Auzolandegiko gazteen emaitzak argitara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 17a, 14:59

Asteasu, Zizurkil eta Adunako Udal ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Aranzadiko kideak bertan zirela, atzo arratsaldean, ‘Gerra Zibila 1936-1937: Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila’ auzolandegian parte hartu duten gazteek txukundu duten lubakiaren inguruan prentsaurrekoa eskaini zuten Zarateaitzen magalean. Ondorengo idatzia irakurri zuen Pili Legarra Asteasuko alkateak:

1936ko abuztuan eta irailean Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo udalerrietako mendi-adarretan ezarritako defentsa-sistema edo erresistentzia-gunea dira altxamendu militar frankistaren aurka antolatutako euskal erresistentziaren lehen mugarria. Memoria historikoan ahaztuta dagoen tokia den arren, borroka handiak gertatu ziren eta ehun biktima inguru eragin zituen (haietako batzuk zibilak) eta eremu hartako biztanleen eguneroko bizitza hautsi zuten.

Hemen ibilitako tropak Hondarribiko  Kandido Saseta Etxeberriak gidatu zituen.

Belkoain mendian 2012an eta 2013an eginiko lan arkeologikoen bidez, eta era berean, Zarate Haitzeko inguruan (inguru honetan) iaz, 2014an, eginikoen ondorioz, eremu horretan gertatutakoa sakonago ezagutu ahal izan da. Baina, horrez gain, Gerra Zibilean eta frankismoan lurralde horretan, Gipuzkoan, zein Hego Euskal Herri osoan gertatutakoa ezagutzeko eta ezagutarazteko, ez da nahikoa "memoria-tokiak" berreskuratzea eta gudariek egin zituzten defentsa-sistemei ondare balioa ematea. Izan ere, beharrezkoa da jarduera-eremua zabaltzea dokumentazio historikoa bilatuta eta ahozko testigantzak jasota.

Iaz hasi ginen lan hau guztia burutzen. Lan arkeologikoak eta ikerketa historikoko lanak ez ziren 2014an amaitu, oso zabalak direlako topatu diren dokumentuak eta arkeologia mailan esku har daitekeen inguruak.  Uste dugu ikerketak beti izan behar duela dibulgazio-lana lagun. Hori dela eta, proiektu honekin konpromisoa hartu duten udalek, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, berriz ere konpromisoa adierazi dute ikerketa fasean eskuratutako ezagutza guztiak euskal gizartera iristeko, bertan eragina izateko eta berau barneratzeko. Eskuratutako ezagutzak eta egindako jardueren emaitzak zabaltzea izango dugu helburu, eta horretarako, udalak hedapenerako dituen baliabideak erabiliko ditu ekimenen xehetasunei buruz informatzeko, benetan garrantzitsua iruditzen baitzaigu lortutako emaitzak ahalik eta ondoen ezagutaraztea argitalpen baten bidez,  ahalik eta pertsona gehienarentzat eskuragarri gera dadin. Hori jada bidean da.

Era honetara,  herritarren artean gertatutakoa ezagutzeko interesa mantentzea lortuko dugu, eta memoria historikoa berreskuratzeko lana hau,  Egia , Justizia  eta Erreparazio Eskubideen aldeko lan kolektibo bihurtuko dugu.

Lan honen bidez, hemen ordezkatuta gauden udalek giza eskubideen arloko Nazioarteko Zuzenbidea bete nahi dugu, printzipio hauek gureak eginez: esan bezala, egia, justizia eta erreparazioa. Beraz, honako hauek dira guretzat konpromiso utziezin bihurtu diren helburu nagusiak:

-  -Gertatutakoaren egia bilatu eta hedatzea memoria kolektiboan txertatzeko asmoz;

-   -Tokiko erakunde gisa, gure aukeren barruan justizia egitea;

-  -Gerraren eta diktaduraren izugarrikeriak jasan zituztenei ordaina ematea.

Mila esker, lanean ari zareten gazteei, eta mila esker Aranzadi Zientzia Elkarteari ere egindako guztiagatik, eta Foru Aldundiari emandako diru-laguntzagatik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!