1936ko Gerrako aztarna bila Asteasuko auzolandegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 4a, 11:22

Uztailaren 6tik 18ra auzolanean aritu dira Asteasun, Euskal Herriko oroimen historikoa berreskuratzeko helburuarekin. Manex Arrastoa historia ikasleak bere esperientzia kontatu du.

Iaz jarri zuen martxan Aranzadi Zientzia elkarteak erresistentziaren oroimenaren inguruko auzolandegia gazteentzat. Aduna, Asteasu eta Zizurkil gaztaka gune izan ziren 1936ko Gerran. Hala, hiru urteko proiektua izanik, urte bakoitzean herri bana hartu dute, aztarnak bilatuz bertako oroimen historikoa berreskuratzeko. Asteasuren txanda izan da aurten.
12 lagun inguru bildu dira, gipuzkoarrak gehienak; eta horietako bat Manex Arrastoa zizurkildarra da. Lehengo urtean Adunan ibili ostean, esperientzia errepikatzea erabaki eta aurten Asteasun ibili da begirale eta gidari moduan. Bere ustez, herri inguruan zer gertatu zen jakiteko gogoak bultzatu diete gazteei auzolandegian parte hartzera. “Orain arte ez nekien Gerra Zibila hementxe bertan gertatu zenik. Trintxerak hortxe ditugu eta askok jakin ere ez dute egingo”, adierazi du. Bigarrenez esperientzia bikaina izan dela azaldu du.

Trintxera begibistan
Atxurra hartuta sastraka eta basoarekin borrokan ibili ostean, trintxera garbitzea lortu dute. “Aztarnarik handiena trintxera bere osotasunean ikustea izan da”, dio Manexek. 90 metro garbitu dituzte eta pozik daude egindako lanarekin. Garbiketa lan horretan, denetariko aztarnak aurkitu dituzte: balazorroak, latak, goilareak… Lan gogorra egin dute, baina gustura aritu direla aitortu du: “Giroak asko egiten du. Jendea lanerako prest etorri da eta gure artean oso ondo moldatu gara”.
Gainera, eguneko ordu guztiak elkarrekin pasatzen dituztenez, elkarbizitza horretan pertsona ondo ezagutzeko denbora ematen dietela uste du. “Gakoa gure arteko giroa da eta, dudarik gabe, gure arteko laguntasunak bultzatzen gaitu esperientzia errepikatzera”, gaineratu du. Nekatuta eta lo gutxi eginda ibiltzen diren arren, bizipen ezinhobeak gogoratzen ditu zizurkildarrak. Auzolanean esperientzia handiko mutila da, Amaiurren eta Adunan ere izan baita lehenagotik. Honenbestez, begirale eta gidari moduan aritu da Iñaki Alzugurenekin batera, gainontzekoei aholkuak emanez eta beraien lana gidatuz.

Lana baino gehiago
Trintxeratik at ere hamaika ekimen izan dituzte 1936ko Gerraren inguruan: hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, irteerak… Esti Ripa segurarrarekin, esaterako, bertako amonen ahotik lekukotzak jaso zituzten, gerra garaian bizi izandakoaz. “Beti esaten da emakumeek ez zutela gerra bizi, baina beraiek isilean egunero familia aurrera ateratzeko ahaleginak egiten zituzten”, azaldu du Manexek.
Hitzaldiekin asko ikasten dutela uste du bolondresak, baina, batez ere, irteerek eta dokumentalek erakartzen dituzte: “Bizipenak zuzenen jasotzea izugarria da, pertsonei aurpegia jartzen diezulako. Egoera horretatik pasa den jendearen aurpegia ezagutzen duzu eta bizi zutena zuzenean kontatzea ez da paper batean irakurtzea bezala. Gainera, inguruko herriko norbait bada gehiago lotzen zaitu”.

Herriko ondarea, herritarren ardura
Auzolandegi hauek hiru urteren buruan 1936ko Gerrako trintxera eta aztarnak agerian utziko badituzte ere, gazte hauen lana datorren urtean amaitu egingo da. Zizurkilgo auzolanak amaiera emango dio proiektuari, baina aurrerantzean inguruko jendeak arduratu beharko luke Manexen ustez: “Hemengo jendeak baloratu egin behar du gure lana, proiektua amaitzean ez garelako gu egongo urtero txukun mantentzeko. Herritarrek bere sentitu behar dute eta ardura hartu”. Datorren urtean Zizurkilen arituko dira eta Manex gogoz dago bere herrian lan egiteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!