Teleferikoa Ernio mendian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 4a, 14:02

Ernio eta Zelatun inguruek urteko bisitari kopururik altuena jaso ohi dute irailean, igandeetan bereziki, erromeria egunetan. Hainbat urte atzera egin eta…

Gipuzkoako prentsa historikoari errepasoa ematen hasita, artikulu aski bitxia topatu dugu Ernion funikularra jartzearen ideia aipagai duena. Francisco M. Labayenek sinatuta, Un teleferico al monte Hernio izenburua darama, eta 1956ko ekainaren 9an argitaratu zen La Voz de España egunkarian.
Gipuzkoako Diputazioaren asmoa zela eta, turismoa herrialdean sustatzea nahi zuela ziurtatuz idatzi zuen artikulua Labayenek.
Funikularraren alderdi teknikoei buruzko bizpahiru datu baino ez zituen eman erreportajeak: Errezilgo gainean (Iturburuko gaina, 550 m) hartu eta Ernioko puntaraino eramango zuela jendea oso denbora gutxian, bi kilometroko ibilbidea eta 500 metroko desnibela gainditu ostean. Marrazki baten bidez irudikatu zen zer izan zitekeen azpiegitura hori. Egileak ez zuen aipatzen zein fasetan zegoen egitasmoa, Diputazioko arduradunen burutazio hutsa ote zen, ala lehen pauso instituzionala eman ote zen. Nolanahi ere, bistan da egitasmoak ez zuela aurrera egin; ez zen hari buruz ezer gehiago argitaratu, eta ez dakigu zein izan ziren ideia bertan behera utzi zuten arrazoiak, teknikoak, ekonomikoak, ingurugiroarekin lotutakoak...

Garaiko mentalitatea
Erreportajean, teleferikoak erabilpen handia edukiko zuela ziurtatu ondoren, Diputazioak bete-betean asmatu zuela adierazi zuen kazetariak. Teleferikoaren, eta bide batez, Gipuzkoan turismoaren aldeko argudioak azaldu zituen, eta alde horretatik, interesgarria izan dakiguke gaurko begietatik ikusteko zer nolako mentalitatea zen indarrean orain ia 60 urte, turismoaren eta ingurugiroaren gainean. Garapen iraunkorra, gizartearen eta ingurumenaren arteko oreka eta antzeko kontzeptuak aipatzen ez ziren garaietan, hain zuzen.
Argudio ekonomikoak dira nagusi kazetariaren erreportajean, paraje naturalak jasan zitzakeen kalteak ahaztuta. Turismoa definitzekotan, harentzat, herrialde ezberdinetan zehar bidaiatzeko jarduera zen, pertsonak distraitzeko eta aisialdia burutzeko helburua zuena. Gauzak horrela, tokian tokiko ekonomia suspertzeko tresna ezin egokiagoa izan zitekeen. Izan ere, turismoa XX. mendeko fenomenoa zela eta Gipuzkoan oso gutxi garatua zegoela aitortu zuen. Nolanahi ere, aurrerapauso handiak eman berri zirela herrialdean adierazi zuen: hala nola, bi hotel jatetxe eraiki zituela Diputazioak (Errezilgo gainean bata eta Jaizkibelgo goi parajeetan bestea), eta jada proiektatuta zeuzkala begiratokiak ezartzea Orio, Urkizu eta Udanako gainetan; ahaztu gabe aurrera zihoala Hondarribiako aireportuaren eraikuntza.
Azkenik, udako turismoa garatzeko txalotzeko ideia zela berriro gogoratu ostean, argudio berri bat azaldu zuen Labayenek: teleferikoak lortuko zuela Ernio, Gazume eta inguruko parajeak eskiatzaileen paradisu izatea. “Izan ere, Gipuzkoako eskiatzaile gajoek bidaia luze eta garestiak egin behar izaten dituzte Nafarroara eta Pirinioetara, kirol hori eroso praktikatu nahi izatera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!