Andoaingo Guduaren antzezpena, irailaren 12an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 4a, 09:56

2013. urteko antzezpenaren ostean, Lehen Karlistaldian izandako borroka irudikatuko dute aurten ere Andoainen.

Zergatik sortu duzue bigarren aldiz ikuskizun hau?
Andoaindarrei bere herriaren historiaren parte bat kontatu nahi diegu. Izan ere, askok eta askok ez dute aztarnarik ere garai hartan gertatutakoaz. Ez dugu karlisten garaipena ospatu nahi. Gure helburua andoaindarrei, gipuzkoarrei eta, oro har, Euskal Herri osoari Lehenengo Gudu Karlista zergatik eta nola gertatu zen kontatzea da.
Helburu horrekin hasi baginen ere, baditugu beste zenbait nahi ere. Andoaingo gertakari historikoa ezagutzera emateaz gain, horren bitartez gerrak ekartzen dituen kalteez hausnartuarazi nahiko genuke, baita andoaindarren nortasuna eta herri izaera suspertu ere.
Gudu hark hildako pila bat utzi zuela, eta gainera, ezertarako balio ez zuen gerra gogor bat izan zela azaldu nahi dugu. Euskaldunok ordura arte genuen burujabetasuna galtzeko balio izan baitzuen gerra hark. Horregatik, gerra guztiak alferrikakoak direla adierazi nahi dugu, hildako haiek guztiak alferrikakoak izan zirela eta gerra hartan, ez zela horren ezberdina Don Carlos errege edo Isabel II erregina izan. Onura-kalteak antzekoak ziren bi kasuetan.

Bi egunetan egitekoa zen, baina azkenean, egun bakarrean antzeztuko duzue…
Hasiera batean, bi egunetan egitea pentsatu genuen eta gidoia ere hala idatzi genuen. Irailaren 11n gauez antzeztu nahi genuen liberalen iritsiera eta baserrien txikizioa. Honela, jendea jabetuko litzateke guduaren egunean andoaindarrek zergatik zuten halako samina eta amorrua. Ideia polita zen, baina bi arazo genituen; bata ekonomikoa, eta bestea antzezle kopurua.
Bi eguneko saioa antolatzeko dirua behar da, eta ez daukagu. Bestetik, behar genituen baina dezente antzezle gutxiago agertu dira. Horregatik, aurrez idatzitako gidoi hori gauzatzeko jenderik ez genuen. Beraz, bezperako zati hori alde batera utzi dugu eta irailaren 12an soilik antzeztuko dugu. Egun horretan kontraerasoa eta garaipena nola gertatu ziren irudikatuko dugu.

Lehenengo aldi horrek zenbaterainoko arrakasta izan zuen, berriro ere errepikatzeko?
Izugarrizkoa. Jende andana gerturatu zen antzezpena ikustera eta poztekoa da hori. Lehenengo aldia zenez, arazo handiak izan genituen antolatzeko; baina jendearen balorazioa hain izan zen baikorra, ezen berriro egitea erabaki genuen. Gainera, aurten Andoainek 400 urte bete dituenez, ospakizun horri opari bat egiteko modua zen berriro egitea. Aurreko eskarmentua bagenuen eta horregatik animatu ginen.

Lehenengo aldiz egin zenuten hartatik zer ikasi duzue?
Oso zaila dela Andoain bezalako herri batean gisa honetako ekimen bat martxan jartzea. Oso zaila da, eta izugarri ari zaigu kostatzen. Jendea animatzen ahaleginak egiten ari gara, baina ez da erraza. Gainera, jendeak nahiago du kanpoko ekimen bat kopiatu, bertakoa landu baino. Egun bateko ospakizunetara joatera ohituta gaude, baina ikuskizuna lantzeko denbora luzerako konpromisoa hartzera ez. Jendea ekimen honekiko nahiko uzkur azaldu da; horregatik, jendearen aldetik espero nuena baino laguntza eta jarrera kaxkarragoa dagoela ikasi dut.
Hala eta guztiz ere, azpimarratu nahiko nuke parte hartu duten askorengandik izugarrizko laguntza jaso dugula. Herritar batzuk izugarrizko lana egin dute. Aipagarrienak jostunak dira; Andoaingo emakume hauek bi edo hiru urte daramatzate arratsaldero uniformeak josten eta konpontzen. Dagoeneko 70 uniforme inguru egin dituzte, kapelak… Hori pozgarria da eta, neurri handi batean, ekimenari eutsi diogu horrelako bolondresak daudelako eta merezi dutelako beraien lana gauzatzea.
Dena den, esan bezala, jende gehiago elkartzea espero genuen eta ez da horrela gertatu. Jendea ikustera gustura etortzen da, baina urtean zehar ekimenean parte hartzera ez. Zailagoa da.

