Aurreko ostiralean hil zen Iñaki Aranzadi, eta albistea azkar hedatu zen urnietarren artean. Urte luzetan apaizak harreman sare zabala osatu zuen, eta horregatik bere heriotza oso sentitua izan da. Ostiral horretan bertan, iluntzean bildu zen San Balentin taldea deitzen diotena. Azken agurrean zein modutara parte hartu, horixe zuten helburua.
EErregeen kabalgatarako Iñaki Aranzadik guraso talde bat elkartu zuen aspaldi, eta esperientzia bikain irten zela eta, urtean behin mahaiaren bueltan bilkura egitea adostu zuten. San Balentin eguna aukeratu zuten bilkurarako, erregeen kabalgata amaitu eta hilabete eskasera. Horien artean aurki daitezke Rosa Elosegi, Joxe Ramon Jauregi, Maripi Sarasola edota Baxi. Aiurrik herritar horien bitartez urnietarren ahotsa jaso nahi izan du.
MENDIZALETASUNAREN SUSTATZAILEA URNIETAN
Hamarkada batzuk atzera, Rosa Elosegik oso gertutik ezagutu zuen Iñaki apaiza, harekin batera haurrei doktrina emateari ekin zioenean: “Gazteei doktrina ematen hasi ginen, eta besteak beste mendira eramaten genituen”. Joxe Ramon Jauregik apaizaren ezaugarri guztietatik horixe bera nabarmendu nahi du, “herriko gazteak zortekoak izan ziren Iñaki bezalako apaiza gertu edukitzean. Hark urnietar askorengan mendizaletasunarekiko grina piztu baitzuen”. Jauregik bereziki apaizarekin batera Ozako oihanean antolatzen zituen kanpaldiak gogoan ditu, “herriko gazte askok Iñakiri esker Pirinioak ezagutzeko aukera izan zuten”. Gaueko izarrak ikusten, naturarekiko maitasuna sustatzen zuten une horiek datozkio gogora egun hauetan.
EGUNEROKOTASUNERA ERAMAN OHI ZUEN EBANJELIOA
Taldearen izenean nolabait, hileta elizkizunean hitza hartu zuena Maripi Sarasola izan zen: “Gizon handi bat zen, baina handitasun horretan oso apala. Oso gertukoa zen, xumea. Ezagutu zutenek dakiten bezala oso umezalea zen, plazako ume guztiek ezagutzen zuten. Euskaltzalea zen, euskara oinarri izan du bere bizitzan. Bertsozale amorratua, hiletak edo bazkariak beti bertso batekin amaitzen zituen”.
Fedeari dagokionez, Sarasolak haren aldetik laguntza handia jaso zuela aitortu du: “Erreferente bikaina izan da. Ebanjelioaren mezua liburuetan topatzen genuen, eta Iñakiri esker ebanjelioa egunerokotasunean bizi izan dut. Fedeari zentzua aurkitzen laguntza handia eman zidan. Gure belaunaldikook jaso genuen heziketa klasikotik aldenduta, ikuspegi berri bat ematen lagundu zidan. Egiten dudan horri zentzua ematen”. Oso gertuko izatera iristen zen Iñaki.
Sarasolak eliza ireki baten alde egin zuen lana nabarmendu nahi du. Eta gizarte mailan ere “Iñakiren bere inplikazioa oso handia izan da. Beharrean zegoen jendeari laguntza handia eman dio, laguntza jasotzen zuen hori sinesduna izan ala ez. Laguntza emateko garaian bereiztasunik ez zuen egiten”.
Deskribapen horretan bat egiten du Rosa Elosegik ere. “Nik bere kristautasuna diferentetzat hartu dut beti, pobreen alde lan egiteko prest agertzen zen beti. Jesusen bizitza beretzat gakoetakoa zen. Ez zion ikusezina zen Jaungoikoari asko erreparatzen, Jesusen alde gizatiarrari baizik. Eta hori bere egunerokotasunean erakutsi zuen. Bere gizatasuna ikaragarria zen. Jesusen bizitza transmititzea bere egunerokotasunera eraman zuen. Laguntza ematea eguneroko jardueratzat hartzen zuen. Eguneroko bizitzan erakutsi nahi zuen hori, berdin zion zein jatorri edo pentsamendu zuen”.
Urnietan hainbeste urte eta gero, herrikideek 2010ean omenaldia eskaini zioten. Rosa Elosegik ondo ezagutzen zuen eta bere ustean “ikaragarri ondo egin zion omenaldiak. Xumea izan zen bere bizitzan, baina herrikide asko ikusi zituen alboan. Horietako askok gogora ekarri zizkioten elkarrekin bizi izandako hamaika pasarte. Omenaldiak berari on egin zion, energia erantsia eman zion horrek. Oso gustura bizi zen Urnietan, urnietarrekin. Berak urteetan eman ziguna hortxe azaldu zen, eta esango nuke egun horretan jaso zuela aitortzarik handiena: herritarrena”.
