Larrola baserriko Juan eta Lazaro Tejeria anaiek urteak atzera egin eta larrauldarrek euren herriaren izaerari eusteko egin zuten ahalegina ekarri nahi izan dute gogora. Lehenik eta behin, hainbat datu eskaini dituzte herriaren sorreraz, Pello Joxe Aranburuk idatzitako ‘Larraul, historia baten hasiera’ liburuko aipamenak oinarrian hartuta eta historian oso atzera joanda, Larraul herriaren lehen aipamen idatzia XIV. mendekoa dela argitu du Juanek. “San Esteban parrokia 1571 urtean altxatu bazuten ere, aurrez ermita bat zen herrian, baina ez da jakina ermita hura edota Txuringadi errota zein eraiki zuten lehenago. Udaletxea eraiki aurretik, elizan aukeratzen zituzten herriko martxa bideratzeko gizonak”. Bada, Larraul sortu zenetik, Aiztondoko Alkatetza Nagusiko kide izan zen Asteasurekin batera eta orain 400 urtera arte baita Sorabilla, Zizurkil eta Urnietarekin batera ere. Duela 400 urte, ordea, Zizurkil eta Urnietak burujabetza lortu eta Aiztondoko Alkatetza Nagusi eta hango lur sailetatik atera egin ziren. Larraulek Aiztondoren barruan jarraitu zuen Asteasurekin batera, baina garai hartatik hasita, Larraulek bere burujabetza lortzeko saiakera handia egin zuela aitortu dute.
Herriak elkartzeko legea
Urteak aurrera, Juanek eta Lazarok eurek ondo baino hobeto ezagutu zituzten garaietara egin dute jauzi. Hain zuzen ere Lazaro Larraulgo Udaleko zinegotzi izan zen garaira eta, bereziki, Franco hil aurreko urteetan, 1970eko hamarkadaren hasieran jarri dute begia. Inaxio Elola larrauldarra Larraulgo alkate zela, Joxe Otegi alkate-orde eta Joxe Azkue, Joxe Zumeta eta Lazaro Tejeria zinegotzi zirela, Asteasu eta Larraulen arteko giroa asko gaiztotu zela gogoratu dute, epaiketara iristeraino, eta idatzita gordetzen ez diren datu batzuren berri azaldu dute. “Oraindik Franco bizi zela, Gipuzkoako Diputazioak herri txikiak elkartu egin behar zutela esaten zuen lege bat atera zuen; kaxan diru kopuru jakin bat ez zeukan herriak beste batekin elkartu behar zuela, alegia. Elkartze hori etorri zenean hainbat herri batu zen. Esaterako, Hiruerrieta egin zuten Ikaztegieta, Baliarrain eta Orendainek. Goiatz eta Bidania ere elkartu egin ziren, baita Ezkio eta Itsaso ere, besteak beste. Asteasuko Udalak eta bertako Etxezortu sekretarioak Larraul eta Asteasuk ere bat egitea nahi zuten, baina ez larrauldarrek”, argitu du bi anaietan gazteenak. Garai hartan, herriko gastuetarako Larraulek lautik bat eta Asteasuk lautik hiru ordaintzen zituen eta Asteasuk berekin elkartzea obligazio zuela esan omen zion Larrauli, Larraulek ez zeukala Asteasurengandik bereizteko kaxan utzi behar zuen bezainbeste dirurik. Larrauldarrak oso gogor jarri omen ziren ‘obligazio’ horren aurrean eta “herritarren artean sinadura bilketa ere eskatu zuten Asteasura entregatu nahi zuten larrauldarren zerrenda ezagutzeko. Ez zen aldeko firma askorik jaso”, azaldu dute.
500.000 pezeta
Zinegotzien artean jarrerarik gogorrena Joxe Azkue ‘Ixarre’k erakutsi omen zuen, “argi baitzuen herria herri nahi zuela. Astigarraga Donostiaren menpe zegoen orduan eta Asteasuk Larrauli herriko festak beti bezala antolatuko zirela esan zionean, ‘Donostia oso dotore zegok, baina Astigarragako plazan txerriak dabiltza’ erantzun omen zion, herri izaeraren seinale. Larraulek Larraul izan behar zuela defendatzen zuen eta Donostiako legegizon batengana jo zuten arazoaren berri azaldu eta irtenbideren bat bilatzera”. Legegizonaren erantzuna, berriz, ustekabekoa izan zen; oraindik halako legerik ez zela, baina denborarekin etor zitekeela esan baitzieten. “Diputazioko kaxan diru kopuru bat jarri beharko genuela esan ziguten, baina diru hori jarriz gero Asteasuk ez zeukala berekin bat egitera behartu arazterik. Asteasuko sekretarioak ez zuen Diputazioko kideekin hitz egitera joan nahi izan, baina berriz Larraulgo alkate eta alkate-ordearekin bildu zenean, Larraul eta Asteasuk bat egiteagatik Larrauli 500.000 pezeta emango zizkiola jakinarazi zien Asteasuko Udaleko sekretarioak”.
