Larrauldarrek hirigintzarekin lotutako zalantzaren bat badute, arkitektoarekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute hemendik aurrera; zerbitzua zuzenagoa izateko asmoz, arreta zerbitzua eskainiko baitute udaletxean. Ebak azaldu duenez, jende asko gerturatu ohi da udaletxera galderak egitera, baina ez dizkiote zuzenean berari egiten, idazkariari baizik. “Bitartekaritza lan hori ekiditeko eta komunikazioa azkarragoa eta zuzenagoa izateko arreta zerbitzua eskainiko dugu”, azaldu du arkitektoak.
Obra txikiak egiteko dokumentazioa ekartzea, obra bat ondo dagoen edo ez ikustea, urbanismoarekin lotutako lanak burutzea… Zuzenean arkitektoarekin egitea “eraginkorragoa eta azkarragoa” izango dela uste du: “Dokumentazioa ekarri behar dutenetan, adibidez, ohikoa izaten da paperen bat, planoren bat edo argazkiren bat ahaztea”, adierazi du. Horrelakoetan, Ebak zuzenean esango die zer falta den, gehiago itxaron beharrik gabe.
Araudia betearaziz
Herritarrei egitasmoak aurrera eramaten laguntzea eta bideratzea da helburua. “Jendeak uste du bere etxean edozein gauza egin dezakeela eta ez da horrela”. Horregatik, araudia betearaziko die Ebak: segurtasun baldintzak, bizigarritasun baldintzak, alboko lursailarekiko mantendu beharreko distantziak… Guztia errespetaraziko die, orain arte egin duen moduan.
Gaur egun, Larraulen etxe berriak egiteko aukera agortuta dago; ondorioz, orain egiten diren obrak txikiak izaten direla dio: teilatuen eraberritzeak eta fatxadaren konponketak, besteak beste. Lanak txikiak izanagatik ere, arauak bete egin behar direla eta herritarrek horiek ezagutzea ezinbestekoa dela azpimarratu du arkitektoak. “Herri txikia da eta ikusten da gauzak ondo eginda dauden ala ez”, gaineratu du.
Kasu batzuetan, herritarrekin tirabirak izaten dituela aitortu du: “Denek beren buruari begirako eta beren onurarako obrak egiten dituzte. Baina, araudia betetzeko dago eta aldaketak arautu egin behar dira, bakoitzak nahi duena egin ez dezan”. Betetzen ez den kasuetan, herritarrei aurka egitea zaila izaten dela aitortu du, polizia lanak egiten dituen sentsazioa izaten duelako: “Ni ez nago inor zelatatzeko, araua betearazteko baizik. Herritarrei ezezkoa esatea zaila da; zerbait ulertzen ez duenean, eztabaida ekarri dezakeelako”.
Herritarren eskura
Honenbestez, herritarrek zalantzaren bat badute, baimenen inguruko informazioa behar badute edo, oro har, arkitektoaren aholkuren bat nahi badute, udaletxera jo dezakete astelehen goizetan. Telefonoz edota aurrez aurre hitz egin dezakete Ebarekin. Aurrez aurreko kasuetan, aurretik udaletxera deitzea gomendatu dute, Eba beraiekin biltzeko moduan dagoen ziurtatzeko. “Ez dut uste Larraulen herritar asko batera agertuko denik, baina badaezpada, komeni da aurretik hitzordua eskatzea, posible baita udaletxetik kanpo egotea”, jakinarazi du.