Mendeurreneko ekitaldia Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 17a, 11:56

Aurreko igande eguerdian, herritarrak San Juan plazan sagardoa eta gazta dastatuz ari ziren bitartean, udaletxeko pleno aretoan ekitaldi insituzionala burutu zen.

Kronika:

1615. urteko uztailaren 12an, urnietarrek hiritargo izaera izateko eskumena lortu zuten. Dirutza jartzeaz gain, funtsezkoa izan zen Donostia, Hernani eta Aiztondok jokatu zuten papera. Urnietako lurrak hiru herri horien menpe zeudelako, eta beraz, hiritargo izaera horien baimenari esker lortu zuten. Aurreko igandean ospakizun ezberdinekin gogoan hartu zuten duela 400 urteko gertaera hura.

Alkateak horrelako gertaerak inoiz ahaztuko ez diren uneak bizitzeko aukera ematen duela adierazi zuen: “Urnietaren urtemugaren lekuko izaten ari gara eta laurehun urte bete dituela ospatzen ari gara”. Bestalde, Rosa Aierbek idatzi duen “Urnieta de tierra a villazgo” liburua gogora ekarri zuen, “Arbasoen nondik norakoak hobeto ezagutzeko eta herri bezala nola sortu ginen ezagutarazteko baliagarria izango da”. Idazlea pleno aretoan bertan zegoenez, aukera hori baliatu zuen beste behin egindako lanagatik eskerrak emateko: “Urnietarrei aukera eman diguzu gure bizitzaren pasarte bat ezagutzeko, eskerrik asko”.

Urnietarrak goratuz
Mikel Pagolak bere adierazpenean urnietarrei 400 urte hauetan zehar gauza on eta txarrak bizitzea egokitu zaiela azaldu zuen: herriaren eboluzioa, populazioa handitzea, gerrateak…. Denboran hain atzera joatearekin batera, orain 29 urteko gertaera gogoan hartu zuten ere. Izan ere, Hernani eta Andoaingo herritarrekin batera, urnietarrek ere Lasarte-Oriari herri izateko aukera eman baitzieten.

Gipuzkoako altxorretakoa
“500 urte eta gehiago betetzea opa dizuet”, adierazi zuen Markel Olano Ahaldun Nagusiak hitza hartu eta berehala. Zorionak emanez eta Gipuzkoako herrien garrantziari buruz hizketan jarraitu zuen: “Gipuzkoak altxor bat dauka bere 88 herrietan, eta herri bakoitzak bere nortasuna dauka. Nortasun horien batasunarekin Gipuzkoa osoaren nortasuna lortzen da. Gipuzkoak, bere bailaratan eta bere herrietan, etorkizunaren hazi garrantzitsu bat du. Hor dago gure nortasunaren arima eta gure etorkizunaren giltzarik nagusiena”. Foru Aldundia herrien eta bailaren oreka mantentzeko bidelagun izango dela azpimarratu zuen, “gure helburu nagusia Euskal Herri osoaren nortasuna eta biziraupena elkarrekin mantentzea izango da. Borondatea duzuen bitartean herri bezala jarraitzea opa dizuet, eta izan zaitezte zoriontsu ibilbidean zehar”.
Ez zen Markel Olano Ahaldun Nagusia Urnietara hurbildu zen agintari bakarra izan. Alkateak denei esker ona adierazi zien. Urnietan ziren, besteak beste,  Imanol Lasa Foru diputatua, Maria Eugenia Arrizabalaga Batzar Nagusietako ordezkaria, Donostiako alkate Eneko Goia, Hernaniko Luis Intxauspe, Lasarte-Oriako Jesus Zaballos, Astigarragako Jesus Santos, Urnietako alkate ohiak Joxe Manuel Martiarena, Florentino Ugalde eta Mikel  Izagirre, Urnietako Udal hautetsiak eta, azkenik, herritarrak. “Ongi etorriak izan zaitezte, eta eskerrik asko Urnietaren urteurrena ospatzeko antolatu dugun ekitaldi honetan izateagatik”.

Sinadura ekitaldia
Ekitaldiari amaiera emateko, etorkizuneko Urnietara begirako printzipioak onartu eta sinatu zituzten. “Hau izango da etorkizunean Urnieta ikusteko konpromisoa”, azaldu zuen alkateak. Banan-banan sinatu zuten agiria, eta horrela eman zioten amaiera udaletxeko ekitaldi nagusiari.
San Juan plazan jarritako plakak ondo erakusten duen bezala, Urnieta Goiburu, Lategi, Ergoien eta Oztaran bailaraz osatuta dago. “Urnieta errotutako herri sendo bat da, bailarez inguratua. 400. urteurren honetaz baliatu nahi dugu herritarren artean, Urnietarekiko maitasuna eta herri izaera barneratzeko”.

EKITALDIA SAN JUAN PLAZAN
Igandean 400 urte bete ziren Urnietak herri izaera lortu zuenetik, eta hori ospatze aldera, goizean zehar orotariko ekintzak antolatu zituzten San Juan plaza inguruan.
Erraldoi eta buruhandien topaketak herritar ugari erakarri zituen. Urnietakoez gain, Astigarraga, Usurbil, Hernani eta Lasarte-Oriako erraldoiak elkartu ziren, eta dultzaineroen laguntzarekin, herrigunean dantza eta itzuli ikuskizuna eskaini zuten.
Plazan bertan Urnietako alkate Mikel Pagolak eta Ahaldun Nagusi Markel Olanok adierazpenak eskaini zizkieten bertaratu zirenei. Mikel Pagola alkateak herriaren burujabetza egun horretan bertan lortu zutela gogorarazi zien urnietarrei: “Gure aurretik pertsona asko bizi izan bada ere, gauza asko gertatu izan badira ere, 1615eko uztailaren 12tik aurrera lortu genuen herri bezala onartua izatea. Urnietarrek egindako aportazio ekonomiko handi bati esker, erregeak eman baitzuen Urnieta herri izendapena ahalbidetzen zuen baimena”.

LAU AUZOAK AIPAGAI DITUEN
OROIGARRIA PLAZAN
Harro egoteko moduko eguna zela adierazi zuten. Urtemuga betirako oroimenean geratzeko, lurrean ezarritako plaka ikusgai jarri zuten une horretantxe. Herritarrak jakin-minez begira zeuden bitartean, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Urnietako alkateak plaka erakutsi zuten. Plakak 1615-2015 data erakusteaz gain, Goiburu, Ergoien, Oztaran eta Lategi auzoen izenak eta haietara gerturatzeko norabidea zehazten ditu, “Guztiok Urnieta bakarra” osatzen dugula irudikatuz.

MENDEURRENEKO DOINUA
ANTTON JAUREGIREN ESKUTIK
Horrez gain, urteurrenak musika berezi bat baduela erakutsi zuten. Izan ere, Antton Jauregik mendeurrenaren harira pieza berezia sortu du. Hala, Txanbolinek abesti berezi hori jo bitartean, Egape Dantza Taldeak dantza egin zuen. “Gu izan baginen, orain ere izan bagara, aurrerago ere izango gara”, zihoen kantuaren letrak. Herritarren txalo zaparrada handi batekin amaitu zen mendeurreneko ikuskizuna. Ondoren, herriko sagardo eta gaztagileen dastaketa izan zuten plazan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!