Santioak 2015: Txupinazoa Oinkariko dantzarien eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 21a, 14:29

Azaroan berrogei urte beteko dira oinkari dantza taldea sortu zela. urteurrenaren urtean, oinkari dantza taldeko kideek botako dute jaien hasiera iragarriko duen suziria.

40 urte beteko ditu Oinkarik azaroan. Nola bizi duzue urteurrenaren urtea?
Oihana Iguaran.
Urteurrenak betiko lanaren zurrunbiloan harrapatu gaitu: emanaldi berriak, dantza eskola, festak… Baina ilusio berezia dugu azarora begira, lasaiago egotea espero dugu, urteurrenari begira soilik lan egin ahal izateko.
Eli Larrañaga. 40 urte hauetan Oinkari dantza taldea osatu duten belaunaldi guztiak biltzea da gure ideia eta guztiek parte hartuko duten emanaldi berezi bat prestatu nahi dugu. Izan ere, Oinkari dantza taldea ez baitute egun aktibo diren dantzariek bakarrik osatzen.
O.I. Urteurreneko ekintzen artean, esan bezala, Oinkariren ibilbidea biltzea helburu duen emanaldi bat izango da, baina ospakizun informalago bat ere aurreikusten dugu, bazkari eta erromeri festarekin. Eta besteak beste, Oinkarik parte hartzen ez duen dantza emanaldiren bat ere eskainiko da.

Zenbat kidek osatzen du egun dantza taldea?
E.L.
3 urtetik 30era bitarteko 250 dantzari gara guztira.    

Herri mailako taldea izatetik maila profesionalagoan aritzera pausoa eman du azken urteetan dantza taldeak. Oihartzun handiko ikuskizunak taularatu dituzue, Euskal Herriko mugak ere gaindituz…
O.I.
Apustu eta lan aldetik profesional maila horretara pausoa eman badugu ere, herri mailako dantza taldea izaten jarraitzen du Oinkarik, herri izaera mantenduz. Esaterako, emanaldietarako ez dira dantzariak aukeratu edo kanpoan uzten, bakoitzak ahal duen neurrian, denok hartzen dugu bertan parte. Alde horretatik herri izaera mantendu dugu eta baita, argi dagoenez, herri mailan daukagun inplikazioagatik ere. Beste diziplina batzuekin ausartu bagara ere, –tartean baita antzerkiarekin ere-, zutabe nagusia euskal dantzek izaten jarraitzen dute eta horiek ondo menderatu arte ez gara alor berriak lantzen hasten; ez baitugu oinarria galtzerik nahi.
E.L. Edu Muruamendiaraz dantza garaikideko hainbat pauso erakusten hasi zitzaigunean etorri zen berrikuntzarako lehen pausoa. Geroztik Kukai edo Anakrusa dantza konpainiatako kideekin izan dugu harremana, baita Agurtzane Intxaurraga antzezlearekin ere. Beste alor batzuk landu ditugu haiekin eta guretzat erreferenteak izan dira, asko ikasi baitugu.

Uztailaren 24ko txupinazoa botatzeko ardura izango duzue aurten. Nola jaso duzue berria?
O.I.
Sorpresa izan da guretzat, suziria besteren batzuek bota behar zutela uste baikenuen.
E.L. Objektiboak izanda, hala ere, Oinkarik suziria botatzeko garaia badela uste dugu. Guk dakigula behintzat, 40 urte hauetan zehar ez baitu sekula dantza taldeak halakorik egin eta azken urteotan bereziki, inoiz baino gehiago aritu baikara festetan lanean.

Atseden handirik gabe arituko zarete aurten ere…
O.I.
Bai, festako denbora hartuz gero, loari kendu beharko diogu. Lehen lau egunetan behintzat segida-segidan antolatuko baititugu ekintzak.
E.L. Lehen egunean txupinazoarekin hasita, Erromeria eguna izango da uztailaren 25ean, konpartsa herrikoia uztailaren 26an eta dantza eskolako emanaldia uztailaren 27an. Sprintean abiatuko ditugu festak. Koadrilen eguna guretzat hartzen saiatzen gara, baina dantza taldearen txosna ere jartzen dugunez, seguru asko aste guztian zehar izango da zereginik. Batean ez bada bestean, Oinkari egunero izango dugu presente.
O.I. Umeen kasuan bereziki, urte guztian zehar egindako lana herritarren aurrean erakustea oso gustagarria izaten da. Konpartsa ere bereziki polita da, dantzarekin edo Oinkarirekin harreman estua izan ez duen jende asko erakartzeaz gain, herri mailan ere ikusmin handia sortzen duelako.
E.L. Oso esker-oneko ekimena da konpartsa, egindako lan guztiaren emaitza oso polita izaten baita. Erromeria egunak ere jende asko biltzen du plazan eta asko eskertzen da egindako lanaren ondoren jendea gustura ikustea.

Txupinazoaren inguruan ezer aurreratzerik bai?
E.L.
Zer edo zer sinplea egiteko asmoa dugu. Txupinazoaren garaian, herritarrak festak hasteko desiatzen egoten dira eta gu ez gara luzatuko. Dudarik gabe, dantza egongo da.
O.I. Oholtzatik bakarrik emandako txupinazoa izan ez dadin saiatuko gara eta baita plaza aktibatzen ere. Ikusi egin behar lortzen dugun! Baina esandakoa, festak dira protagonista eta haiei utziko diegu lekua.

Parte hartzeko deia
Herritarrei parte hartzeko deia luzatu nahi diete Oihanak eta Elik, “antolatzaile bezala izugarrizko ilusioa egiten baitigu gure lanak jendea erakartzen duela ikusteak eta herritar bezala ere gauza ederra baita herria martxan ikustea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!