HARROKERIA GUTXIKO PERTSONA
Baxi herrikidea San Balentin taldearen sorrera azaltzearekin batera, Iñaki Aranzadiren izakera osatzen lagundu dio Aiurriri: “Urnietan kabalgata martxan jartzeko taldea sortu genuen, eta lanak amaitu eta gero baten batek egindakoa bere horretan geratuko al da? bota zuen. Eta horrela San Balentin egunean afaria egin genuen. Geroztik urtero egun horretan biltzen gara, afarirako. San Balentin taldea garela esango nuke”.
Iñakiren izaera eta bere afizioak ondo baino hobeto laburbiltzen ditu Baxik: “Harrokeria gutxiko pertsona zen, oso xumea. Guregan eragin handia izan duen pertsona da, alor askotan lezio asko eman dizkigulako. Askok berarekin afizioetan bat egiten genuen: perretxikozalea, bertsozalea eta mendizalea zen. Behin erdi gaixo etorri zen gurekin mendira. Garai hartan motel zebilen, baina mendia ikusten zuenean piztu egiten zen. Tartea zuenean mendira jotzen zuen, harentzat mendia terapia handia zen. Bertsozaletasunari dagokionez, Xalbador erabat markatu zuen bertsolaria izan zen. Maiz izaten zuten aipagai, eta bere kantuak askotan erabiltzen zituen. Zaletu amorratua zen.
Iñakik bere inguruan talde ezberdinak zituen, jendearekiko harremanak egiteko dohai hori bazuen. Apaiz ezberdina zen, oso gertukoa. Gizon handia, asko erakutsi digu eta estimatzekoa da Urnietara etorri izana”.
AGUR IÑAKI
Urnietako EAJ-PNV
“Iñaki Aranzadi 30 urtez Urnietako parrokoa izan denak betirako agur esan digu. Gaixotasunari ezin gehiago aurre egin eta irailaren 11n joan zitzaigun betirako. Fisikoki joan. 30 urte luze hauetan Urnietan erein duzun haziak bertan iraungo baitu denbora luzean. Elizaren, urnietarren eta herriaren alde lan handia egin duzu. Ikusi besterik ez zegoen larunbata arratsaldean hiletara etorri zen jende mordoa.
Agurrak ez dira inoiz gozoak izaten, baina Iñaki elizatik ateratzen ari zinen momentuan, herritarrek eskaini zizuten txalo zaparrada beroa, sentitua, barru barrutik eskainitakoa, hunkigarria izan zen. Negar malkorik isuri ez zuen gutxi izango zen.
Iñaki, hori eta gehiago merezi duzu. Seguran jaio, Hernanin urte mordoa egin baina dedikaziorik gehiena Urnietan eman eta Urnietan geldituko zara. Euskalzale amorratua; bertsolaritzaren maitalea; mendira joatea eta perretxikoak topatzea gogoko zenuena; umeak eta hauei eskaini beharreko hezkuntza ezinbestekoa zenituena. Tertulia kide ederra, hitz egitea nahiz entzutea gustoko zenituelako.
Urnieta eta urnietarrak saiatuko gara merezimendu osoz irabazi dituzun errekonozimenduak egiten, baina sekula ez dizugu itzuliko herriari eskaini diozun guztia.
Eskerrik asko. Agur Iñaki. Egun handira arte.
Agur eta ohore Iñaki lagunari
Urnietako EH Bildu
“Iñaki laguna joan zaigu, eliztarrak direnentzat seguru bete ezin den galera dela, baina ezin ukatu herrigintzan gabiltzanentzat ere, sinestun izan edo ez, galera nabarmena dela. Nahiz eta apaizgintza zuen bere bizitzako ardatz, euskal kulturgintza eta gizartegintzaren inguruan eman zuen bizia. Gizon handia zen, bere xumetasunean.
Elkartasun handia adierazi zuen bere bizitza guztian zehar, ezeren gainetik solidarioa zen Iñaki. Ondo adierazi zuen politika neurri jasangaitzak izan direnean ere.
Ezberdintasun guztien gainetik, eskerrak ematea besterik ez dugu.
Agur Iñaki, gogoan izango zaitugu”.
Pater
Andoni Urbistondo
Gizaseme handi bat agurtzeko hitzak dira hauek. Handia garaieraz, adimenez, bihotzez, eta noski, arimaz. Iñaki Aranzadi Urnietako apaiza. Pater niretzat. Txantxetan hasi nintzen horrela deitzen, Kantoi tabernako txirrindularitza, mendi edo onddo kontuetako solasaldi luzeetako batean. Berak ‘periodista’ eta ‘tenporas’ esaten zidan. Jainkoaren ordezkari, ofizialki. Herriaren ikur eta zerbitzari. Denen lagun, inoren aurkari. Herriaren apaiza.
