Urzuriagako karobia berreskuratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 17a, 10:08

Uztailaren 12n Urzuriagako karobia inauguratu zuten Asteasuko goi bailaran, Julian Lizardi martiriak otoitz egiten zuen gaztainondoaren ondoan.

Inguru paregabean, Asteasuko historiaren pasarte ugari jasotzen duen gunean, Urzuriaga etxeko egungo jabeak, Asteasuko Udal ordezkariak nahiz Burdina taldeko kideak bertan zirela egin zen Urzuriagako karobi berrituaren inaugurazio jaia. Aurkezpen ekitaldian Urzuriaga etxeko Fatimak hartu zuen hitza lehenik eta karobi zaharra eraberritzea, eurentzat zoriontasun motiboa dela adierazi zuen. Duela hamar urte etorri ziren Fatima eta familia Urzuriaga etxera bizitzera eta etxe inguruan hainbat berrikuntza egin behar zela ohartu ziren, Asteasuko historia, kultura nahiz ingurumenaren mesedetan. 1695. urtean Urzuriaga baserrian jaio zen Julian Lizardi martiri asteasuarra eta bere omenez iraganean jarritako plaka berriz ere Lizardik otoitz egiten zuen gaztainondoaren ondoan jartzea izan zen lehenengo lana. “Oso kokaleku berezia da, atzean basotxo bat duena. Orain urte batzuk bi leitzarrek eta Ekuadorko amerikar-indiar batek mozketa neurtua egin zuten bertan. Europa mailako Live proiektuaren baitan dago inguru hori, dagoen biodibertsitateagatik eta sortzen diren intsektuak babestu egin behar direlako”, azaldu zuen Fatimak. Bestalde, garai bateko eraikina galdu aurretik, karobia berreskuratzeko pausoa eman nahi zuten eta Burdina taldearekin nahiz Asteasuko Udalarekin harremanetan jarri ondoren, elkarlanean berreskuratu dute karobi zaharra. Fatimak esker oneko hitzak besterik ez dituela adierazi zuen, “erakutsi duten sentsibilitateagatik eta egin duten lanagatik”. Ez dituzte lan guztiak amaitu, ordea. Historian sakontzen jarraitu nahi dute Urzuriagako kideek eta etorkizunean etxe inguruko iturria garbitzea dute helburu.

Karobi industriala
Jose Ramon Berrondo Burdina taldeko kide eta historialariak duela 12 urte taldea sortu zenetik euren helburu nagusia ondare historikoa berreskuratu eta balorean jartzea dela adierazi zuen. Azken urteotan, besteak beste, Asteasuko Udalarekin oso gustura ari dira lanean eta iaz Urniategiko errota berreskuratu ondoren, Urzuriagako karobia izan da herrian gauzatutako bigarren lana. Jose Ramonek adierazi zuenez, karobi zaharra ikustera gerturatu bezain laster ohartu ziren hiru gizalditan (XVII. mendetik XX. mende hasierara) zehar erabili zen ondare garrantzitsu baten aurrean zeudela. “Karobiak artoarekin batera etorri ziren Euskal Herrira eta gosea kendu ziguten; izan ere, lurraren ph-a egokitzeko beharrezkoa baitzen bertan egiten zen karea. Hala ere, Urzuriagakoa ez zen baserrirako karea egiteko erabili. Hau karobi industriala zen eta bertako karea buztinarekin nahastuta, zementua egiten zen”, azaldu zuen. Tutua nahiz behealdea estuak dituelako frantses karobi esaten zaien erakoa da Urzuriagakoa . 80 bat pertsona aritzen zen karobiaren bueltan lanean eta bertatik ateratako karearekin eraikin mordoxka altxatu zen. Asteasuk bere ondareak berreskuratzea merezi duela uste du Jose Ramonek, “bi urte daramatzagu Asteasun eta bi ondare berreskuratu ditugu dagoeneko. Hurrengo urtean ere besteren bat martxan jartzea gustatuko litzaiguke”.

80 pertsona lanean

Herriko ondarea zaindu eta berreskuratzen saiakera berezia egin dutela beti adierazi zuen Pili Legarra alkateak, “bai iaz berreskuratutako errotak eta bai karobiak garrantzia handia izan dute gure historian eta zer esanik ez nekazarien egunerokoan. Harritu eta hunkitu egin ninduen karobi honen inguruan 80 pertsonak lan egiten zuela jakiteak. Kopuru horrek ondo erakusten du zuen garrantziaren neurria”. Burdinako kideen lana eta borondatearekin batera, Asteasuko Udal brigadaren lana ere ezinbestekotzat jo zuen Pilik eta baita Urzuriaga etxeko Fatima eta Patxiren saiakera ere. Urzuriaga inguruak osotasunean duen pisuagatik erabaki zuten karobi hori berritzea eta historian zehar izan duen oihartzunagatik ez ezik, paisaiaren ederragatik bertara gerturatzeko deia luzatu zien nahi zuten guztiei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!