Hordagoa jota datoz Zizurkilgo festak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 4a, 10:55

Migel Mari Elola ‘Gorri’ eta Manuel Lizarraga zizurkildarrak Hordago blusako kideak dira. Zizurkilgo blusen sortzaile izateagatik, festa batzordeak omenaldia eskaini zieten atzo festen hasieran. Elkarrizketa:

Duela 38 urte sortu ziren Zizurkilen festetako lehen bost blusak. Hordago blusako kide batek ekarri zuen ideia Nafarroatik, nahiz eta inguruko beste hainbat herritan dagoeneko bazeudela aipatu duten. Hordago, Beti Argi, Beti Erne, Ipurtargiak eta Gautxoriak izan ziren lehen bost blusak eta egun ere festetako partaide aktibo izaten jarraitzen dute. “1978an, herria girotzeko asmoarekin herritarren artean blusak egiteko asmoa proposatu genuen. Gero, urteen poderioz izugarri zabaldu da eta egun blusa asko dago, urtero berriak sortzen direlarik”, azaldu dute. Blusen sorrerak festa giroa indartu zuela diote, herritarren arteko norgehiagoka sanoa sortuz. Festak aurrekontu murritzarekin antolatzen zirenez, egitaraua blusen arteko ekintzekin betetzen zutela ere gogoratu dute, pentatloia, jokoak edota afariekin giroa sortuz. “Festek indarra hartu zuten blusen sorrerarekin eta pixkanaka festa batzordeko antolakuntzan ere hasi ginen. Aurrez, udaletxe, Danena eta eliza inguruko guraso elkartearen artean osatzen zuten egitaraua eta gure borroka festak herritarren artean antolatzea izan zen. Helburua blusa guztiek antolaketan parte hartzea zen, baina ez zen batere erraza izan”, gogoratu du Manuelek. Hala ere oroitzapen ona gordetzen dute, urte politena. Ilusio handia egin die aurtengo txupinazoan festa batzordeak omenaldia egin izanak. “Itsusia da esatea, baina merezi dugu egin dugun bideagatik. Ez da gure kulpa zaharrenak izatea”, azaldu dute umoretsu. Eskerrak eman dizkiote festa batzordeari eurekin gogoratzeagatik.

Motzean
Festetarako gogotsu?
Migel Mari: Bai horixe! Goiz, arratsalde nahiz gau… Presentzia handia izaten du gure blusak festetan.
Manuel: Beldur pixka bat ematen du hasieran, adinean sartzen ari garelako. Baina festetan murgiltzeko gogotsu gaude. Festak pasatzeko sistema aspaldian pentsatu genuen: egunero Urkamendi elkartean bazkaldu eta afaldu ohi dugu, bazkari edo afaria txandaka antolatuz, bakoitzak txanda bakarraren ardura izanik. Abantaila handia da hori festa giroari eusteko.

Zein ekintza duzue gogoko?
MM.: Bazkaritik hasita, oso polita izaten da koadrilen eguna. 
M.: Asto karrera, mozorro festa… Bertso saio oso politak antolatu dira azken urteotan bertsolari onak ekarriz eta jende asko erakarriz.

Antolakuntza lanetan arituko al zarete?
M.: Aurten jubilatu egin gaituzte lan horietatik, baina beti bezala, ahal dugun ekintza guztietan hartuko dugu parte.
MM.: Ez zaigu iruditzen, baina urteak aurrera doaz eta nabaritu egiten da.

Kontatzeko moduko festetako pasarterik?
MM.: Goizean plastikozko turutekin diana jotzen aritzen ginenean, Asteasu alderako bidean gindoazela, txirrindulari lasterketarako helmuga margotzen ari ziren lurrean. Taldekide batek pintura potoarekin estropezu egin, potoa lurrera bota eta errekan sartuta aritu zen gero galtzak garbitzen.
M.: Blusak sortu zirenean baratxuri zopa egiteko ardura hartu nuen eta elkartean aritu nintzen 200 lagunentzako zopa prestatzen. Banatzeko ordua iritsi zenean kalean inor gutxi geratzen zela konturatu nintzen, etxera joanak zirela ia guztiak, baita koadrilakoak ere. Zopa guztiarekin geratu nintzen, nahiko haserreturik, hurrengo urtean egingo ez nuela esanez. Baina urtea pasatakoan berriz egin nuen. Gainerakoan, blusen arteko txantxa giroan, beleak deitzen gaituzte beltz koloreko blusa dugulako. Guk beste batzuei serbiletak, blusa koadroduna dutelako.

Eguna ala gaua nahiago?
M.: Eguna eta gauaren zati bat. Jada ez dugu aspaldiko gaupasarik egiten. 02:00ak aldera erretiratzen gara normalean. Baina beti geratzen da blusako errepresentazioren bat goizaldera arte.
MM.: Gurea eguna eta gaua izan dira, baina dagoeneko zer edo zer kendu egin behar.

Dantza zaleak al zarete?
M.: Ez egunerokoak, baina eguna egokitzen denean, aritzen gara, bai!
MM.: Gure neurriko saioak egiten ditugu.

Mozorro gauean mozorrotzeko asmorik?
MM.: Bai, urtero bezala.
M.: Aurten akelarrea irudikatuko dugu. Mozorroak guk prestatzen ditugu, artisau eran. Denetarik egin dugu: Olinpiadak, ezkontza bere elementu guztiekin, erromatarrak koadriga eta guzti, Egiptoko faraoiak, AHTren polemikaren erdian zortzi bat metroko trena atera genuen…

Festetan jateko? 
M. / MM.: Elkarteko otorduak prestatzerakoan, txapelketa moduko bat dugu koadrilako kideon artean; nork bazkari edo afaririk goxoena egin preziorik merkeenean. Oinarrizko plateretatik hasi eta bereziagoak ere izaten dira tarteka. Azken egunetan barazkiak agertzen hasten dira. Noizbait porru-patata eltzeka ikusitakoan txaloka hasi ginen denok. 

Eta edateko?
MM.: Helduak garenez, aspaldiko ohiturei eusten diegu.
M.: Eguerdian txakolina edota sagardoa. Arratsaldean garagardoa eta gauean garagardoa eta txupitoren bat.

Herritarrei mezurik? 
M.: Parte hartzaile izateko; lasai ibiltzeko, istilurik sortu gabe eta, bereziki, ez dadila gertatzen ari diren emakumeen aurkako erasorik izan. Hordago blusako kide garenez, duela gutxi galdu genuen Anttonio Labaien laguna gogoratu nahi dugu eta baita preso daukagun Orioko Gregorio ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!