Zaintza partekatuaren legea, indarrean urritik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 17a, 14:23

Zaintza partekatuaren legea onartu zuen ekainean Gasteizko legebiltzarrak. Legearen alde borrokan urtetan jardun duen Gipuzkoako Agipase elkarteko kideekin bildu da Aiurri.

Pozik dira Agipaseko (Gipuzkoako guraso bananduen elkartea) kideak, Kidetza plataforman jardun dutenak azken urteetan. Aurrerazaletzat eta berdintasunaren aldeko tresnatzat jo dute onartu berri den legea. Legeak gizona eta emakumea berdintasun egoeran jartzea ahalbidetu, akordioak erraztu, eta erantzunkidetasunean aurrera egiten lagunduko duelakoan dira.
Euskal Erkidegoan urrian indarrean jarriko den lege horren arabera, seme-alaben zaintza mota hori arau nagusi izango da bikoteak banatzean. Nahikoa izango da horretarako, bikoteko kideetako batek epaileari hala eskatzea.
Orain hogei urtetik hona indarrean egon den Dibortzioaren legearen ondoan, berri honek ekarriko dituen onura aipatu du Arantxa Bergarak: “orain arte, gurasoren batek ez bazuen zaintza partekatua nahi, orduan auzi-prozesua martxan jartzen zen. Lege berriari esker, nahikoa da batek eskatzea zaintza mota hori, epaileak onar dezan. Hori bai, epaileari plangintza egoki bat aurkeztu beharko zaio; zaintza partekatu hori nola burutu nahi den azaldu beharko zaio, eta hor epaileak adingabeen interesak errespetatzen dituzten baldintzak lehenetsi beharko ditu, talde psikosozial baten laguntzarekin”.

Lege zaharraren kalteak
Urtetan jorratu behar izan dituzte makina bat bikoteren banaketek familietan eragindako egoerak, eta pilatu duten eskarmentutik hitz egiten dute. Oso kritiko agertu dira urrian indargabetuko den legearekin, Arantxa Bergarak adierazi duen bezala: “oso gaizki egina zegoen legea. Orokorrean amek hartzen zuten haurren zaintza eta etxearen erabilera, harik eta haur horiek adinez nagusi bihurtzen ziren arte edo eta independentzi ekonomikoa lortzen zuten arte. Gauzak horrela, zer gertatzen zen? Banaketa krisi pertsonalen sortzaile zen familia horietan, eta amek, haurrei eta etxebizitzari eusten zieten pentsatuz horrek bizitzan egonkortasuna ekarriko ziotela. Amak eta aitak borroka latz batean sartzen ziren, eta haurrak irteten ziren galtzaile; haurrak erabili egiten zituzten bikote ohiaren kontra jartzeko”. Lege zaharraren filosofiak ikuspegi idilikoa zuela abiapuntu dio Juan Pousibetek: “Zera adierazten zen, gutxi gora-behera: ama etxean geratzen da, haurra zaindu eta hezteko ardura bete dezan. Beraz, fede onez gozatuko du etxebizitza. Errealitatea bestelakoa zen, ordea, sarri: amak bizimodu berri bati ekiten zion, eta goiz ala berandu, bere bikote berria etxebizitza horretan bizitzen jartzen zen. Era horretan, errealitatean, bikote berri horrek gozatzen zuen senar ohiarena ere bazen etxebizitzaz, eta ez hori bakarrik, baita honek hilero eman behar zuen pentsioaz”.
Familiaren etxebizitzan geratzen ziren ama asko denboraren poderioz nozitzen ari diren zorigaitza gogoratu du Arantxa Bergarak. “Azken urteetan, haurrak adin nagusikoak egin zaizkie, eta legez, etxebizitzaren likidazioa egitea egokitu zaie. 60 edo 70 mila euro lortu dituzte, baina horiek eskas egiten zaizkie etxebizitza berri bat erosteko; bankuek ez dizkiete kredituak eskaintzen, eta galduta geratzen ari dira. Senar ohiak, aldiz, banaketaren ostean etxebizitza utzi zutenetik egoera berrira moldatuta daude jada. Horrexegatik, emakume askori ez diegu aholkatzen formula hori. Erosotzat jo dezakete banandu osteko egoera berri hori, baina kaltegarria gertatuko zaie epe ertain edo luzera”.
Europako zenbait herrialde aurreratuetako epaileek eta adituek Espainiako Dibortzio legea aztertzen zutenean, harrituta geratzen omen ziren. “Ezin zuten ulertu nola gera zitekeen gurasoetako bat etxean eta bestea kalean. Lege berriaren arabera, epaileak, sententzia aditzera ematen duen une beretik epe jakin bat ezarriko du bikotearen ondarea -etxebizitza tartean- likidatua gera dadin. Ondorioz, gerta liteke haurra bizitokirik gabe geratzea, baina orduan estatuak babestu beharko du”.