Nola antolatu duzue guduaren antzezpena?
Ikuskizuna bi plazatan hasiko da arratsaldeko 17:00ak aldera, Zumean eta Goikoplazan. Zumea plazan karlistak elkartuko dira, eta Goikoplazan liberalak. Antzezpen laburrak egingo dituzte, borrokaren arrazoiak azaltzeko eta testuingurua zein den jakinarazteko. Ondoren, pixkanaka aurrerantza egingo dute bi taldeek eta Gurutze Santuaren zubian, edo ezagunago esanda, Santa Krutz ermitan topo egingo dute. Lehenengo borroka hor izango da. Gero, Kale Berrian barrena abiatuko dira. Basteron soldadu batzuk fusilatuko dituzte eta Goikoplazan amaituko da emanaldia.

Zer moduz doaz azkeneko entseguak?
Udak bete-betean harrapatu gaitu eta horrek egoera zaildu digu. Lehenengo aldian urriaren 19an egin genuenez, iraila eta urria izan genituen antolakuntza lanetarako. Oraingoan, ordea, uda aurretik lan egin dugun arren, irailaren 1ean jarriko gara berriro martxan eta 11 egun izango ditugu entseguak egiteko. Oporrak medio, abuztuan oso zaila izan dugu antzezle guztiak elkartzeko eta behar diren lanak egiteko. Iraileko lehen astean gogor egingo dugu lan.

Zergatik izan daiteke interesgarria Andoain inguruko herritarrentzat gudua ikustera etortzea?
Beraien historiaren zati bat ere badelako. Gudua bera Andoainen izan zen, baina Urnieta osorik kixkali zuten, Hernanin izugarrizko arazoak izan ziren, Amasa-Villabonan, Asteasun, Zizurkilen eta Larraulen indar handia zuen karlismoak, erasoetarako kokapenak Adunan ere bazeuden… Guduaren prestakizunak inguruko herrietatik egin ziren. Ondorioz, ez da andoaindarren historia soilik, Euskal Herri osoarena baizik. Gure historiaren zati bat da, ezagutu egin beharko genukena. Gainera, izugarrizko garrantzia izan zuen borroka hura islatzen duen ikuskizun bakarra da Andoaingoa. Beraz, ikustera etortzeko deia egiten dut.

Dena den, egun horretako ikuskizunaz gain,  Larramendi Bazkunak Lekukotza bilduman bi zenbaki argitaratu ditu, 9.na eta 10.na…
Bilduma horietan lehenengo karlistaldia azaltzen da, euskaraz, eta salgai daude eskualdeko dendetan. Laburpen gisako bat egiten du arrazoiak azalduz. Urtea amaitu baino lehen, beste bilduma bat aterako dugu Andoaingo Gudua azalduz. Lekukotasun oso politak daude eta horiek bildu eta laburtuko ditugu, jendeak eskura eduki ditzan. Historiografiak, Uranga jeneralaren egunerokoa, garai hartako herri bertsoak… Eduki horrekin guztiarekin osatuko dugu Andoainen zer pasa zen.

1837-09-14
Lehen Karlistaldia gertatu zenean, 1837. urtean, Andoaingo kaleetan eta plazetan borroka gogorra gertatu zen liberalen eta karlisten artean. Gurutze Santuaren egunean pasa zen, irailaren 14an, hain zuzen. Egun gutxi batzuk lehenago, liberalak Andoainera iritsi ziren, Leitzaran eta Oria ibaiak elkartzen diren mugaraino. Bestaldean, karlistak geratu ziren.
Uranga jenerala liberalak iritsi zirela ohartutakoan, Andoainera bi batailoi bidali zituen. Hala, irailaren 14an Andoain berreskuratzen saiatuko zirela erabaki zuten.
Arazo bat zuten, ordea. Liberalak 7000 lagun ziren bitartean,  karlistak 3000 besterik ez zirela. Hala ere, bertako soldaduak zirenez, oso ondo ezagutzen zuten ingurunea eta liberalak engainatzea lortu zuten.
Buruntza aldetik eta Unanibiko zubiaren paretik erasotu zuten, eta azken golpea herriaren erdian eman zuten. Liberalen artean, soldatu ingelesak eta eskoziarrak zeuden, zubia zaintzen zutenak. Ihes egin beharren ikusi zuten beraien burua eta elizan babestu ziren, leku sakratua izanik, salbatuko zirelakoan.
Karlistak, ordea, amorru biziz zetozen eta aurrera egin ahala, atzean uzten zuten guztia txikitzen zuten. Horrela, elizan gordetako liberalak bertatik atera eta akabatu egin zituzten. Gainera, karlistek guztiari su ematen zieten, lurra kixkaliz eta arrastorik utzi gabe. Andoainen 50 baserri erre zituzten eta Urnietan bost soilik utzi zituzten. Egun horretan 800 gizon inguru hil ziren, liberalak gehienak. Karlistentzako garaipen handia izan zen.


Irailak 12. larunbata, 17:15

Andoain
Zumea plazan    ——     Karlistak
Goikoplazan     ——     Liberalak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!