta horrekin batera, noski, hainbat eta hainbat pertsona zaurituta edo kaltetuta. Mila arrazoi ditugu, beraz, beraien Memoriaren alde egiteko, beraien oroimenez gure eginkizunak adosteko”. Horretarako eguna azaroaren 10a dela gogoratu eta 2013an Legebiltzarrean hartutako erabakia ekarri zuen gogora: “Etorkizunean bakea eta bizikidetza bermatzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria errekonozitzea, eta eragindako mina eta biktimen duintasuna ere errekonozitzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea”.

Konfiantza sortu nahia
Errenteriako alkate Julen Mendozak (EH Bildu), bestalde, bere herriko esperientziaren xehetasunak adierazi zituen, 2013 urtean abian jarritako Eraikiz zikloa mintzagai hartuta. “Gure Udaleko alderdi politiko guztiek bultzatu genuen eta aitzakia bat besterik ez zen, azken finean, helburua, biktima eta herritarren arteko hausnarketa espazio bat sortzea zelako, eta hori lortu genuen, oso jatorri anitzeko 300 pertsona bildu genituen lau egunetan zehar eta oso errelato ezberdinak entzuteko aukera izan genuen bertan. Ekimen horrek baldintza subjektiboak sortu zituen: batetik gure herritarren artekoak eta, bestetik, biktimekin lan egiteko bide bat irekitzea”. Baldintza objektioei lotuta, euren herrian izandako gertaera guztien berri txosten integral batean jasotzen ari dira. Txosten hori aurrera begira biktimen erreparazio eta errekonozimendurako ekimen ezberdinak egiteko tresna izango da. “Lehenengo biktimekin hitz egin behar dugu, beraien nahia zein den jakin, goxatu eta arretaz entzun. Lan horrek ez du denbora jakinik, agian denboran luza daiteke, baina konfiantzak sor ditzake eta konfiantza sortzea da momentu honetan lanik garrantzitsuena”, Mendozaren esanetan. Errenteriako alkate bezala ez ezik, EH Bildu alderdiaren ahotsa ordezkatuz, hainbat gogoeta egin zuen: horien artean, bake gaietan konfiantza ezinbestekoa dela, edozein ekimen politiko helmugara iristeko. “Bake dinamikak bidera ditzaketen pertsonen artean gutxieneko konfiantzarik ez badago, ezinezkoa izango da helburuak betetzea. Konfiantza sortzeko, ordea, beharrezkoa da etsai edo gutxienez aurkari politikotzat hartu ditugunekin akordiak bideratzea bakea lortzeko aukera bakarra dela onartzea. Bakea eratzeko ezinbesteko adiskide bihurtzen direla ulertzea nahitaezkoa da, haiekin enpatizatu eta bakoitzak izan ditzakeen mugak ulertu eta irtenbideren bat aurkitzen saiatu behar da”. Mendozaren ustez, une honetan oraindik politikariek ez dute premisa hori barneratu eta elkarrizketa inklusibo eta limiterik gabea bilatzen denik ere ez dago ziur. Argi dauka, ordea: “Ez dut PP eta PSE-EE alderdiko kiderik gabe eraikitako bakerik imaginatzen, ezta EH Bilduko kiderik gabe ere”. Justizia egiteko iraganera begiratu behar dela esan zuen, “erabateko zintzotasun eta gertutasunez, saiatu arren, dimentsiona ezin daitekeen itzulerarik gabeko pertsonen samina errekonozitzeko”.
Aurkezpen ekitaldia burutu eta astebetera, Jaurlaritzaren bake planari buruzko ikuspegi kritikoa egin zuen EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak. Besteak beste, “memoriak poliedrikoa eta inklusiboa” izan behar duela adierazi zuen, “biktima guztiak aintzat har ditzan”.

Bi erreminta: Elkarrizketa eta hitza
PSE-EEko Jose Antonio Santano Irungo alkateak, bere aldetik, Bilboko Memoriaren Erretratuaren aurkezpena biktima guztiak berdin gogoratzen dituen ekitaldia zela adierazi zuen, “ETArenak, GALenak, BVEenak edo polizia-abusuen biktimak, guzti-guztiek sufritu dutelako eta sufrimendu horrek pertsonentzat, familientzat desberdintasunik ez duelako”. Ondorioz, terrorismoaren eta biolentziaren biktimei eginiko errekonozimenduak bakarra izan behar duela gaineratu zuen. “Egoera berri baten aurrean gaude gaur, dialektika politikoaren erreminta bakarrak elkarrizketa eta hitza direnak. Haiengan jarri behar ditugu etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak”. Aurkezpenera gerturatutako alderdi ezberdinetako alkateei ere egin zien keinu, “haietako asko ezker abertzalekoak dira eta haietako batzurekin harreman instituzional eta politiko normalizatua izan dut eta izaten jarraitzen dut. Gure gizartearentzat onena nahi dugu guztiok. Etorkizun hobe baten alde ari gara lanean eta guztiok ezagutzen ditugu herritarren beharrak. Zuen bultzada behar dugu ezker abertzaleak iraganeko hutsegiteak onar ditzan eta Euskadiko herri nahiz hiri bakoitzetik, biolentzia legezkotzat ez hartzeko pausoak eman daitezen, biktima guztiak errekonozitzen ditugun bitartean”.

