Oinarrizko euskara trebatzeko ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 17a, 10:25

Andoainen bizi den etorkin talde batek ezaugarri bereziak zituen euskara ikastaroan parte hartu zuen opor aurretik, Banaiz Bagara elkarteak antolatuta. Bi astetan zehar, goizero bildu ziren La Salle-Berrozpen, Edurne Arzelus irakaslearen ardurapean. Europa, Asia eta Afrikako ikasleak bildu ziren.

Honakoak, Moulay Ely Mohamed (Sahara), Mohamed Salek (Sahara), Rachel Manu (Nigeria), Maila Baalla (Maroko), Ruda El Grazi (Maroko), Yubaraj Thakuri (Nepal), Boyana Docheva (Bulgaria) eta Fatima Caño (Andaluzia).
Euskararen oinarrizko ikasketan murgildu ostean, beren herrialdeetan tipikoak diren jaki eta edariekin agertu ziren azken egunean, eta ikastaroari agur gozoa emateko ez ohiko festa ospatu zuten.  
Arzelusek adierazi duenez, "Helburutzat ez genuen jarri euskara ondo ikastea, oinarrizko komunikazio egoeratan txukun moldatu ahal izateko hizkuntz baliabideak eskuratzea baizik". Ostalaritzan lan egin dutenak edo egiten dutenak izan ziren ikasle gehienak, eta lan sektore horretara bideratu ziren ahaleginak. "Taberna batean sor litezkeen egoerak jorratu genituen: bezeroen eskaerak ulertzea, erantzun ahal izatea, edo eta taberna barruko antolaketako elkarrizketa txikiak egin ahal izatea, hala nola, "hartu plater hau", "eraman botila hori", "lagundu honetan edo beste horretan"...
Ostalaritzaren testuinguru horretan ematen diren egoerak simulatuz, esaldiak ahoskatzea, errepikatzea... izan zen ikastaroaren oinarria.

EUSKARAZ BIZITZEN HASTEKO
Motibazioa

Beren burua behartuta ikusten dute euskaran murgiltzeko, eta antzeko motibazioa eraman zuten gehienek ere ikastarora. Andoainen bertan euskara entzuten dute kaleetan, badituzte haurrak euskarazko ereduetan eskolatzen dituztenak... "Azken batean, kontziente dira euskararen errealitateaz. Konturatu dira euskara jakinda gizarte horretan egokiago integratuko direla eta gainera, errazago topatu ahal izango dutela lanpostua".
Ikastarora oso gogotsu joan dira ikasleak, Arzelusen esanetan: "egunero zeozer gehiago ikasi nahia agertu zuten, ulertzea kostatzen zitzaien horri buruz galdetzeko interesa agertzen dute beti".
Ikastaroak oso filosofia baikorra erabili duela egunez egun, aitortu du Edurne Arzalusek: "ikasteko zer falta zaigun begiratu beharrean, ikasi dugun gauza txiki horretan zentratu gara. Dakiguna erabiliz eta baloratuz gero, gehiago ikastera motiba daiteke pertsona bat. Ezin dut ondo ikasi horrek azkenean edonor blokeatu besterik ez du egiten, eta hobe da baztertzea".

ESALDI LABURRAK
EGUNEROKOTASUNEAN

Esaldi edo hitz bakar bat egunean ikastea, pauso handia izan daitekeela azpimarratu du Arzelusek. "Ikasitako gauza funtzional txiki hori egunero erabiltzeko konpromisoa hartzen badute, esaterako, kafea euskaraz eskatzen badute, eta ohitura bihurtzen badituzte horrelako ekintza txikiak, goiz ala berandu helduko zaizkie emaitzak. Ikusten badute beren burua kapaz dela bere ingurukoekin harremana izateko, zure haurrarekin, beste gurasoekin, bizilagunarekin... gutxieneko maila batekin, animatuta sentituko dira aurrera egiteko".

ZAILTASUNAREKIKO AURREIRITZIAK
Tertulia politak egiteko aukera eduki dute ikastaroak iraun duen denboran, eta besteak beste, euskara ikasteko zaila dela dioen uste horren gainean hausnarketa egiteko para eduki dute. "Guztion iritziak kontrastatu egin ditugu, eta ohartu gara aurreiritzia dela hein handi batean; uste hori gaztelania besterik ez dakienak zabaldu duela maiz. Munduan zehar ibili denak eta hizkuntza bat baino gehiago ikasi duenak –eta hori da ikastaroko partaideen kasua, gehienetan–, igual alfabeto berri bat ikasi behar izan du (txinera, japoniera...), eta alde horretatik euskararekin egina daukazu lan hori. Egia da euskara jatorri ez indoeuropearreko hizkuntza den aldetik, errazago egingo zaiola espainiera frantsesa ikasi duen atzerritar bati. Baina hizkuntza bezala, objetiboki, ez daukala zailtasun berezirik aitortzen zuten askok; aditzetan oso erregularra dela, besteak beste. Taldeko Yubaraj Thakurik une batean adierazi zuen baikortasuna eta borondatea da gehien kontatzen duena, azken finean: bere ama hizkuntzatik abiatuta, beste zenbait hizkuntza ikasi ditu Europan. Bizipen pertsonal hori kontuan hartuta, zergatik ez da, bada, euskara ikasteko gai izango?".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!