Udal antolamendu berrian, hiru batzorde nagusi nabarmentzen dira. Herritar askorentzat berritzailea gerta daiteke formulazio hori. Nola definituko zenuke zuk?
Maribel Vaquero. Ohiko sistematik aldentzen delako berritzailea izan daiteke, bai. Baina Udal administrazioari dagokionez hiru eremu zehazten ditu legeak: Udal antolamenduarekin zerikusia duena da bat. Bestea, herritargoari begira egiten dena eta hirugarrena lurraldearekin lotura duena da.
Udal antolakuntza berritzea lehendik ere kontutan hartu izan da Urnietan. Ugalderekin hasi ginen lehen pausuak ematen, Izagirrerekin ondoren... iaz, Bertan arreta zerbitzua martxan jarri genuenean, hausnarketa egin genuen. Abiapuntua oso sinplea zen: zein zerbitzu eskaintzen dugu? Eta eskaintzen duguna egokiena al da?
Bada, horrela konturatu ginen hiru zerbitzu nagusi eskaintzen ditugula. Horietako bat litzateke herria zaintzea, hirigintza atalaren bitartez nagusiki. Bestea, giza garapenarekin lotuta dago: sustapen soziala, babes soziala. Hirugarrenak Udal antolaketarekin zerikusia du: arreta zerbitzua, web zerbitzua, langilegoa...
Efizientzia areagotzea izan al da zuen helburu nagusia?
M.V. Bai, halaxe da. Udal barruko lanak errepikatzea eta biderkatzea saihestu nahi izan dugu. Irizpideak bateratu eta inertziekin amaitu behar da.
Efizientzian sakontzea ezinbestekoa da. Bestalde, gauzak egiten ditugun moduari buruzko hausnarketa bat ere bada. “Zergatik egiten dugu hau?”, galdera hori gure buruari etengabe egiten diogu. Gauzak egin eta egin, horrela ibiltzen gara, baina nola egiten diren gehiegi hausnartu gabe.
Hiru batzorde horietako ardura zugan, Roscorengan eta Seguradorengan daude. Zenbaterainokoa izango da esperientzia falta eragozpen bat Seguradorentzat?
M.V. Hartu dituen ardurak gertukoak zaizkio Seguradori, bere ibilbide profesionalagatik. Hirigintza oso ezaguna zaio. Bestalde, sistema honetan Segurado ez da bakarrik arituko. Lurraldea batzordearen baitan arlo ezberdinak daude, bakoitza bere arduradunekin. Mikel Pagola alkatea bera ere oso gertu izango du.
Aurreko asteko plenoan, PSE-EEko bozeramailearen adierazpenak entzunda, ordezkari politikoen liberazioa Gobernu taldean sartzera lotu zenutela ulertu zen.
M.V. Bai, horixe izan da gure irizpidea. Gobernu taldeak hamabostean behin erabakiak hartzen ditu, ardura handikoak: lizentziak, hitzarmenak,... Liberazio politikoa hartzeko garaian bi irizpide hartu ditugu kontutan: Ardura handi bat izatea, David Roscoren kasua da hori, edo gobernu taldean izatea. Oposizioko ordezkariei liberazio politikoa eskaini genien, baldin eta ardura postu bat hartzen bazuten. Horregatik gobernu taldean sartzea eskatu genien. Udal kudeaketan sartu dira, modu horretara.
Mikel Pagolaren bigarren agintaldia izanik, irailetik aurrera udalgintzak abiadura berean jarraituko al du?
M.V. Jarraikortasun bat dagoen aldetik, hori gertatuko da. Baina Urnietako jaiak kontutan harturik, udal jarduera bete-betean urrian jarriko da martxan. Gehiengo osoa izanik ere, ardura handiarekin ekingo diogu. Herritarrekiko komunikazioan sakondu nahi dugu. Tresna berriak martxan jarri ditugu, wegbunea esaterako, eta orain herritarrekin harremana areagotzen asmatu nahi dugu.