Mikel Ugartemendia, giza-probalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 16a, 16:52

2009an hasi zen Mikel Ugartemendia zizurkildarra giza-probetan parte hartzen. Aiztondo-Oarso taldearekin egin zituen lehendabiziko plazak, Berrobin ari da egun.

Lagun baten eskutik murgildu zen Mikel giza-proben munduan. “Sega probetan belar-biltzen ibiltzen zen lagun batek esan zidan, erronka bota ziotela Ibarrako koadrila bati, giza-proban. Taldea osatzeko pertsona bat falta zuten, eta parte hartzeko gonbita egin zidaten. Baiezkoa eman nuen eta halaxe hasi nintzen Aiztondo-Oarso taldean”.
Usurbilen egin zituzten lehendabiziko entrenamendu saioak. Mikelek azaldu duenez, burdinezko egitura erabiltzen dute guztiek batera harriari tira egin ahal izateko. “Ez da teknika zaila. Erritmo egokia hartzean dago gakoa, eta hori ere ikasi egiten da. Plazaren edota eguraldiaren arabera, esaterako, aldatu egiten da tiratzeko erabiltzen dugun erritmoa”.

Urterik onenak
Zaletasun handiko urteak bizitu ditu giza-probak. 2010a arte arautu gabeko kirola zen, eta txapelketa ofizialik ere ez zen jokatzen. “2009an txapelketa antolatu genuen gure artean, eta ikaragarrizko jendetza elkartu zen Zizurkilgo probalekuan. Horren aurretik, oso talde gutxi ziren kirol honetan zebiltzanak, eta hamar edo hamabi kidez osatutakoak izaten ziren, gainera. Gure garaian, berriz, zortzi kideko taldeak sortu genituen eta harriari lotzeko modua ere aldatu egin genuen. Guztia araututa, martxan jarri ziren txapelketa ofizialak. 2010ean eta hurrengo urteetan, ikaragarrizko indarra hartu zuen kirol honek”.
Sufritzen jakin beharreko kirola da giza-probena, hala jakinarazi du Mikelek. “Hogei minutuko saioan, dena eman beharra daukazu, eta sufritu egiten da. Sufrimendu horietan zailduta ez dagoenarentzat oso gogorra izan daiteke”. Fresko hasten dute saioa kirolariek, baina dena emanda amaitzen dute, akituta.

Orain, Berrobirekin
Taldea desagertu zen arte aritu zen Mikel Aiztondo-Oarsorekin harriari tiraka. Aurtengo denboraldirako, berriz, Berrobiko taldearen deia jaso zuen: “Hasieran ezezkoa eman nien, mendiko iraupen luzeko probetan ateratzeko asmoa nuelako. Taldea osatzeko arazo larriak zituzten, ordea, eta bigarren aldiz deitu zidatenean, baiezkoa ematea erabaki nuen. