Santioak 2015: Inude eta Artzainen konpartsaren itzulera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 22a, 10:50

Uztailaren hogeita seian, Santa Ana egunez, Inude eta artzainen konpartsak herriko kaleak alaituko ditu. Dantzari, danbor-jole, pertsonai nahiz musikariak ibiliko dira kalez kale.

Oinkari dantza taldeak bideratuta, joan zen apirilaren amaieran hasita, asteazkenero entseguak egiteko bildu dira dantzariak Txermingo ikastolako ganbaran. Koreografiak ikasteko lanak amaituta, guztira 50 bikote inguru ibiliko da inude eta artzainen paperean dantzan; panpina eskuan inudeak, makila bizkarrean artzainak. Danbor-joleak Txermingo jubilatuen egoitza zaharrean egin dituzte entseguak eta datorren uztailaren 23an, dantzari, musikari nahiz danbor-joleek elkarrekin izango dute emanaldiaren aurreko azken entsegu orokorra.
Ez da Villabonan Inude eta Artzainen konpartsa kaleratuko den lehen aldia. 1992an eta 2008an ere kalez kale ibili baitziren, antzinako hamaika pertsonaiarekin batera. Aurten, hirugarrenez, beraz, kolorez eta alaitasunez jantziko dituzte herriko kaleak.
Uztailaren 26an, igandearekin, goizeko 11:30etan bilduko dira parte hartzaile guztiak Txermingo ikastolaren atarian eta handik emango diote hasiera kalejirari. Auzoz auzo eta kalez kale dantza ezberdinak eskainiz igaroko dute goiza eta Txermingo ikastolaren azpian bazkaldu ondoren, arratsaldeko kalejira eta gero, 18:00etan eskainiko dute emanaldi nagusia Errebote plazan.

Erromeria eguna, uztailaren 25ean
Konpartsa egunaren bezperan, uztailaren 25ean, Santio egun bete-betean antolatu du Oinkari dantza taldeak Erromeria eguna. Santio eguneko Soka-dantza arratsaldetik eguerdiko 13:30etara aldatu dute eta arratsaldeko 17:30etan Iskanbila txarangaren kalejirarekin berrekingo diote goizaldera arte luzatuko den egitarauari. Ohi denez, arratsaldeko 18:00etatik aurrera sagardo eta pintxo dastaketa izango da, aurtengoan Maria Lasa eta Garazi Otaegiren trikiti doinuz girotuta. Hainbeste urteren ostean, aurten aldaketa nabarmen bat izango da, ez baita zikiro afaririk izango. Oinkariko arduradun Eneko Arteagak adierazi duenez, azken urteotako bilakaeraren ondorioz hartu dute erabaki hori, “urtez urte goitik behera etorri baita”. Zikirorik afaldu gabe izanagatik, azken urteotako bideari jarraiki, bertso saioa izango da Errebote plazan 22:30etan. Agin Laburu, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren esanetan. Ondorenean dantzarako aukera bikaina izango da. 00:00etan hasita, Gozategi taldearen emanaldia izango da, 02:00etan Larrain-dantza herrikoia eta 02:30etan Unsain taldearen dantzaldia.  

Dantza eskola taula gainean
Uztailaren 27an, astelehenarekin, 22:00etatik aurrera, dantza emanaldia eskainiko dute Oinkari dantza eskolako dantzariek Olaederra kiroldegian. Haur nahiz heldu, dantza eskolako ikasle talde osoak hartuko du parte eta zuzeneko musika eskainiko duten bederatzi musikari arituko dira dantzariekin batera. Azken urteetan Poxpolo ta konpainia pailazoen laguntzarekin eskaini izan dute saio hori. Aurtengoan dantzariak soilik arituko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!