Andoaingo Gudua, irailak 12: Berrehun lagunen parte hartzea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 10a, 10:32

Aurreko ostiral arratsaldean Bastero kulturguneko areto nagusian Andoaingo Guduko antzezpen tarteak entseatzen ari ziren. Besteak beste, Zumea plazan ikuskizunaren hasieran eskainiko dena. Andoaingo baserrietako herritarrak, bereziki emakumezkoak, haserre bizian dira. Haien alde borrokatzeko eta liberalei aurre egiteko Uranga karlisten jeneralak hitza hartzen du.

Partaideen adierazpenak:

Amak eta neska gazteak haserre bizian agertzen dira. Jon Unanue ari da zuzendari lanetan, kemen handiz gainera. Indarra adierazteko eskatzen die aktoreei, adierazpenetan tono eta erritmo egokiena zein den etengabe gogoraraziz.
Amaia Calparsoro gaztea ama baten paperean agertuko da, larunbat honetan: “Lan handia dago antzezpen honen atzean. Ikusten da badagoela benetan hau egin nahi duen jendea eta hori estimatzen da. Nire kasuan, famili bateko ama bat naiz. Etxea erre digute eta egoera tamalgarrian gaude. Denak iskanbila batean, aurkariak akabatzeko gogoz”. Amaren paperean arituko da Ariane Obineta gaztea ere. Ikuskizunean Brigida da haren izena: “Lehen ere antzerkia ikastolan egin izan dut, baina orain herriaren aurrean beste gauza bat da. Lotsa piska bat badut, baina tira, entseguetan ari gara prestaketa lanetan. Azkar samar hitz egiten dudala eta hori zuzentzen ahaleginduko naiz”.
Emakumezkoek, esan bezala, tarte berezia dute herri antzerkian. Maider Arano Luperen paperean arituko da, “eskolan jaso genuen parte hartzeko gonbitea eta ikuskizunean parte hartzea erabaki nuen”. Haren lagun Nahia Garcia alboan izango du, Claritaren paperean: “Gure egoeragatik etsita, amorruz beterik agertu behar dugu. Urduri jartzen naiz, eta hori etxean ere prestatzen gabiltzala, baina gero jendaurrean desberdina da”.
Haien aldean, eskarmentu handia dute ikuskizunean parte hartuko duten urnietarrek. Ondoko herrian, izan ere, maila handiko herri antzerkiak egin dituzte eta oso trebatuta daude horrelako muntaiak prestatzeko garaian. Mikel Agirregomezkorta Urnieta’59 eta beste bi antzerkietan zuzendari lanetan aritu da, eta gertukoak zaizkio horrelako lan baten atzean gutxi batzuk hartzen dituzten ardurak: “Ardura handia da, karga handikoa. Une hauetan eguna ahalik eta azkarren iristea desiatzen da, antzezlanarekin behingoz amaitzeko”. Oraingo honetan beste erantzukizun bat du, aktore lanetara soilik mugatzen dena: “Aktore lanetan ardurak oso desberdinak dira. Nire lanean bakarrik murgilduta nagoelako. Urduritasunez ekingo diot ikuskizunari, baina hori berez ez da txarra. Tentsio puntu hori beharrezkoa da”. Entseguan albokoak aho bete hortz utzi zituen. Karlisten jeneral Urangaren paperean sendo, eta akatsik egin gabe, bat-batean errezitatu zuen larunbat honetan bota behar duen hitzaldia.
Aurrez aurre, bere aurkaririk handiena, Liberalen gudarosteko O’Donell jenerala izango da. Paper horretan lagun min duen Juankar Erasun herrikidea arituko da. Biek ere 2013ko lehen ikuskizunean bete zuten paper berdina errepikatuko dute. Erasun, ohi bezala, gogo biziz dago: “aurreko edizioan primeran pasa genuen eta esperientzia oso polita izan zen. Urnietan bizi naiz baina andoaindarra naizenez, harrotasun handiz hartu dut Andoainen antzezteko ardura. Erronka modukoa zen niretzat, antzerkia egin izan dut Urnietan, baina hemen Andoainen zaldi gainean antzeztu behar nuen. Prestakuntza berezia egin genuen, zaldiaren gainean Leitzaran aldean txango ugari eginez. Oraingoan errazagoa izan da, zaldia eta biok dagoeneko elkar ezagutzen dugulako”.
Antzezlanean, teniente lanetan, beste herrikide bat gertu izango du. Julio Nogales hain zuzen, “Jenio biziko militarra behar zutela eta, nirekin akordatu ziren. Oso animatuta nago, gogo biziz, barrutik bizitzea merezi duen esperientzia horietakoa izaten ari da. Antzezlanean parte hartu, jende berria ezagutu eta gainera gure inguruko historian sakontzeko aukera izatea..., bikaina da”.
Aski ezaguna da Andoainen Roger Wesney hizkuntza irakaslea. Aspaldi finkatu zen hemen, eta paper berezia izango du larunbat honetan. Bereziki, Goikoplazako azken saioan: “Irlandar jatorriko koronelaren paperean arituko naiz, nazioarteko brigadaren aldekoa. Birritan antzeztuko dut. Lehenik hitz batzuk eskainiko dizkiet ingelesez erabat mozkortuta dauden nire soldaduei. Ondoren, hitz batzuk eskainiko ditut gaztelaniaz”.
Animatuta dago, eta harrituta ere bai, “antzerkia egin izan dut, ezer gutxi, baina aspaldi! Eta kaleko ikuskizun batean, noski, sekula ez. Gogotsu nago, zertxobait urduri, baina kide onak ditut alboan eta paperean ondo murgildu naiz. Ni natorren herrialdearekin alderatuta, Andoain ospakizunen lurraldea da! Harrituta nago, jendea ikuskizunaren alde orduak eta orduak lanean aritzeko prest dagoelako”.
Herritarren kemen hori ikusita, nekez atera daiteke gaizki.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!