Santioak 2015: Dultzaina doinuekin dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 22a, 10:51

Erraldoi eta ipotxen konpartsak eta loatzo musika eskolako dultzaineroek emanaldi bateratua eskainiko dute plazan, jaien hasierako suziria lehertu eta kalejirari ekin aurretik.

Uztailaren 24ko txupinazoaren ostean, erraldoi eta buruhandien lehen kalejirari eman ohi zaio irteera. Aurtengoan, hainbat aldaketa izango da; erraldoi eta buruhandien konpartsa osatuz, Pepita esne-saltzailea eta Santio udaltzaina irudikatzen dituzten ipotxak ere kaleratuko baitira haiekin batera. Sarreran aipatu bezala, festetako lehen kalejirari hasiera eman aurretik, txupinazoa jaurti eta gutxira emanaldi bateratua eskainiko dute erraldoi eta ipotxek Loatzo musika eskolako dultzaineroek jotako bi doinu Errebote plazan dantzatuz. Zortzi izeneko baltsa izango da horietako bat eta Baserritarrak izeneko fandangoa bigarrena, biak ere balts erara dantzatuko dituztenak. Musikari nahiz ezohiko dantzariak entseguetan buru-belarri murgilduta dabiltza emanaldi bateratua prestatzen.

Buruhandi, erraldoi eta ipotxak
Eta nondik sortu den ideia hori? Bada, “herritarrentzat zer edo zer ezberdina egin nahi genuen, ikuskizun moduan”, azaldu du duela zortzi urtez geroztik Villabonako erraldoiak dantzan jartzen dituen Ander Nuñezek. Lau erraldoik eta beste lau buruhandik osatzen zuten  konpartsak, bi ipotx dotore izango ditu lagun aurrerantzean. Ostegun gizen eguneko kalejira koloretsuan aurkeztu zituzten ipotxak herritarren aurrean eta geroztik, Behar Zana elkartearen festan, Senidetze egunean edota Donostian Gure Esku Dago ekimenak antolatutako ekitaldian hartu dute parte. Ipotxaren barruan ibili ohi den Joxean Altunak adierazi bezala, “oso harrera ona izan dute bai herrian eta baita Donostian ere. Jendea argazkiak egitera gerturatu zaigu behin baino gehiagotan”. Eneko Gorostidi billabonatarrak hogei urte daramatza erraldoia dantzatuz eta ipotxaren baitan ibili ondoren, “erraldoiaren egitura askoz ere pisutsuagoa denez, nekagarriagoa da hura mugitzea, baina ipotxak beira-zuntzarekin eginak daude eta askoz ere itxiagoak direnez, bero handiagoa izaten da haien barruan”, argitu du.
Buruhandien paperean gaztetxoak ibiltzen dira kalez kale, maskuria eskuan, haurrak zirikatuz. Erraldoiak eta ipotxak ibilbide guztian zehar dantzan ibiltzeko, berriz, hamar bat lagun beharko liratekela aipatu du Joxeanek, erraldoien kasuan bederen, kantuz kantu dantzaria aldatu egiten baitute, pasada handiegia litzatekeelako bestela. Dei egin du erraldoi eta ipotxak dantzan jartzeko taldera jendea anima dadin, “baita neskak ere, orain artean denak mutilak izan baikara eta ipotxek, bereziki, ez baitute pisu handirik”.

Dultzaineroak, kalez kale
Loatzo musika eskolako dultzaina taldean hamar dultzainero biltzen da eta bi urte daramatzate talde gisa. Guztira, Euskal Herriko zazpi doinu prestatu dituzte Santio festetan kalez kale jotzeko. Villabonako festetan buruhandiekin batera nahiz goizeko dianan arituko diren lehenengo aldia izango da, baina Iyuya Urrutia taldekideak aipatu bezala, “herrian bertan hainbat ekimen ezberdinetan hartu dugu aurrez parte: Korrika herrira iritsi aurretik, Xixili egunean, Joste eguneko festan…, eta gustura aritzen gara”. Iñigo Arin eta Kepa Otegi taldeko gazteenak prestaketa lanetan gustura ari direla azaldu dute, “dagoeneko ikasi ditugu kantuak eta kalean jotzeko gogotsu gaude, etxean baino gusturago jotzen baita kalean dultzaina”. Erraldoi eta buruhandien konpartsarekin ez ezik, goizean goizeko dianan, herritarrak esnatu eta festara atera daitezen gonbidatuz, dultzaina joz hartuko dute parte aurtengoan. Julian Yarza dultzaineroaren hitzetan, “betiko ohitura izan da txistularien diana Villabonan. Egun batzuetan txistulariek eta beste batzuetan guk hartuko dugu parte goizeko dianan. Dultzainaren hotsa ezberdina da, fuerteagoa. Kaleko musika-tresna da eta indar handia duenez, urrutitik ere entzuten da. Nire ustez, goizeko dultzaina oso polita da, alaia, festarako oso aproposa”.

Dianak
Uztailak 25. 08:00. Txistulariekin.
Uztailak 26. 09:00. Dultzaineroekin.
Uztailak 31. 08:00. Dultzaineroekin.

Erraldoi, ipotx eta buruhandiak
Uztailak 24. 18:15. Dultzaineroekin.
Uztailak 25. 12:30. Konpartsarekin.
Uztailak 27. 19:30. Dultzaineroekin.
Uztailak 31. 18:00. Dultzaineroekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!