Arrauna barru-barrutik bizi duen gazte andoaindarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ira. 3a, 09:49

Miren Urrutia Lopezek (Andoain, 1997) hiru urte daramatza arraunean, eta itsasoko estropadetan estreinatu da aurten Hernaniko traineruarekin. Eskarmentu falta ilusioarekin gainditu duela adierazi du.

Hernaniko taldearentzat eta zuretzat gauza berria izan da estropadetan lehiatzea. Zer moduz?
Oso balorazio ona egin behar dugu; oso pozik gaude, lehengo egunean denboraldia ia bukatutzat eman genuen Colindreseko (Kantabria) bandera jokatu ostean. Hasiberriak gara estropaden munduan, eskarmentu faltan gabiltza, eta beraz, itsasoan ibiltzeko teknika ikastea izan da gure helburu nagusia. Gipuzkoako ligan seigarren geratu gara eta horrek gure espektatiba guztiak gainditu dituela esan daiteke. Izan ere, Gipuzkoan daude talderik sendoenak emakumezkoen estropadetan: Orio, San Juan, Hibaika, Zarautz-Getaria eta Zumaia lehengo urtetatik datozenak dira, eta Oiartzungo Itsaslapurrak, Donostia Arraun Lagunak eta hirurok aurten egin dugu debuta. 
Kontxako estropadetarako sailkatze fasea geratzen zaigu denboraldia amaitzeko, baina errealistak gara eta badakigu ez daukagula aukerarik muturra sartzeko lau onenen artean.

Sortu berria da Hernani klubeko emakumezkoen trainerua…
Hernaniko Arraun Elkarteak hartu zuen trainerua ateratzeko erabakia iaz, ikusi baitzuen handia zela bateletan parte hartzen dugun neskek jauzi hori emateko geneukan gogoa eta ilusioa. Egia esan, Tolosa eta Hernaniko arraun elkarteko arraunlariak osatu dugu trainerua. 20tik gora emakume gara guztira. Oso behetik jotzen du batez besteko adinak gurean. Zaharxeagoak diren hiru arraunlari kenduta, gainerakoak 15-18 urte bitartean gabiltza. Patroiak berak, 15 urte besterik ez ditu.   
Adinean zaharragoak diren eta estropadetan urte mordoa daramaten Zumaia, Zarautz-Getaria eta beste zenbait talderen ondoan, gurea azpitik geratzen dela jakinda irten gara itsasora. Bateletako arraunlariak gara gu, eta nahiko galduta ibili gara itsasora joan izan garenetan. Indarrez ondo gabiltza, baina teknika falta zaigu, eta horretan trebatzea izan da gure erronka, lehen esan bezala.

“Maialen” izena du zuen traineruak…
Maialen Lujanbio bertsolariaren omenez jarri zaio izen hori. Bertsolariak sinbologia handia dauka emakumeak espazio publikoan protagonismoa hartzeaz hitz egiterakoan, eta horrexegatik gogoratu dira berarekin. Hernaniarra da, gainera. Diru babesle den Iparragirre sagardotegian egin genuen traineruaren aurkezpen festa, eta hiru bertso oso politak kantatu zizkigun berak. Ekitaldi motibagarria gertatu zen, indarrak ematen dituen horietakoa, aproposa gogoz ekiteko estropadei.

Etorkizunean jarraitzeko asmorik bai?
Nik neuk argi daukat jarraitu nahi dudala. Nolanahi ere, ikusi egin beharko da trainerua osatzeko jenderik ba ote gauden ala ez. Zuzendaritzak nahiko du atera, ikusita pozgarria izan dela aurtengoa, baina ez dakit. Adin delikatua da gurea, ikasketak direla, lana dela... Arraunlari berriak heldu beharko zaizkigu. Emakumeak benetan burugogorrak garelako eratu da Hernanin trainerua aurten, eta ezaugarri horri eutsi beharko diogu berriz ere etorkizunean!

