Kaletxiki-San Esteban auzoen arteko desafioa larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abu. 4a, 14:08

Ziurrenik, bi auzoen arteko desafioa ikuslerik gehiena erakarriko duen ekitaldia izango da, San Estebango jaietan. Etxekoak irten ziren irabazle Kaletxikiko jaietan, uztailaren 5ean ospatu zen neurketan. Gehiago izan ziren Kaletxikiko kirolariek, nahiz segundo gutxiren aldearekin izan, eta harrezkero, errebantxaren eguna noiz etorriko zain geratu ziren Goiburuko neska eta mutilak. Larunbat honetan izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Herri kirolak izango ditu oinarri desafioak oraingoan ere, baina aldaketaren bat edo beste iragarri da. Ziurtatu diren kirolen artean, honakoak aipa daitezke: pirrinka, lokotxak aletzea, jartzea eta biltzea, txinga, harria jasotzea eta txapel jaurtiketa. Goiburuko auzotar ugari bilduko da beren ordezkariak animatzera, eta Kaletxikikoek ere jarraitzaile franko eramango dituzte goi paraje horretara. Afari batekin emango diote amaiera herri kirolen inguruko jaialdiari. Batzuek irabazi, bestek irabazi, argi dagoena da Andoaingo auzoen arteko desafioek jai txikien eredua aberastera etorri direla. Ezin aproposagoak dira ikuslegoari ikuskizun polita eskaintzeaz gain, auzoen eta bertako auzotarren arteko harremanak estutzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!