Gastuak, partekatuta
Gai ekonomikoa aipatzen hasita, zaintza partekatuko lege berriak ekarriko duen beste abantaila adierazi du Pousibetek: “Hasiera-hasieratik, banatu diren gurasoek haurren gastuak partekatu egin beharko dituzte. Normalak direnak (jantziak, elikadura, hezkuntza, osasuna…), zein une jakin batean sor litezkeenak, denak partekatu beharko dira. Iraganean, elikagaien pentsioa ordaintzea ezartzen zitzaion aitari, 200-250 eurokoa izan zitekeena haur bakoitzeko batez beste; kopuru horrekin moldatu beharra zeukan amak haurraren gastuak ordaintzeko. Praktikan, aita haurrarekin astean bi arratsalde eta hamabostero asteburu bat igarotzera derrigortuta zegoen; gainerakoan arduretatik aske bizi zen, urrezko ezkongabe baten antzera”.
Dirutan merkeago aterako zaien usteagatik aldarrikatzen dutela zaintza partekatua leporatu izan zaie aitei maiz. Errealitatea desitxuratzea dela uste du Pousibetek. “Guztiz kontrakoa gertatuko da: zaintza partekatua askoz ere garestiagoa aterako zaie. Eskaera hori egin izan duten aitek, ondorio guztiekin bete nahi dute aitaren funtzioa; hori da beren benetako interesa eta ez besterik”.

Onura gehiago
Lege berriari onura gehiago ikusten dizkiote. Bitartekaritzaren printzipioak hartuko duen garrantzia azpimarratu dute denek ere. “Seigarren artikuluak dioenez, gurasoek familia-bitartekaritzara bideratu ahal izango dituzte beren desadostasunak, epaiketa heldu bitartean; behin epaiketa hasita, epaileak berak bitarteko horri heldu diezaioke. Bai Jaularitzak, bai epaitegiek eta baita gu bezalako elkarteek baditugu bitartekari taldeak. Eskarmentuak adierazten digu bitartekari talde bat profesional onek osatzen badute, lan txukuna egin dezakeela”.
Legeak atzera begirako eragina ere izango du. Hots, legea onartu aurretik banandu diren bikoteen kasuan ere araudi berria aplikatu ahal izango da, alde batek edo biek hala eskatzen badute.
Legeak PSEren abstentzioa eta Bilduren ezezkoa jaso zuen legebiltzarrean ekainean. Zaintza mota horrek, orain arte bezala, adingabearen interes gorena errespetatu gabe jarraituko zuela salatu zuen Bilduk. Ulergaitza egin zaie kritika hori Agipaseko kideei: “Gizartean sakoneko aldaketarik gertatzen  ez den bitartean, hots, gizonak aitaren rola ondorio guztiekin bere egiten ez duen bitartean horrelako legeak alferrikakoak direla adieraztea, hori ez da arazo zehatz bati irtenbidea ematea. Gero eta aita gehiago dira aitaren rola arduraz bete nahi dutenak, eta legea horiei gauzak erraztera dator”.

Herri ekinbide legegilea
Lehenbiziko aldia izan da euskal gizarteko elkarte edo mugimenduren batek, Herri Ekinbide Legegilearen mekanismoaz baliatuta, Gasteizko legebiltzarrera lege proposamena eramaten duena, eta eztabaiden ondorioz, onartzen dena. Euskadiko bananduen elkarteak biltzen dituen Kidetza izan da bultzatzailea, eta 80 milatik gora sinadura bildu zituen horretarako. Haustura hidraulikoa debekatzeko eskatzen duen “Fracking Ez plataforma” izan da legeak eskaintzen duen baliabide hori abian jarri duen bigarren ekimen herritarra. Handia izaten da gehienetan klase politikoaren eta gizarte zibilaren arteko koska, baina gizartea kontzientziatuz gero, tarte hori laburtu daitekeela  erakutsi dute bi ekinbide horiek.

Agipase, zerbitzu anitzeko elkartea
Antonio Barbado andoaindarrak urte mordoa darama Agipase elkarteko zuzendaritzan. Aitortzen du Gipuzkoako gizartean ez dela oso ezaguna elkartea; hala ere, “jendeak gure eginkizuna zein den jakiten duenean, esker oneko agertzen zaigu. Adibidez, herriz herri eta kalez kale ekinbide legegilearen aldeko sinadura bilketan jardun genuenean, egundoko harrera eduki genuen. Sinatzeaz gain, aurrera egiteko animatzen gintuzten askok; eta bitxiena zera zen, emakumeak zirela gehienak, amonak hain zuzen. Izan ere, aiton-amonei maizegi gertatzen zaie bikote bananduen bilobak ezin ikusi dituztela, eta oso mingarria egiten zaie egoera hori jasatea. Banaketa ez da kontu isolatua, gure gizartean ‘besteei gertatzen zaienak ’; uste baino gehiagori eragiten die, eta uste baino gehiagotan”.
Agipasek, kontsulta egitera etortzen zaion horri harrera egiteaz gain, zerbitzu ugari eskaintzen dizkie bere bazkideei. Aholkularitza juridikoa, arreta psikologikoa, aisialdirako aukerak... Denbora librea jorratzen duen taldea gidatzen du Barbadok. “Banaketa prozesua jasan duten pertsonek noraezean eta galduta topatzen dute euren burua hasieran, eta horiei zein gainerako bazkideei ere, egoki asko etortzen zaie halako erreferentzia edo heldulekua edukitzea. Denetik antolatzen dugu: mendira irteerak, txango kultural eta gastronomikoak... Bada talde berezi bat guraso eta euren seme-alabentzat begira sortu genuena, eta arrakasta beroa izaten du”.

agipase2@gmail.com
agipase.blogspot.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!