“Zubimusu zubiaren berrikuntzak ibaiaren ebakuazioa hobetuko du”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 3a, 16:49

Luis Etxebeste Villabonako Udaleko aparejadoreak udan zehar herrian egin diren berrikuntzen berri azaldu eta Oria ibaiaren bideratze lanen inguruan ere hitz egin du.

Villabonako ur hoditeria berritzen ari dira udan zehar. Nola bideratu dira lanak? Zenbat fasetan?
Udako lanak zonaldekoak izan dira: Txermin eta Oriamendi auzoetan ez ezik, martxan dira Amasan ere. Txermin auzoan eta hari dagokion Kale Berriaren bukaerako zonaldean ur hoditeriak berritu dira. Oriamendi eta Amasan, berriz, saneamendua egin da, aurrez ur hornidura egin eta gero. Gainerako auzoetan ere zatika beti egiten dira sarea berritu eta ondo mantentzeko inbertsioak. Instalazioak zaharrak dira eta egoera txarrean dauden sekzioak berritzea eskatzen dute hainbat puntutan. Villabonako hoditeria 1970eko hamarkadan jarritakoa da nagusiki; Oriamendikoa, esaterako, lehenagokoa: 1950eko hamarkadakoa. Urte haietan egin ziren gaur berritzen ari diren instalazio gehienak.

Nongo ura iristen da egun Amasa-Villabonako etxeetara?
Garai batean Amasatik etortzen bazen ere, Ibiurko urtegia egin zenetik, Ur Kontsortzioak bertatik bideratzen du etxeetako ur hornidura guztia. Andoainera bitarte Ibiurtik jarrita dago sare generala.

Oria ibaiko urak bideratzen ere lanean ari zarete. Zertan da egitasmoa?
Eusko Jaurlaritza Oria ibaiaren bazterrak garbitu eta enkauzamendua burutzen ari da eta proiektu berean, uren saneamendua osatzea ere barruan da, izan ere Zubimusu zubiaren ondoan herriko uren zati bat zuzenean joaten baita oraindik ibaira eta puska hori geratzen da konpontzeko. Falta den zati hori osatuta, Adunako araztegira joango dira herriko ur zikinak. Zizurkilek dagoeneko hara bideratzen ditu urak tratatzera eta Villabonak ere laster bideratuko ditu, aurrez jar ezin zitekeen tuberi zati hori jarritakoan. Obrak orain gutxi hasi dira eta sei bat hilabete beharko dituzte bukatzeko.

Zein onura ekarriko dizkiete lan horiek guztiek herritarrei?
Urak ondo bideratzea onuragarria izango da herritarrentzat, besteak beste, desatsegina delako ur zikinak errekara botatzea, horrek sortzen duen eltxo kopuruarekin. Ur hoditeria berrien kasuan, bestalde, uraren hornidura segurtatuko da gune guztietan eta aberiak saihestuko dira.

Antzeko lanak martxan jartzeak kudeaketa lan handia ekarriko du berekin…
Bai, dudarik gabe. Esaterako, errekako uren bideratzearen proiektuaren baitan Zubimusu zubia berritu egin beharko da, horrek ikaragarrizko arazoa sortzen du trafikoari begira. Lanak bideratzeko, zubiko trafikoa moztu egin beharko da denbora tarte batean. Zizurkilera sartzeko, orain bezala, Sacem aldetik edo Aduna aldetik egin beharko da eta ateratzeko aukera bakarra izango da: Adunako bidetik.
Zubiaren berrikuntzak ibaiaren ebakuazioa hobetu egingo du, euri asko egiten duen kasuetan bereziki. Oraingo egoera oztopo baita ur emaria handia denean. Bestalde, zubia zabaldu egingo denez, trafiko nahiz oinezkoentzat erosoagoa izango da bidea  aurrerantzean.
Ibaiarekin lotutako lanak, oro har, uda partean egiten dira; ur gutxiago datorrenez, lana erraztu egiten duelako. Prozedura oso luzea da eta batzuetan uda garaiarekin egokitzen den arren, obra hau ezingo litzeteke abenduan hasi. Ez litzateke posible.

Villabonako Udaleko aparejadore gisa, azken urte hauetan egin diren lanetatik zein nabarmenduko zenuke/zenituzke?
Kiroldegia eraikitzeak trasformazio handia eragin du herrian nire ustez. Gainerakoan, azken urte hauek arte ez da gehiegi eraiki. Hobekuntza orokorrak ere egin dira, baina arazoak ekarri dituzte urteen poderioz. Adibidez, autobiak. Ni Villabonako Udalean hasi baino lehentseago egin zen autobia, baina barrera handia izan da herriarentzat, fisikoki mugatu egiten duelako garapena nahiz batetik besterako komunikazioa. Nahiko gaizki eman ziren pauso batzuk eta hobetzeko proposamenak egin baziren ere ez zitzaien kasu handirik egin orduan. Eta orain agerikoak dira ondorioak. Esaterako, bariantea muga handia da herria zabaldu nahi izanez gero; aukera oso txiki batzuk badaude, baina ez dago erraza. Oso konplexua da beste bailara batzuekin komunikatzea, alde batean errepidea eta bestean ibaia nahiz trenbidea ditugunez, oso mugatuta baikaude.

Behar berezirik sumatzen al duzu Amasa-Villabonan?
Definitiboki onartzeko badago ere, horretarako dago hamar urterako egiten den Plan Orokorra. Nire ikuspegi pertsonala esatea ez zait egokia iruditzen, azken finean herriak erabakitzen baitu hartu beharreko bidea.
Beharrak hala ere, herri gehienetan antzekoak izaten dira eta Amasa-Villabona, ekipamendu mailan, nahiko ondo hornituta dagoela iruditzen zait. Alde horretatik ez dagoela behar handirik. Hori bai, beti egongo da zer hobeturik. Lehentasunen artean zolaketa edo pabimentazioa aipatuko nituzke. Baina diru asko behar da eta pixkanaka-pixkanaka ari gara. Azken batean, metro asko dira eta aurrekontuak agintzen du.

Egitasmo berririk jarriko al da martxan epe laburrean?
Erniobea institutuaren zabalkuntzarako beste unitate bat eraikitzeko lanak abian jartzekoak dira epe laburrean. Proiektua onartuta dago eta obra esleitzea besterik ez da geratzen. Eusko Jaurlaritzak gestionatuko ditu lanak. Bestalde, geldo samar bada ere, martxan da herriaren Mugikortasun Plana ere. Hainbat gai interesgarri biltzen ditu proiektuak: oinezkoen nahiz trafikoaren ordenazioa aztertzen du batetik edota nola komeniko litzatekeen herri barruan mugitzea. Bizikleten bideak nahiz aparkalekuak ere mintzagai dira proiektu horretan.

Herriko aparejadore
1981 urtean hasita, 34 urte daramatza Luisek Villabonako Udaleko aparejadore. Egun herrian bizi ez bada ere, billabonatarra da izatez eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu herriko txoko guztiak. Gaur bi aparejadore aritzen dira Udalean lanean eta, Igorrekin batera, hirigintzaren baitako ardura eta lanak bideratzen dituzte. “Gure eginbeharren zerrenda aipatzen hasiko banintz, ez genuke bukatuko”, azaldu du irribarretsu. Besteak beste, euren ardura dira herriko lizentzia guztiak, baita aktibitateak ere. “Oso arlo zabala da gurea: gure eskuetatik igaro behar dute herrian gauzatuko diren berrikuntzez gain, baita kudeaketa lanek ere: esaterako, taberna edo saltokiren bat zabaldu behar denean gure bulegotik pasa beharra dago”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!