Diru bilketa, herritarren artean
Proposamen hori jaso eta hurrengo pausoa Larraulgo alkate eta zinegotziak Otsoazabal baserrian elkartzea izan zen euren artean hitz egin eta erabakiren bat hartzeko. “Larraulen prezioa 500.000 pezetakoa bazen, –Larraulen zatia lautik bat izanik–, Larraulek Asteasuri 1.500.000 pezeta eskaintzea pentsatu genuen Asteasu Larrauli entregatzeagatik. Bilera horretan erabaki genuen herritarrak biltzea ere. Ez ziren asko Asteasura elkartu nahi zutenak eta Diputazioari eman beharreko dirua herritarren artean biltzea erabaki genuen”, azaldu du Lazarok. Bakoitzaren azienda eta lur kopuruen arabera, diru bilketarako hiru mailatan banatu zituzten herritarrak. Guztira 14.000 edo 15.000 pezeta zirela uste du Lazarok eta herritarren artean osatu zela kopuru hori. “Bakarren bat geratuko zen ordaindu gabe, baina herritarren artean jasotako diruarekin osatu zen Diputaziora eraman beharrekoa, gero handik udaletxera ekarri zutena herriko beharretarako. Orduantxe lortu zuen Larraulek bere kabuz herri izatea. Hantxe bukatu zen liskarra Franco hil aurreko urteetan”, azaldu dute bi anaiek. Larraulek herri bezala aurrera egitea lortu zuenean Etxezortu sekretarioa Asteasutik Olaberrira joan zela ere gogoratu dute eta idazkari bizkaitar bat etorri zela Asteasura, Larraulera ere etortzen zena herriko gaiak bertatik bideratzeko. Herriak herri izaten jarraitzeko dirua argindarra ekartzeko baliatu zuten larrauldarrek. “Larraul herri miserablea zen; ez urik, ez argindarrik… Auzolanean egiten ziren herriko lanak”, adierazi du Lazarok.
Larraul, nortasuneko herria
Diru bilkeraren adibidearekin larrauldarrek herria zenbat maite zuten agerian geratzen dela uste du Juanek, herri txikia bezain indartsua izan dela. “Larraulek ez zuen inola ere bere nortasuna galdu nahi eta etxe bakoitzean ume asko izanik bizimodua juxtua bazen ere, herriari eusteko dirua jarri zuten herritarrek. Gaur dena alderantziz da; inork ez du bere patrikatik zentimorik ere jarri nahi. Dena Udal edo Diputazioaren esku uzten da”. Garai batean larrauldarrek herria bizirik mantentzeko zuten gogoari egungoek ere eustea gustatuko litzaioke Juani. “Larraul herri bizia da egun, oso herri polita dago. Horrela jarraitzea gustatuko litzaidake niri. Horretarako herritarrek herri sentitu behar dute”.
Franco eta erregearen bisitak
Franco hil aurreko urteez mintzo delarik, diktadorea Donostiara etortzen zen urteak gogoratu ditu Lazarok eta nola Gipuzkoako Udaletako alkate nahiz zinegotziak haren ongi etorrira joatea behartzen zituzten. “Denak elizara sartu eta eskua altxatzera obligatzen gintuzten, guk nahi ezta ere. Juan Carlos erregea etortzen zenean ere berdin. Behin Fraisoron jarri zuten erregearekin bilera eta jende asko bildu zen hara udaletxeetatik. Gu ere han izan ginen. Zinegotzi batzuk lehen ilaran jartzen ziren bostekoa emateaz gain, baserriko arkumerik onena ere emateko. Gu atzeko ilaratan gordeta jartzen ginen eta ez genion ezertxo ere ematen, ezta eskurik ere”.