Haritz Mujika eta Beñat Iguaran Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioan arituko dira, Beasainen igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa Beasaingo Usurbe antzokian jokatuko da irailaren 20an, igandean, 17:30etatik aurrera. Aiztondo bailarako bi bertsolari arituko dira lehen txanda horretan: Haritz Mujika asteasuarra eta Beñat Iguaran amasarra. Haiekin batera, Ane Labaka, Jon Maia, Iñigo Mantzizidor “Mantxi” eta Eli Pagola. Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai:

Final zortzirenetako saioa da Beasaingoa eta bertan irabazten duen bertsolaria urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenetako saiorako sailkatuko da zuzenean. Gainerakoek fase osoko puntuazioen zain egon beharko dute.

Fase honetako gainerako saioetan bezala, honako lana egin beharko dute sei bertsolariek:

·       Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.

·       Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.

·       Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.

·       Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.

·       Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan. Egun berean, Beasaingo Usurbe antzokiko leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai sarrerak.

Osotara, final zortzirenetan sei saio jokatuko dira aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Beasaingoaren ondotik, Azpeitia, Lasarte-Oria, Elgoibar, Arrasate eta Andoainen izango dira fase honetako saioak. 36 bertsolari ariko dira final zortzirenetan eta horietatik hogeita hiru sailkatuko dira final laurdenetarako.

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren inguruko informazio osoa www.bertsozale.eus webgunearen barruan dagoen atal berezian dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!