Axun Gonzalez Sorabillako jai batzordeko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2015ko ira. 4a, 10:58

Jai guztietan, biziko badira, ezinbesteko dira itzalean eta isilpean lan egingo duten pertsonak. Horietakoa da Axun Gonzalez, Sorabilla auzoko jaietan. Pozik jarduten du sukaldeko zereginetan. 

Sorabillako jaietan lanean, sukaldean aritzen zara batik bat...
Axun Gonzalez: Ikaragarri gozatzen dut sukaldean, eta horretan saiatzen naiz batik bat. Neu naiz ondoen dakiena zertan lagundu jaiari eta zertan ez. Esaterako, ez dut balio jende aurrean aritzeko, eta tabernako barrara ez naiz arrimatzen. 
 
Famatuak dira salda eta txorizoa Sorabillako jaietan...
A.G.: Ez dago kontatu ezin den sekreturik. Genero ona behar duzu eskuartean lehenbiziko, eta hortik aurrera, maitasunez eta detaile guztiak zainduz jardun behar duzu sukaldean. Jendea maiz etorri ohi zaigu sukaldera eskerrak ematera, eta ez dakizu zenbateko satisfazioa ematen duen keinu horrek! Hurrengoan gauzak berdin, edo hobe, egiteko gogoa pizten dizute. 
Gogoratzen naiz orain bi urte, mendi krosa zela eta, hamaiketakoarekin hasi aurretik nola hurbildu zitzaigun Mikel Erentxun kantaria, esanez: "¡Me han dicho que haceis un caldo y un chorizo de la ostia! ¿Es verdad?". Bada, zoratzen joan zen Sorabillatik! 
 
Egitarau osotik, zein dituzu ekitaldirik gogokoenak? Eta zergatik?
A.G.: Jai hasierako elizako kontzertua aipatuko nuke, aurren aurrenetik. Iruditzen zait kontzertu horrek solemnitatez janzten dituela jaiak. Kontzertu osoa aditzeko behar den denbora eta lasaitasuna kentzen dizkit segidan datorren zikiro jateak, baina egiten dut nire eskapadatxoa. 
Eskopeteroen agerraldia ere oso gogoko dut. Desfile ikusgarria egiten dute auzoan zehar, eskopeteroek eta beraien atzetik joaten diren gaztetxoek dotore jantzitakoek. Gainera, Sorabillarentzat erreferentzia historiko polita dela iruditzen zait, iraunarazi beharrekoa. Batzuen batzuek esaten dute ez duela oinarri historikorik, baina atzera begira jartzen bagara, ohartuko gara Sorabillak bazuela bere milizia, herria izan zenean.
Azkenik, igandeko omenaldi ekitaldia nabarmenduko nuke: Andoaingo herrian merituzko zerbait egin duena goraipatzen da, herriko jendea etortzen da, gure ereserkiak abesten dira... Emozioa transmititzen duten osagai ugari biltzen dira bertan. 
 
Erraza al da lana eta gozamena jaietan uztartzea? 
A.G.: Ez, baina ahalegintzen naiz, eta azken urteetan ikasi dudala uste dut. Penarik handiena beharbada, Ama Birjin eguneko mezak ematen dit. Alberto Agirre abesbatzako kidea naiz, baina ezin izaten dut elizan abestu, gero datorren hamaiketakoagatik. 
Noiztik zabiltza jai batzordean?
A.G.: Senarra (Justi Mendiluze) eta biok orain hamabost urte etorri ginen Sorabillara bizitzera. Bera berehala hasi zen kolaboratzen, eta orain bederatzi urte hil zenean, nik hartu nion erreleboa. 
 
Zerk bultzatzen zaitu horrenbeste inplikatzera auzoko jaiekin?
A.G.: Andoaingo hirigunean urtetan bizi izan naizen arren, betidanik eduki izan dut lotura sentimentala Sorabillarekin. Bertan ezkondu nintzen, semeak ere bertan ezkondu ziren, bilobek bertan egin zuten jaunartzea... Barkatuko didate beste auzoetako jaiek, baina herrian bizi ginenean ere, guretzat Sorabillakoak ziren aparteko jaiak. Ez zeukaten parekorik hemen egiten ziren bertso saioek eta bestelako ekitaldiek. Egia da urtetan aurrera gainbehera egin dutela pixka bat, baina... 
Auzotar bezala, auzoaren bizitasunari bultzadatxoa emateko behar morala sentitzen dut, ahal dudan horretan. Badira jaiek barrua mugitzen ez dietela esaten didaten auzotarrak; errespetatzen ditut, oso subjetiboa baita gauza, baina nork bereari eutsi behar dio. Ni zoriontsu naiz auzoan; denekin ondo moldatzen naiz, maitatua sentitzen naiz, eta auzoarekin zorretan banengo bezala ikusten dut neure burua. 71 urte ditut, eta indarrean naizen bitartean, kolaboratzen jarraituko dut. Gainera, jai batzordea hamar-hamaika pertsonek osatzen dugu eta oso armonia onean aritzen gara elkarrekin. Zer gehiago behar ote du pertsona batek, inguruarekin gustura sentitzeko?
 
Familia guztia azaltzen zaizu egun horietan auzoan, nahiz eta ez bertan bizi ez...
A.G.: Txiki-txikitatik bizi izan dituzte festak, eta oraindik ere gustura asko etortzen dira edozein ekitalditan parte hartzera: izan eskopeteroak, izan haur jokoak, izan auzotarren bazkaria...  
 
Andoaingo herriko hainbat ekimenetan ere ez zara atzean geratzen...
A.G.: Auzoko bizitzan ez ezik herrikoan ere inplikatzearen aldekoa naiz. Zorionekoa naiz, Alberto Agirre abesbatzak makina bat kultur ekimen barru-barrutik ezagutzeko parada eman baitit. Egunotan, esaterako, irrikatan nago guda karlistaren antzezpenarekin; jantzi dotorea, neronek egin dut eskuz oraintxe. Parte hartzaileen aldetik eskas samar dabilela entzun dut, eta pena ematen dit horrek. Ez dakit benetan jabetzen garen antzeko kale errepresentazio historikoek zenbat indartzen duten herri sentimendua, andoaindartasuna, azken batean.   
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!