Postontzia: "Berriz ere urik gabe"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 10a, 10:33

Sara De Jesus eta Naiara Etxeberria auzotar batzuren izenean, ur hoditeriaren matxuren inguruan:

BERRIZ ERE URIK GABE

“Pasa den abuztuaren 29 gauean, berriz ere gertatu zen, Kale Nagusiko hodi bat lehertu eta gure auzoa berriz ere urik gabe geratu zen igande arratsalderarte. Ez da aurreneko aldia eta ez dirudi azkenekoa izango denik ere.

Ez dakit, gure auzoan askotan urik gabe geratu garelako daukagun sentsazio hau, baina iruditzen zait, urik gabe egun oso bat egoteak eguneroko jarduna nola baldintzatzen duen ez dakitela Udalean. Urtean zehar behin baino gehiagotan urik gabe geratuko balira, lehenago konponduko luketela hoditeria. Pasa berri dira hauteskundeak eta herritarrok gure ordezkariak, herriko arazoak konpondu eta herria kudeatzeko aukeratu genituen, eta gaur egun Andoainek duen arazorik larrienetakoa hoditerian dauka. Baina zer egiten dute honen aurrean?

Oraingoan guri tokatu zaigu, baina udan zehar Kale Nagusian eta beste hainbat lekutan ere gertatu da eta herritarrok nazkatzen hasiak gaude, hodiak probisionalki konpontzen baitituzte baina berriz noiz gertatu zain geratzen baikara.

Horregatik idazten dugu eskutitz hau, bestela irudipena dugulako, gure kexak ez direla inora heltzen, eta kexarik ez badago ez duzuela arazoa konponduko. Ziur gaude eskutitz hau ehunka eta ehunka andoaindarrek sinatuko luketela, alderdi ezberdinei botoa eman dien ehundaka eta ehundaka andoaindarrek. Bozka ezberdina eman duten andoaindarrek arazo berdinak baitituzte. Politikako gai askotan zuen ezberdintasunak eta eztabaidak izatea normala iruditzen zaigu eta ez gara hor sartzen, baina Andoaingo hoditeriak behar duen konponketan ados ez jartzea lotsagarria iruditzen zaigu, eta zuen aldetik, herritarrekiko duzuen begirune eskasa  erakusten du.

Badakigu idatzi honek ez duela ezer konponduko baina ea gure kexa azalduta, zer pentsatua ematea lortzen dugun behintzat”.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!