Gazteentzako eskaintza zabala Goiburu Golf-en

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 17a, 09:38

Irailaren 19an hasiko da Goiburu Golf eskolako ikasturtea. Kirola probatzeko deia luzatu du Kepa Etxezarreta presidenteak.

Ikasturtea hastearekin batera, ikastaroak ere martxan jarri dira eta hala egingo du Andoaingo Goiburu Golfeko infantilen ikastaroak ere. Heldu zein haurrentzako eskaintza anitza dute klubean; haurrei dagokienez, urte osoko ikastaroak eskaintzen dituzte 4 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Bakarka edo taldeka; nahi duten erara aritzeko aukera dute.
Haur askok inoiz jokatu ez dutenez, proba egiteko deia luzatu die Kepa Etxezarreta presidenteak. “Etor daitezela egun batean Goiburura eta ikus dezatela gustuko duten ala ez”, gonbidatu ditu. Beren kabuz etortzen ez direnekin ere gogoratu ohi dira klubeko langileak. Izan ere, lehengo urtean, eskolen bidez golfa eskaintzeko pausoa eman zuten. Horrela, eskolaz kanpoko ekintzen artean, golfa eskaini zuten lehenengo aldiz. Harrera ona izan zuen, 7-10 urte bitarteko haur talde bat animatu baitzen astean egun batez golfean jokatzera.

Golfa haurrengana gerturatuz
Futbola, saskibaloia…, oso ohiko kirolak dira gaztetxoen artean. Golfak, ordea, ez du horrenbesteko indarrik. Horregatik, ikastaroez gain, kirola sustatzeko beste hainbat bide erabiltzen ditu Goiburu Golf-ek. Eskola orduetan bertara joateko proposamena luzatzen diete Andoain eta inguruko herrietako eskolei, haurrek kirola ezagut dezaten. Horrez gain, Goiburuko instalarazioetara txangoak egiteko aukera ere ematen diete: “Eskoletako kirol-programetatik at dagoen kirola denez, haurrei praktikatzeko aukera eman nahi diegu irteeren bidez. Honela, eguna pasatzera etortzen dira eta taldeka, ordu eta erdiko saioak egiten dituzte”.

indarra hartzen ari den kirola
Kepa Etxezarretaren ustez, urteen poderioz, gero eta normalizatuagoa dago golfa praktikatzea. Elite mailako kirol bezala ikusi bada ere, muga edo mito hori gainditzen ari dela eta jendea gerturatzen ari dela uste du. 16 urte daramatza Goiburu Golf Klubak lanean eta urteetan aldaketa nabarmena gertatu dela adierazi du: “Oraindik ere aberatsentzako kirola dela uste dute batzuek, baina askok ikusi dute beste edozein kirol praktikatzea bezalakoa dela”. Dena den, oraindik ere haurrei golfera gerturatzeko ardura dutela dio: “Gazteei, helduei eta eskolei erakutsi egin behar zaie golfa denontzako moduko kirola dela”.

Norberaren erronka
Futbolean edo saskibaloian ez bezala, golfean ez dago talderik, bakarka jokatzen baita. “Bakarka, baina inoiz ez bakarrik”, azaldu du Kepak, “jokalaria beti egongo baita aurkariarekin zelaian”. Eskupelotarekin alderatu du golfa, zelaiaren ordez frontoia eta makilaren ordez eskua dituen arren, jokalari baten erronka baita partida irabaztea. Horrelako kiroletan, ardura osoa norberarengan dagoela dio Kepak, eta golfaren kasuan, kontzentrazio handiko eta zailtasun tekniko handiko kirola dela gaineratu du: “Kanpotik oso erraz ikusten den arren, kirol zailenen artean kokatzen da”. Beraz, kirola probatu nahi duenak nahikoa izango du instalazioetara gerturatuta. Izena eman nahi duenak telefonoz, eskolaren bitartez edota Goiburura gerturatuta egin dezake.

Espainiako Golfeko Klub onenaren saria, Andoainera
Andoaingo Goiburu Golf Klubeko infantilen taldea Espainiako txapeldun izendatu dute. Urtero, estatuko klub guztien arteko torneoa jokatzen da eta talde bakoitzeko lau kirolarik elkarren aurka jokatzen dute.
Udara honetan 40 talde inguruk jokatu dute, bi eguneko torneoan: abuztuaren 26 eta 27an, Andaluzian. Andoaingo Klubeko Joseba Garmendia (Andoain), Amaia Ubide (Hernani), Oihana Etxezarreta (Donostia) eta Tomas Begiristain (Tolosa) izan dira garaile. Pozarren daude gazteak eta Kepa Etxezarreta presidentearen ustetan, maila altua dutela erakutsi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!