Zerk erakartzen zaitu arraunetik?
Izugarri gogoko dut giro hori, eta badakit ez dela zergatia azaltzen erraza. Etxean inork ez du arraunarekin harremanik eduki sekula, eta ia-ia kasualitatez hasi nintzela esan daiteke. Euskalduna futbol taldean jokatzen nuen gazteagoa nintzenean, baina taldeko jokalari denak aspertu-edo egin ginen poliki-poliki, utzi arte. Kirola egiten segi nahi nuen nik, hala ere, eta Hernanin errugbia ala arrauna, aukera horrekin egin nuen topo. Arreta deitzen zidan arraunak, eta horri heldu nion.

Kirol gogorra dela diote...
Eta ez zaie arrazoirik falta. Drogaren antzekoa da mundu hori, behin zainetatik sartuz gero erakarri egiten zaitu erremediorik gabe. Entrenamenduetatik leher eginda itzultzen zara etxera, dena uzteko gogoa ere pasatzen zaizu burutik tarteka, baina badauka zerbait erakartzen zaituena. Astean sei eguneko eta urtean hamaika hilabeteko kirola da, eta jai duzu erabat inplikatu ezean. Izaeraz burugogorra izateak asko laguntzen du aurrera jarraitzeko orduan.  
Bestalde, faktore pertsonalez gain, espiritu kolektiboa ere kontuan hartu beharreko gaia da. Taldekako bizikidetzak bereziko garrantzia baitauka arraunean. Hernanin izaten ditugu sesioak –normala denez edozein giza taldetan–, baina gero ikaragarri ondo moldatzen gara denok. Aurten esaterako, bateletan batzuk Hernanirekin eta besteek Tolosarekin egin dugu arraunean, eta geure pikeak izan ditugu. Baina gero estropadetarako elkartu garenean, bat eginda jardun dugu.  

Egungo gazteek sakrifizioa zer den ez dakitela ere badiote...
Ez dakizu zein amorru ematen duen lagunak parrandara doazenean, esaterako, zeuk etxean geratu behar horrek! Gero, hurrengo goizean jaikitzen zara goiz samar, eta entrenamendura zoazela, hor irakurtzen duzu whatxapeko mezuetan, zure lagunak orduantxe ari direla etxera erretiratzen! Iraila edozertarako libre edukiko dugun kontsolamendua geratzen zaigu, gutxienik.
Geure artean esan ohi dugu arraunlari bat jasan ahal izateko (bizimodua, ordutegiak, disposizioa...), arraunlaria izan behar dela derrigor; bizi egin behar duela mundu hori, bertako partaide izan, alegia. Ez dakit kasualitatea den ala ez, baina arraunlaria da nire mutil-laguna (Imanol).

Gorantz doaz emakumezkoen traineruen estropadak azken urteetan...
Bai, poztekoa da hori, baina bide luzea geratzen da egiteko, eta gu ere kirolaritzat hartzeko ondorio guztiekin. Aperitibo baten antzera ikusten gaituzte oraindik arraunaren munduan. Mutilen aurretik egokitzen zaigu lehiatzea normalki, eta batzuetan ematen du lehenbailehen pasa beharreko tramitea izaten dela gurea. “Bukatu ezazue zuena agudo, benetako arraunlariak eta ikuskizuna datoz eta ondoren”, ez dizute horren garbi adierazten, baina ia. Mutilei egundoko jarraipena egiten zaie, guri ez bezala; GPSak, telebista kamerak eta ez dakit zer gehiago jartzen dizkieten traineruetan...  

Jarraitzailerik eduki al duzue Hernaniko traineruarekin?
Bai. Estropadetan, familien eta lagunen animoak sentitu izan ditugu gertu-gertu batez ere. Hala ere, iruditzen zait emakumeen traineruak ilusio handia piztu duela hernaniarren artean. Izan ere, mutiletan ezin izan du trainerurik atera azken urteetan. Makina bat berde koloreko kamiseta saldu da herrian Maialen traineruaren izenarekin, eta jendeak harrotasunez darama soinean jantzita.

Andoainen zenbatek dakite arraunlaria zarela?
Oso gutxik, familian eta lagunartean baizik ez. Herrian, batzuek, kamiseta berdeko irudia ikustean, zer esan nahi duen galdezka hasten zaizkit. Orduan jakiten dute arraunlaria naizela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!