Agintaldi berriko lehen Udal batzarraldia Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 17a, 11:51

Andoaingo Udaleko batzorde ezberdinetako lehendakaritzak behin behinean EH Bilduren eskuetan geratu dira.

Kronika:

Behin behinekoak dira ere Tokiko Gobernu batzordeko kideen, alkate-ordeen eta batzordeetako lehendakaritzen izendapenak. Gainerako alderdietako kideak ardura postuak hartzeko prest agertu baitira Ana Carrere eta bere koalizioa.
Abiatu den agintaldi berriak abiadura hartuko du oporraldiaren ostean. Hasteko eta behin, hamazazpigarren zinegotzia izendatu beharko du EAJ-PNV alderdiak. Izan ere, asteleheneko aparteko batzarraldian Gregorio Olasagastik bere errenuntzia martxan jartzeko prozedura zabaldu zela iragarri baitzuen. Gaur gaurkoz, beraz, Andoaingo udalbatza hamasei kidek osatzen dute. Olasagastik hilabete eskas egin du zinegotzi karguan, ekainaren 13tik uztailaren 13ra zehazki. Independiente modura aurkeztu zen herrikideak ibilbide motza egin du hasi berri den agintaldian.

Azkar igaro zen agintaldi berriko lehen Udal batzarraldia. Aparteko izaera zuen, agintaldiari lotutako erabaki teknikoak hartu behar baitziren. Gobernu taldeko hainbat kideren liberazioaz gain, jeltzaleen aldetik Mari Jose Izagirrek %70eko lan jarduera izango du udaletxean. Antzekoa izango dute sozialistek, baina gaur gaurkoz erabaki gabe dago nor izango den. Ganemos alderdiko Olga Hernandezek %17ko lan jarduera izango du.

Batzarraldia amaitzear zegoenean, EAJ-PNVko Gregorio Olasagasti zinegotziak hitza hartu zuen “herritarren aurrean, nire kargua uzteko tramitazioa martxan dagoela” jakinarazteko. Hilabete eskas egin du zinegotzi lanetan, zeinak berak aitortu zuen bezala, denbora tarte horretan “gauza asko” gertatu diren. Ibilbide laburra izanik ere, Ana Carrere alkateak Olasagastiri eskerrak eman zizkion herri ordezkari gisa egindako lanagatik.
Datozen asteetan, Andoaingo EAJ-PNV alderdiak zinegotzi lanetarako Olasagastiren ordezkoa izendatuko du.

Gobernu taldea “ilusioz” ari da lanean

Uztailaren 10ean, aurreko ostiralean, EH Bilduko ordezkariek behin behineko Gobernu taldearen izenean agerraldia deitu zuten. Nagusiki, lanari ekiteko gogoz daudela adierazteko: “Ekainaren 15etik eguneroko lanean murgilduta gaude. Aste nahasiak bizi izan ditugu, askok herrian bizi ez den krispazioa hedatu nahi izan dutelako. Hala ere, ilusioz ari gara lanean. Sanjuanak oso giro onean eta parte hartzailean igaro dira, eta ondoren ere lanean jarraitu dugu. Udal dinamika martxan dago, batzordeak osatuta daude eta lehen plenoa egitear gaude”. Hedabideen aurrean adierazi zutenez, gainerako Udal ordezkariekin batera lanean jartzeko gobernu egitasmoa osatu dute, “zirriborro modura aurkeztu diegu, epe motzean ditugun erronkekin eta legealdian zehar egin beharreko proiektuekin. Epe motzean, lehentasun nagusia egoera ekonomikoa bideratzeko neurriak hartzea izango da”. Gobernu taldeak uraren kudeaketa Gipuzkoako Urak erakundeari utzi nahi dio, bertatik lor dezakeen diruarekin inbertsioei ekiteko. Erabaki hori hartzeko, ordea, ez du gehiengo osorik.
Gaur gaurkoz EH Bilduko ordezkariak dira batzorde ezberdinetako lehendakariak, “baina beste alderdietako kideak gobernu arduretara batzea” baztertu gabe. Arduren banaketa, agintaldiaren hasieran, honakoa da:
Tokiko Gobernu batzordea
Bost kidek osatua: Ana Carrere alkatea, Ainara Rodriguez, Jon Zulueta, Esti Mujika eta Agustin Alberro.

Lan sailak
•    Gizarte zerbitzuak, kirolak, ingurumena: Ana Carrere.
•    Zerbitzuak, Udaltzaingoa, lehen alkate-ordea: Pedro Unanue.
•    Euskara, langilegoa, komunikazioa, bigarren alkate-ordea: Ainara Rodriguez.
•    Sustapen ekonomikoa, enplegua eta gazteria, partaidetza, bozeramailea, hirugarren alkate-ordea: Jon Zulueta.
•    Kultura, hezkuntza eta berdintasuna: Esti Mujika.
•    Hirigintza, ekonomia, ogasuna: Aguxtin Alberro.

Liberazioak
Irailetik aurrera, Ana Carrere egun osoz arituko da eta 2.230 euroko soldata eskuratuko du. Ainara Rodriguez, Jon Zulueta eta Esti Mujika %68ko lanaldian arituko dira, 1.617 euroko soldata irabaziz. Aguxtin Alberro eta Pedro Unanue egun osoz arituko dira baina soldatarik kobratu gabe. Biak ere erretiratuak dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!