Urnietako Herri Bira aurpegia eraberrituta dator. XIX. Ekitaldia osatuko da larunbat arratsaldez, baina aurten elkarte sortu berri baten laguntza jasoko du udaletxeak: Korrikalaris a tope 8.0 izena eman diote elkarteari, eta azken ekitaldietan Herri Bira tantaka galtzen ari zen parte hartzea iraultzea dute asmoa. Udaletxeari antolakuntzan laguntzea proposatu zioten udaberrian, eta orduan hasi ziren lanean. 20 bat kide ditu elkarteak, eta euren izenaren jatorriak azalpen erraza du. Igande goizero, 08:00etan, Erratzuko zubian hitzordua egiten hasi ziren, korrika saioa egiteko. Hortik euren izena.
Herri Birak kokapen ezin hobea dauka egutegian. Behobia-Donostia lasterketa ezaguna korritu baina bi hilabete lehenago, eta abantaila horri etekina atera nahian hainbat nobedade izango ditu probak. Herrian barrena tarte luzeagoa osatuko du, jendeak korrikalariak gertutik ikus eta anima ditzan. 5 kilometroko zirkuitua osatu dute, eta helmuga herriko bihotzean izango da, Aballarri eta Guria tabernen parean, Idiazabal kalean.
Zirkuitoa honakoa izango da: Idiazabal kaletik jubilatuen biribilgunera. Handik San Juan kalera, eta Aranzubin barrena Azkorte kalean aurrera, Geltoki kaletik jaisteko. Isidro Setien kaletik Erratzu zubiraino joan beharko da eta handik Igerategi baserriraino. Han buelta hartu, berriro Erratzuraino, eta industrialdean Elketako zubiraino. Han itzuliko bidea hartu beharko da berriro, Erratzu zubiraino, eta Santa Leokadi eta Geltoki kalean barrena, San Juan plazaraino. Mojen ikastetxeko aldapan behera Etxeberri auzora eta Idiazabal kalera jaitsi beharko dute korrikalariek, Goi Mendi taberna parean, eta handik helmugaraino, 300 bat metro errepide nagusitik.
Hiru proba antolatu dituzte. Korrikalarientzako 5 eta 10 kilometroko bi proba. Bi horiek 18:00an hasiko dira. Aurrez, 17:30an, nordic walking diziplinako proba egingo da, 10 kilometrokoa (zirkuitoari bi itzuli). Azken urteetan 100-150 lagunekoa izan da parte hartzea, baina antolatzaileak askoz kopuru handiagoa espero dute etziko ekitaldian. Nordic walking probarako 100 bat parte hartzaile espero dituzte, eta korrika saioko bi probetan, 300 laguneko kopurura hurbildu nahi lukete. Izen-ematea www.herrikrossa.com web orrian egin liteke, 10 euro ordainduta. Bihar eta etzi ere eman daiteke izena, antolatzaileek kiroldegian egokituko duten stand batean, 15 euroko diru sariaren truke (ostirala 18:00tik 20:00ra eta larunbatean 15:00tik 17:00ra).
Korrikalariek dutxatzeko aukera izango dute kiroldegian, helmugatik 200 metrora, eta proba guztiak bukatuta, sari banaketaz gain, Urnietako hainbat denda eta tabernek emandako oparien zozketaren emaitza jakinaraziko da. Zubitxo plaza izango da bukaerako festa horren gunea, eta antolatzaileen nahia ahalik eta parte hartzaile gehienek oparitxoren bat eta Herri Birako oroitzapen ona etxera eramatea da. Lortzen den diruaren zati bat Pausoka elkartera bideratuko dute antolatzaileek.