Pedro Unanue Udaleko lehen alkate-ordea eta Zerbitzuak saileko arduradunari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 11a, 12:19

Pedro Unanue Andoaingo Udaleko lehen alkate-ordea eta Zerbitzuak saileko arduradunak datozen hilabeteotan ur hoditeriaren arazoari irtenbidea eman nahi dio, gainerako alderdi politikoen adostasunarekin. Abuztuko matxuren ondorioz, gobernu taldeak arazoa azaltzeko agerraldia egin zuen.

Elkarrizketa:

Arazoa errepikakorra da azken aldian. Ur hoditeria zaharkitua dela jakinda, bizilagun asko arazoa konpontzeko zeren zain zaudeten galdezka arituko dira.
Pedro Unanue. Irtenbidea hoditeriaren goitik beherako berrikuntzarekin iritsiko da. Aurreko agintalditik arazoari heldu nahi izan diogu, lehenagotik ere badatorrena. Ur Kontsortzioari zerbitzu osoaren kudeaketa uzteko saiakera egin zen, baina ez zen akordiorik izan. Eta horri Udaleko egoera ekonomiko larria erantsi behar zaitzaion, inbertsioak egiteko zailtasunekin.
Akordiorik ez da lortu denbora tarte horretan, eta zoritxarrez gauden egoeran gaude orain.

Hainbeste matxura jarraian zeren ondorio da?
P.U. Iraganean ez ziren hoditeria berritzeko lanak hartu. Bere garaian, ura Leitzaranetik hartzen zenean, ura herriarena zen eta zerbitzuak ematen zuen irabaziarekin hoditeria berritzen hastea zuhur jokatzea litzateke. Ez zen hori egin, eta orain utzikeria horren ondorioak nozitzen ari gara.
Ibiurren sartu ginen, egoera bitxian: ur zerbitzu berria jasotzen hasi ginen, hoditeria zaharkitua genuen bitartean.

Aurtengo urtarrilean espero al zenuten denbora tarte honetan 20 matxura izatea?
P.U. Ez. Baina geroz eta gehiago egongo direla esan dezaket. Eta arrazoia oso sinplea da: hoditeria geroz eta zaharragoa da. 50 urte inguru du. Gaur bertan –irailak 5– Ondarretan beste matxura bat izan da.

Hoditeria berritzeko adostasun politiko falta aipatu duzu hasieran. Orain arte egon ez den adostasuna lortuko al da orain?
P.U. Ez dago beste irtenbiderik. Lehentasunezkoa da, ez gobernu taldearentzat, herri osoarentzat baizik. Bost alderdi gaude ordezkaritza ezberdinarekin. Ezezkoak ez du balio, desadostasunen aurrean alternatibak proposatu beharko dira. Gaur egun proposamen ezberdinak lantzen ari gara, ea aurrera egiten dugun. Eta, bestela, ados ez dagoenak aurkez dezala alternatiba bat.

Zeintzuk dira proposamenak?
P.U. Bi alternatiba ikusten ditugu, Ur Kontsorzioari zerbitzu osoa esleitzea edo ur-hoditeriaren aldaketa udaletik kudeatu, horretarako finantziazio bide ezberdinak –maileguak, dirulaguntzak eskatu...– aztertuz.

Hoditeria zaharkituaz gain, ur presioa ere hizpide izan zenuten.
P.U. Presioa mugatzeko ikerketa abiatu dugu. Ur biltegia Andoaingo gaialdean dago, eta herrigunean zerbitzua eskaintzeko presioa tokiaren arabera ezberdina da. Ikerketa horri esker ur presioa zein tokitan jaitsi daitekeen jakin ahal izango dugu. Hoditeria zaharra izatean, gehiegizko presioaren eraginez hodiak lehertu egiten direlako.

Neurtuta al daukazue metroetan, orain arte konpondutakoa?
P.U. 750 metro berritu dugu azken lau urteetan: 150 metro Ama Kandidan, 100 Bertxinen, 30 Olagainen, 100 Goiburun, 140 Kale Berrian, 150 Gudarien etorbidean. Beste konponketa txikietan 80 metro gehiago. Ur sarea bere osotasunean 5560 metrokoa da. Teknikariek arrisku gehien 1815 metrotan ikusten dute, horiek aldatzea premiazkoa da. Berrikuntza horretarako 2 milioi euro beharko genituzke.

Kalteak gutxitzeko ezin al da neurririk hartu? Abuztuaren 29ko matxuraren ondorioz, esaterako, hainbat gunetan ordu luzez ur zerbitzurik gabe geratu ziren.
P.U. Eremuaren eta matxuraren arabera izaten da. Kale Nagusikoa gertatu baina egun batzuk lehenago, Gudarien etorbidean hoditeriaren 21 metro aldatu genituen oso denbora tarte txikian. Zergatik? Tarte garbia delako, ez zegoen gas eta argindar sarerik ondoan. Kale Nagusian, aldiz, etxebizitzak daude eta gas hoditeria ere lur azpitik doa. Argindarra ere bai. Zereginak biderkatu egiten dira: farolak kendu behar dira, gas zerbitzuaren teknikariari deitu behar zaio, eta matxura konpontzeko eskuz lan egin behar izaten da. Horrelako tokietan, gainera, gauez ezin da lanik egin tresneriak soinu handia ateratzen duelako. Zaraten arauditegia errespetatu behar dugu.
Ur mozketaren iraupena murrizte aldera, Kale Nagusian egun hauetan hoditeria berritu eta giltza modukoak ipiniko ditugu, ur mozketen aurrean ahalik eta eremu txikienari eragiteko.

Ur hoditeriarena zeregin garrantzitsuena al da zure sailarentzat?
P.U. Hasteko eta behin, kezkatu egiten gaitu. Herritar eta agintari bezala kezkatu egiten nau. Udal langilegoari eskerrak eman behar dizkiogu. Matxura sortu eta berehala etortzen dira.
Arazo handi bat da, bai. Ezin gara lasai ibili. Lehendik datorren arazoa da, eta konponbidea orain aurkitu behar diogu.
Ur azpiegiturarekin batera, argiteria berritzea izango da gure erronkarik handiena. Andoainen ikerketa egin genuen, eta lehiaketa martxan jarriko dugu laster. Goitik behera aldatuko dugu argiteria azpiegitura, eta berritzearen faktura aurrezten dugun diruarekin ordainduko da.
Argiteria sistema berriarekin %74 aurreztuko dugu fakturan, eta inbertsioa aurrezten dugunarekin ordainduko dugu. Efizientzian irabaziko dugu, eta eguraldiaren gorabeheren arabera argindarra handitzeko aukera izango da. Adibidez, zebra bideetan eguraldi kaskarra egiten duenean.
Berrikuntzarekin puntu beltzekin amaitzea espero dugu, bide batez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!