Juxto Egaña, Urnietar Prestu 2015

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 3a, 16:08

Uztailaren 22an egindako batzarrean hartu zuen erabakia Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak. Aurtengo Urnietar prestua Juxto Egaña Larrañaga izango da, irakasle, txistulari eta kultur eragile aski ezaguna Urnietan eta hizkuntzen pedagogian aditua, duela gutxi erretiroa hartu arte HABE erakundean jardundakoa (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea).

Ez da urnietarrik Juxto Egañak herrian burutu duen jarduna neurri batean ala bestean ezagutzen ez duenik, baina ez dira denak gogoan izango dutenak  1969. urtean Urnietara iritsi zenetik gaur arte jatorriz azkoitiarra den urnietar honek egin duen ibilbide luze bezain oparoa Urnietan.
Azkoitian, 1947. urtean jaioa, majisteritza ikasi zuen lehenik Egañak eta, ondoren, Filologia Erromanikoan lizentziatu zen. Juxto 1969. urtean iritsi zen Urnietara, jaio berria zen Egape ikastolara lanera, hain zuzen ere ikastolak bere lehenengo lau gelak legeztatzea lortu zuen urtean, eta hamabi bat urtez bertan jardun zuen, goi zikloko irakasle eta hainbat urtez zuzendari gisa; beraz, bere egitekoa funtsezkoa izan zen, orduko beste guraso eta irakasleenarekin batera, aurrera egiteko bidean arazoa eta traba besterik izan ez zuen ikastolaren jardunean. Baina Justo Egañak berehala sumatu zuen, gainera, bazela beste hainbat hutsune herrian bete beharrekoa, 70eko hamarkadan batek behintzat indar handia hartu zuena: helduen euskalduntze eta alfabetatzea. Herrian gisa horretako eskaintzarik ez zegoenez Juxto Egañaren eskutik antolatu ziren helduak alfabetatzeko lehenengo saioak Urnietan, eta esker onez gogoratzen du ahalegin hori gaur egun berarekin euskaldundu eta alfabetatu zen hainbat urnietarrek.
Txistularia bikaina da Juxto Egaña, eta horixe izan zen sumatu zuen beste hutsuneetakoa: loratzen ari zen txistularien jarduna Euskal Herri osoan barrena, ez ordea Urnietan. Beraz, herrian txistulari gisa jarduteaz gain, kimu berriak prestatzeari heldu zion Ikastolan bertan hasita, eta ikasle talde zabal bati txistua jotzen irakatsi zion, urteetan eutsiz txistua irakasteko eta txistuarekin herria girotu eta alaitzeko ahalegin bikoitz horri, urnietarrentzat musika alorreko eredu bihurtuz. Gaur egun asko dira Urnietan Juxto Egañarekin txistua jotzen ikasi zutenak, horien artean bada goi mailako txistularirik ere... Gainera, urteen poderioz herriko txistulari taldea osatu zuen bere ikasle izandakoekin, gaur egun Txanbolin izenarekin ezagutzen duguna.
Baina bere musika jardunaren ardatza txistua izan duen arren, areago joan da Egañaren eragina, beste hainbat musika ekimenen eratzaile izan baita, eta horien artean aipatu behar da azken urteetan antolaturiko Sanmigel jaien atariko musika emanaldia, zazpi urtez Euskal Herriko zazpi herrialdeetako musika ondarea azaltzera bideraturikoa, urteko herrialde batena eskainiz. Ekimen horren ondorio izan zen Anabas Musika Taldea, non Egaña sortzaile eta partaide baita herriko beste musikari batzuekin batera.
Parrokiko Abesbatzan ere urte askotan parte hartu zuen eta bertatik zuzendu eta antolatu zituen Gabonetako kanta ibilaldiak eta Santa Agedako bezperakoak, herriko kaleetan barrena ibiltzeaz gain Urnietan baserriz baserri aritutakoak.
Aipaturikoez gain, euskalgintzaren eta kulturgintzaren aldeko ekimen ugaritan parte hartu izan du eragile edo laguntzaile gisa, bereziki 70eko eta 80ko hamarkadetan burutzen zirenetan.
Ogibidez, behin Urnietako ikastola utzita Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundean goi-mailako ardura hartu zuen (HABE), erretiroa hartu arte bertako glotodidaktikako arduradun nagusia izan baita, hainbat ikerlan landu eta argitara emanez, eta ardura hori euskararen ezagutza eta erabilera finkatzeko gaur egun aitzindaritzat jotzen den jardun baten baitan kokatu behar da.

MEREZIMENDUAK
Beraz, laburtuz, Urnietar Prestu 2015 saria erabaki duen epaimahaiak aintzakotzat izan dituen merezimenduak:
•    Egape Ikastolan irakasle eta zuzendari gisa ikastolaren egitasmoa oso garai zailetan aurrera ateratzeko lanorduz kanpo eta borondate hutsez egindako ahaleginagatik, eta ahalegin hori bideratu izananagatik hainbat jarduera osagarri eta aberasgarri eratu eta antolatzera, ikastola herri osoaren ekimen gisa sendotzeraino.
•    Helduak euskaraz alfabetatuz eta euskaldunduz 1970eko hamarkadan egindako ahalegin aitzindariagatik, eta, horren ildoan, euskalgintzako eta kulturgintzako beste hamaika ekimenen eragile izateagatik Urnietako herrian (Gabonetako abesbatza, Santa Ageda erronda, Sanmieletako jai-atariak, laguntza ekintzak...)
•    Txistuaren soinua biziberritzeagatik gure herrian, eta txistularien hainbat belaunaldi berri sortu eta suspertzeagatik, txistuari dagokion maila eta lekua emanez musikaren alorrean. Urnietako Txanbolin txistulari taldea sortu izanagatik eta baita Anabas Musika Taldea ere.
•    Eusko Jaurlaritzaren Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundean (HABE) glotodidaktika alorreko arduradun gisa egin duen lanagatik, erakunde hori aitzindari baita gutxituriko hizkuntzen irakaskuntzan.
•    Amaitzeko, azken ia berrogeita hamar urteetan, Urnietako euskalgintzan eta kulturgintzan Juxto Egaña herritarrontzat eredu eta aitzindari izan delako jarduteko garaian.

ERABAKIA AHO BATEZ
Aurten bost izan dira epaimahaiak esku artean erabili dituen hautagaiak eta horien artean aho batez hartu du erabakia. Bost hautagai horietatik hiru herritarrek aurkezturikoak izan dira eta beste bi epaimahaikideek beraiek proposaturikoak. Antolatzaileek bere esker ona adierazi nahi diete proposamenak aurkeztu dituzten urnietarrei.
Urnietar prestu 2015 saria irailaren 27an jasoko du Juxto Egañak, Sanmiel jaietan ospatuko den Iñistor egunaren bazkalostean, Jakutegi plazako olanapean, arratsaldeko bostetan (17:00), behin lau bertsolarien saioa amaitu ondoren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!