Gatazka politikoaren biktimak

Eusko Jaurlaritzak bizitzeko eskubidearen urraketen datuak bildu ondoren osatutako argitalpenean ageri diren datuak jakinarazi zituen Urkullu lehendakariak aurkezpenean:
  • ETA jaio zenetik, 1960tik aurrera, ETAk eta antzeko beste zenbait taldek 850 erailketa eragin dituzte guztira, hau da, 850 pertsona hil dituzte.
  • Eskuin muturreko taldeek, GALek eta Batallón Vasco Españolek, besteak beste, guztira 70 pertsona hil dituzte.
  • Beste 95 biktima gehiago eragin ditu poliziaren indarkeriak.

ADUNA

Jose Acedo Panizo

Egilea: ETAm. 1978/03/10
Zamoran jaio eta Tolosan bizi zen. 56 urte. Hiru seme-alaba. Adunako Aplicaciones Técnicas del Caucho (ATC) enpresako zinpeko zaintzaile eta atezain-burua. Bi hilabete ziren Guardia Zibiletik jubilatu zela. Guardia Zibileko sarjentu lehena zen, bai eta Andoaingo postuko burua ere. 56 urte zituen.
“ATC enpresan hil zuten, su-armaz”.

AMASA-VILLABONA

José Antonio Pardines Arcay
Egilea:  ETA (banaketa gertatu baino lehen). 1968/06/07
Coruñan jaioa. 25 urte. Ezkongabea. Guardia Zibila.
“Su-armaz tiro eginda, ibilgailu baten paperak egiaztatzen ari zela, N-1 errepidea, Aduna eta Villabona-Amasa artean. ETAren lehenengo hilketa. Handik ordu gutxira, José Antonio Pardinesi tiro egin zion Txabi Etxebarrieta etakidea hil zuen Guardia Zibilak Tolosako Benta Haundiko kontrol batean. Bera izan zen Guardia Zibilak hildako lehen etakidea”.

Heliodoro Arriaga Ziaurritz
Egilea: ETAm. 1978/11/27
Vianan jaioa, Villabonan bizi zen. 60 urte. Seme bat. SACEM metalurgia-enpresako zaindaria. Guardia Zibileko brigada ohia, 1965ean 47 urte bete arte. “Sei tiro jaso zituen, Villabonako bere etxe ondoan autoan sartzera zihoala”.

Ramon Iturriondo García
Egilea: ETAm. 1983/02/05.
Villabonan jaioa, Santutxun bizi zen. 43 urte. Lau seme-alaba. Atzerriko monetaren saileko kutxazaina Bilboko BBV banketxeko egoitza nagusian. Herri Batasunaren jarraitzailea.
“Bilboko BBVren egoitza nagusian hil zen, bertan jarritako bonba bat lehertuta. Leherketa haren ondorioz beste bi langile hil eta sei zauritu ziren. Bonba-abisua egon zen, baina ez zuen jendea husteko astirik eman. ETAm-k autokritika egin zuen (‘hutsegite teknikoa’)”.

Manuel Carrasco Merchán
Egilea: ETAm. 1983/11/05
Badajozen jaio eta Asteasu/Zizurkilgo mugan, Ugarteberri baserrian bizi zen. Ezkondu aurretik Villabonan. 27 urte. Hamabost eguneko alaba. Langabea. “Su-armaz hil zuten, Villabonako Zahar Etxeko tabernatik ateratzen ari zela”.


ZIZURKIL
 
Julian Galartza Aiastui
Egilea:  ETAm. 1976/02/10
Zizurkildarra. 37 urte. Bi hilabete lehenago ezkondu zen. Mekanikaria. “Fraisorotik eta bere etxetik gertu, Zizurkilgo Elbarrena auzoan, lagun eta senide batzuekin zerbait hartu ondoren Pago Enea tabernan bederatzi tiro jaso zituen. ETAm-en hutsegitea izan zen. Handik bi egunetara, ‘hutsegitea’ aitortu eta barkamena eskatu zion familiari. Nonbait, antza zuen herriko alkate Antonio Vicuñarekin, etaagian hura zen helburua, Libertad Digitalen arabera”.

Joxe Arregi Izagirre
Egilea: Madrilgo poliziaren kidego nagusiko kideak, eskualdeko informazio brigadari atxikiak. Atxilotutako data: 1981/02/04. Heriotza-data: 1981/02/13.
Zizurkildarra, 30 urte. ETAko kidea.
“Otsailaren 4an atxilotu, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusitik (DGS) Carabancheleko espetxe-ospitalera larri eraman, eta bertan hil zen. Hilotzak ubeldurak zituen bi ipurmasailetan, oinetan, eskumuturretan eta toraxean; zauriak mihian eta sabelean; bronkopneumonia larria eta bigarren mailako erredurak bi oinetan. 1981/02/17ko El Paísek goiburu hau jarri zion albisteari: ‘Jose Arregi torturatua izan zela aitortu du auzitegiko txostenak”.

