Anton Leunda andoaindarra Pirinioetan hil da istripuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abu. 12a, 17:46

Antton Leunda Labaka 64 urteko andoaindarra, astelehenean, Jean Arlaud gailurra jaisten ari zela hil zen; 150 metroko malkar batetik behera erori zen. Bakarrik zebilen, eta oraindik ezin izan da zehaztu zeintzuk izan ziren arrazoiak erorketarako. Segurtasuneko sokak zeramatzan egun hartan. Gavarnieko gendarmeek burutu zituzten gorpua erreskatatzeko lanak.

Kronika:


Euskalduna mendigoizale elkarteko kidea zen Leunda. Elkarteak Pirinioetara antolatu ohi dituen irteeran parte hartzen zuen maiz, eta eskarmentuko mendizalea zela esan daiteke. 
 
Bai familia eta baita Euskaldunako kideak ere Toulousen dira eta gestioak burutzen ari dira bere gorpua lehen bailehen Andoainera ekarri ahal izateko.
Frantziako partean dago 3.065 metro dituen Jean Arlaud gailurra. 3.000 metrotik gorako hamar gailurrez osatzen den Gourgs Blancs mendizerran kokatzen da, eta III. mailako zailtasuna dauka zatitxo batean. Frantziako partetik zein Huescatik (Benasque) abiatuta igo daiteke.
 
Oso kirolzalea zen Anton, eta herriko krosetan ere parte hartu izan du korrikalari gisa, urtetan. Behobia-Donostia, adibidez, maiz egindakoa da, eta bazekien zer den Aizkorriko mendi maratoian sufritzea.
 
Erabat atsekabetuta daude Euskalduna elkarteko mendizaleak, eta atzo (asteartea), Arantxa Urola eta Nerea Buenok, denen izenean, kazetarien aurrean hitz egin zuten, elkartearen egoitzan bertan egin zuten agerraldian:
 
Antonek mendizaletasuni zor zion maitasuna azpimarratu zuten. Berarekin batera, azken urtetan egindako gailurrak (Petit Vignemale, Perdido, Ani, Cilindro…) eta harekin igarotako momentu onak gogora ekarri zituzten. Halaber, Anttonek, beste kiroletarako zeukan zaletasuna ere nabarmendu nahi izan zuten, lasterketa batik bat. 
 
Argazkian, Petit Vignemale gailurrean ageri da, Iñaki Gereño, Nerea Bueno eta Guillermo Alcalarekin batera. Nerea Buenok kontatu duenez, “asko zaintzen zen, eta sasoi oneko gizona zen Antton. Euskaldunak Pirinioetarako irteerak antolatzen zituenean egokitzen ginen elkarrekin. Bidelagun jatorra zen, atsegina. Argazkiko egunean, bera aurretik joan zen eta Petit Vignemaleko gailurra bakarrik egin ondoren, ostera beherako bidea hartu zuen; guregana jaitsi zen, guri igoeran laguntzera. Denok gailurrera iritsi ondoren aterako argazkia da, bere kamerarekin ateratakoa”.
 
Orain hiru urte, 61 urterekin, Mont Blanc igo zuen, eta pozez gainezka zegoen orduz geroztik eta Euskaldunako kideek aitortu dutenez, bere bizitzako ilusioa bete batzuen horrela.
 
Antton Leunda Iruran jaioa zen, eta Andoainen bizi zen familiarekin. Jubilatua zegoen egun.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!