"Pasa den larunbatean, irailaren 12an, bolbora usain eta tiro-hotsak izan ziren protagonista gure herriko kaleetan zehar. 1837an karlista eta liberalen artean gertatutako liskar bortitzen antzezpenaz disfrutatu ahal izan genuen andoaindarrek. Ikuskizun bikaina eskaini ziguten antzezleek.
Udal gobernutik gure zorion-agurrik beroena eskaini nahi diegu antolatzaileei. Herriko hainbat elkarte eta talde horrelako egitasmo indartsuan elkarturik ikustea oso poztekoa da. Halako ekimenetan eta herrian antolatzen diren bestelako egitasmoetan ikusten denez, gure herriak sekulako kultur emaria dauka; zentzu horretan, oso eskertzekoa da Manuel Larramendi Kultur Bazkuna bezalako elkarteak antolaketa, zuzendaritza eta gidaritzaren lan mardula beregain hartzeko prestu egotea.
Ikusten denez, herrian sorburu duten ekimenek sona handia eta harrera ona dute herritarren artean, eta etorkizunean ere, hala izatea espero dugu".