Jose Luis Geresta Mujika
Egilea:  Bi bertsio, suizidioa eta hilketa. 1999/03/20
Zizurkildarra, 30 urte. Burdinola batean egin zuen lan, eta gero, hondeamakinarekin. ETAko kidea. Hilik agertu baino hamaika egun lehenago, poliziak haren bikotekidea atxilotu zuen, Nekane Txapartegi (torturak salatu zituen tribunalaren aurrean, 18/98 auzian).
“Garondoan tiro bat zuela hilik aurkitu zuten Errenteriako Zamalbide auzoko eremu batean. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen. Amnistiaren Aldeko Batzordeek, ordea, hil egin zutela salatu zuten. Hil ondoren gorpua manipulatu zutela egiaztatu zuen txosten toxikologikoak. Beren burua su-arma batez hiltzen dutenen artean ez da batere arrunta hain jarrera hieratikoa: ahoz gora, eskuak gorputzaren kontra eta behera begira, beso eta hankak luze-luze... Pistolak ez zuen hatz-markarik, ezta hildakoaren odolik ere, eta ezkerreko besoaren aldamenean zegoen. Ekainaren 6ko Madrilgo Toxikologia Institutu Nazionaleko auzitegi-txostenaren arabera, hildakoari bi hagin atera zizkioten hil aurretik edo hil bezain laster”.

ANDOAIN

David Salvador Jonio
Egilea: Triple A. 1977/10/07
Taxi gidaria, Bilbon jaio eta Hernanin bizi zen. 44 urte. “Buruan bi tiro egin zizkioten, Andoainen bere taxi barruan zegoela. Andoain, Astigarraga eta Hernani herriek osatutako Heriotzaren Triangelua delakoan gertatutako lehen hilketa izan zen”.

Ignacio Olaiz Mitxelena
Egilea:  ETA. 1978/10/29
Garraiolaria, Oiartzunen jaio eta Andoainen bizi zen. 42 urte zituen. Urnietako San Jose harrobian hilik aurkitu zuten.
“ETAk Amnistiaren Aldeko Batzordeetan infiltratuta egotea egotzi zion”.

Jose Diez Perez
Egilea:  ETA. 1979/02/03
Kordoban jaio eta Irunen bizi zen. 25 urte zituen. Guardia Zibila.
“Andoaingo kuartel-etxearen aurrean, su-armaz egindako atentatuan hil zuten”.

Jose Ramon Ansa Etxeberria
Egilea:  Triple A. 1979/05/06
Baserritarra, Andoaingo Upategi baserrian jaioa. 17 urte zituen.
“Urnietatik Andoainera oinez zihoala, tiro bat jo zioten garondoan”.

F. Javier Ansa Zinkunegi
Egilea:  Triple A. 1981/03/03
Baserritarra, Andoain eta Urnieta artean Antxixu baserrian jaioa. 35 urte zituen.  
“Urnieta-Andoain errepidean, su-armaz egindako atentatuan hil zen”.

Juvenal Villafañe Garcia
Egilea: ETA. 1993/09/16
Leonen jaio eta 26 urtez Andoainen bizi zen. 78 urte zituen. Guardia Zibil ohia.
“Guardia Zibilaren tenienteorde zela, erretiroa hartu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko funtzionario-lanetan ziharduen, baita Andoainen ere, ehiza eta arrantza kontuetarako baimenak lortzeko tramiteak egiten. Etxe aurrean, Andoaingo Eskola kalean, autoa martxan jartzera zihoala hil zuten ibilgailuaren azpian jarritako lapa-bonba leherrarazita”.

Jose Luis Lopez de Lacalle
Egilea:  ETA. 2000/05/07
Kazetaria, Tolosan jaio eta Andoainen bizi zen. 62 urte zituen.
“Ondarreta kalean, egunkariak erosi eta inguruko kafetegi batean gosaldu ondoren bere etxeko atarira sartzear zegoela su-armaz egindako atentatuan hil zuten”.

Joseba Pagazaurtundua Ruiz
Egilea: ETA. 2003/02/08
Udaltzaina, Andoainen jaioa. 45 urte zituen.
“Donostia ospitalean, Andoaingo Daytona tabernan gosaltzen ari zela jasotako tiroen ondorioz hil zen, bederatzi ordu hilzorian igaro ostean”.

Jon Lizarralde Ureta
*Egiaztatze eta ikerketa lan handiagoa behar duen kasua. 1990/06/25
Andoainen jaioa, ETAko kidea zen. 34 urte zituen.
“Irunberriko arroilan buruan tiro bat zeukan, distantzia laburrean egina; Guardia Zibilarekin tiroketa bat gertatu zen, hilotza aurkitu baino hogei ordu lehenago”.


*Herri guztietako datuak eskuragarri daude Euskadi.eus webgunean
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!