Santioak 2015: Azal lehiaketaren irabazle, bigarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 21a, 14:31

Bigarren urtez irabazi du Jon Ander Artola billabonatarrak santiotako egitarauaren azal lehiaketa. irudi alai eta koloretsua egin du, festetako ezaugarriak ilustrazio ezberdinetan bilduz.

Hamabost lan aurkeztu dira aurtengoan Villabonako Udalak Santiotako egitarauaren azala aukeratzeko antolatu ohi duen lehiaketara. Jon Ander Artola billabonatarrak bigarren urtez jarraian jaso du lehen saria eskuratu duela jakinarazi dion deia. Eta nola ez, pozarren hartu du erabakiaren berri. “Halako sariak jasotzea ohorea da niretzat eta zer esanik ez herrian bertan”, aitortu du. Iaz ere zorte hori bera izan zuen eta beretzat oso pozgarria izan zen berak egindako irudia kaleko karteletan ikustea. Aurtengo lanaren bidez, jendearekin interaktibitatea lortu nahi izan du. “Koloreen bidez alaitasuna islatzen saiatu nahiz eta ilustrazio txukunen bidez festetako hainbat ezaugarriren berri eman dut. Hainbatek jeroglifiko itxura duela esan dit eta, bai, horixe zen nire asmoa: informazio guztia lehen begiratuan ez ematea”, gaineratu du.
Aurten beste lehiaketa batzuetara ere aurkeztu ditu bere lanak, tartean Iruñeako San Ferminetakora. Hori bai, bere lanak irizpide batzuen arabera erabakia epaimahaiak hartzen duen lehiaketatara aurkeztea gustatzen zaio. Duela hiru urte, esaterako, Anoetako Anitz dantza taldeak abian jarritako izen eta logotipo lehiaketa irabazi zuen eta orduz geroztik berak osatutako irudia erabiltzen du dantza taldeak.
Irunen diseinugintza grafikoaren laugarren urtea ikasten bukatu berri du eta proiektua gauzatzea besterik ez zaio geratzen ikasketak amaitzeko. Dagoeneko hainbat lan egiteko proposamenak jaso ditu lagunen nahiz Facebooken bere izenean duen kontuaren bidez eta pozik dago pausoz pauso diseinugintzaren mundu errealean sartzen ari delako. Etorkizunean logotipoak edota identitate ezberdinak osatuz, branding lanetan aritzea gustatuko litzaioke. Artea eta diseinua ezberdindu egiten ditu eta “disenatzailearen lana bezeroek nahi duten diseinuarekin haien beharrak bete eta funtzionala izatea da”, adierazi du Jon Anderrek.

Polaroidarekin:
Santiozalea al zara?
Bai, txikitatik, denak bezala. Herriko festetan parte hartzea gustatzen zait. Santioen zain nago, baina Garagardo azokaren zain aurrena. Uztaila bete-betea izaten dugu Villabonan.

Zein ekintzatan hartuko duzu parte?
Lehen eguneko futbol torneoaren antolaketan lehenik, danborradan, gazte egunaren antolaketan, koadrilen egunean edota pilotari naizen aldetik, uztailaren 31ko Errebote partidan… Ahal dudan ekintza guztietan. Bi urtez tabernan lanean aritu naiz festetan, baina aurten jai dudanez, disfrutatzen saiatuko naiz.

Zeinetara ez duzu hutsik egingo?
Zezenetara eta kontzertuetara. Musikazalea naiz eta gazte eguneko kontzertuek erakartzen naute gehien, gainerakoak dantzaldi eta emanaldiak izaten baitira gehiago. Horiek ere gustatzen zaizkit, baina kontzertuak bereziki. Lain eta Esne Beltza taldeak arituko dira aurten. Aukeraketa berezia izan da, gainera: herritarrek bozka bidez aukeratu ditugu taldeak lehen aldiz. Herritarren iritzia kontuan hartzea ondo iruditzen zait eta aurten musika taldeak bezala, agian datozen urteetan beste alor batzuk bozkatuko dira.

Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?
Festetako egunik garrantzitsuena koadrilen eguna izaten da. Etxe-Ondora bakoitza bere koadrilarekin joaten bada ere, denak nahastu egiten dira bazkalondoan eta hori, berde, urdin…, kolore ezberdinetako kamisetak nahastuta etortzen dira arratsaldean txarangarekin batera. Oso egun aberasgarria da, adin ezberdinetako jendea elkarrekin ibiltzen baita eta nahasketa horixe da festetako ekintzarik onena. Aurten konpartsa herrikoia ere izango da eta ekimen hori ere oso polita da, sortzen den giroaz gain, aurreko arrazoi berberagatik.

Gaua ala eguna nahiago jaietan?
Egunean zehar ekintza interesgarriak egin ohi dira, baina gazte bezala, gaua nahiago dut festarako.

Festetan edateko? Eta jateko?
Sagardoa edateko eta bokata jateko. Lagunartean bokata jan orduko, jai giroan murgiltzen baikara.

Mezuren bat herritarrei?
Urteko momentu txar edo ez hain onak alde batera utzi eta aste horretan ondo pasa dezatela lagunekin, irribarre eginez. Barrua askatzeko zazpi egun ditugu eta aprobetxatu egin behar dira.

Festak eta gero, zer?
Oporrak izango ditut. Festak amaitutakoan Villabona oso triste geratzen denez, abuztuaren hasieran Errioxara joango naiz egun batzuk pasa eta kirol pixka bat eginez, festetan hartutakoak botatzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!