Joan zen maiatzaren 16an eguraldi txarrak baldintzatuta, Zizurkil goiko Intxaur pilotalekuan eskaini zuten Zizurkilgo Joxe Arregi plazan aurkeztekoa zen ‘Bazen behin herri txiki bat’ antzezlana, Iraitz Lizarraga zizurkildarraren zuzendaritzapean, 130 herritarrek parte hartzen dutena.
Zizurkilek Tolosarengandik burujabetza lortu zuela 400 urte bete izana irudikatzen da antzezlanean eta Zizurkilgo antzinako pertsona eta egoeratatik egungoetara ibilbide luzea egiten du: Pello Mari Otaño, Teodoro Hernandorena, San Millango markesa, baserritarrak, Extremadurako bidaiariak… Herritarrek betetzen dituzte osoki antzezle, musikari, kantari, gidoilari nahiz zuzendari paperak.
Zizurkilek maila handiko sortzaileak dituela agerian utzi zuen maiatzeko saio hartan. Oraingo honetan saioa zuzenean ikusi ez zutenek pantailan ikusteko aukera izango dute eta antzezpena zuzenean ikusi zutenek gau hartako magia gogoratzekoa.