Denentzat zuen belarria, begia. Bertakoa, kanpokoa, euskalduna, afrikarra, katolikoa edo musulmana izan. Eskuzabala muturreraino. Justua. Botere eta hierarkia deserosoei aurre egiten ziena umiltasunez, umoretsu. Bihotzean eraman zituen beti Segura jaioterria, Hegoamerikako gaztetako abenturak, Otzaurte onddo paradisua eta Aizkorri, bere mendi kuttuna. Azken arnasa hartu arte.
San Adriango aterpean ezagutu nuen lehen aldiz Iñaki. Hecho bailarako mendiak ahotan zituela gozatzen zuen. Eta Giroko etapa menditsuak ikusten. Oianumeko bertso afarietan loari eutsi ezinda. Aiurrin bere bizipenak eta jakituria zabaltzen. Urnietan, bere herrian hiltzea izan omen zen bere azken desioa. Urnietarrona haren oroitzapena bizirik mantentzea.
Gizon haundia
Jon Unanue
Ez dut uste inoiz erabili dudanik esapide hori inori buruz hitz egiterakoan, baina, joan den ostiral arratsaldean, whatsapp bidez Iñakiren heriotzaren berri eman behar izan nuenean, horixe sortu zitzaidan, barru-barrutik: gizon haundi bat hil da, Iñaki Aranzadi.
Nik Iñaki orain hamazazpi bat urte edo ezagutu nuen, plaza aldera bizitzera igo ginenean, eta geroztik plazan maiz egiten baikenuen topo, elkarrizketa gutxi batzuk nahikoa izan nituen sumatzeko gizon hark bere baitan gordetzen zuen aberastasuna. Zer zen, baina, aberastasun hori? Jakituria? Zintzotasuna? Jatortasuna? Apaltasuna? Zalantza izpirik gabe, oso jakituria handikoa zen, baina ez zuen berehalaxe azaltzen. Besteek zeukaten, bere solaskideek azaltzen zioten egia ezagutu nahi izaten zuen aurrena beti, eta gozo-gozo hartuko zintuen, hizketarako gaia aterako zuen, entzungo zizun behar beste eta gero etorriko zen bere iritzia, bere ikuspegia. Eta hortik aurrera, elkarrizketa nahi beste luza zitekeen...
Gizon argi eta burutsua, inork ez bezala itsatsi zidan hainbat pentsamendu eta jokamolde gogoan, baita bihotzean ere. Edozein gairi helduko zion, baita arantzatsuenei ere, gogozabaltasun handiz. Beti begirunez eta zuhur hartuko zintuen, irribarre batekin, baina gaiaren arabera bazekien haserretzen, haserreak gutxi iraungo bazion ere. Inoiz ez zidan galdetu zergatik ez nuen parte hartzen Urnietako kristau elkartean, bai baitzekien gaztaroan ordu asko elizan ibilitakoa nintzela; inoiz ez zidan galdetu gure seme-alabek zergatik ez zuten Jaunartzerik edo Kristau-ikasbiderik egin... Eta beti aurkitu nuen prest hizketarako, solaserako, eztabaidarako, ahal zuen laguntza emateko... Eta beti prest bere jakintza eta eskarmentuak agintzen zion aholkua eskaintzeko...
Gezurra esango nuke aitortuko ez banu gai batzuekiko begiak zabaldu zizkidala guztiz; maiz bere jokabideak harritu egin ninduela; Ebanjelioaren egia, ebanjelioaren etika lehenago inoiz ez bezala ulertu eta gogopetu nuela Iñakiren irakatsiei esker.
Aurrerakoia, alaia eta bertsozalea, umore onik ere ez zuen falta, ez horixe.
Bere kezkarik biziena haurrekikoa zuen; haurrak ikusten zituen mundu honetan babesgabeen eta haiek maitasunean nola hezi zuen buruhaustea. Horri buruz idatzi zituen bere azkeneko artikuluak Aiurrin eta horri buruz ere eman zidan irakatsi handirik, inoiz ahaztuko ez dudana.
Gaixotasunak hartu zuen azken urteetan, baina lanari eutsi zion; esan bezala, Aiurrirako hainbat lan idatzi zuen eta beste mordoska bat dugu oraindik esku artean argitaratzeko, apurka-apurka argia ikusiko duena bere oroitzapena laguntzeko.
Berarekin izan nituen solasaldiak gordeko ditut betirako gogoan, horiek bai perlak!! Hasieran hainbat konturekin ez nintzaion ausartuko, baina azkenerako honetaz eta hartaz gogokidetasun osoz hitz egiten genuen. Urnietako elizari eta eliz-elkarteari, hirurehun urteko hautsak eta ohikeriak kendu zizkion Iñakik gainetik hogeita bost urtetan zehar, eliza eta elkarte hori biziberritzearren.
Berak, jakina, baztertu egingo zituzkeen nik gaur hemen egin dizkiodan laudorioak eta eskuak burura jasoko, apur bat eskandalizatuta, apur bat lotsaz, eta izkin egingo luke desagertzeko. Baina Iñakik itzaliko ez den itzala izan du, luzea, trinkoa, babeslea, artzain on bati, artzain onari dagokiona. Itzal horren babesa izango dugu urteetan!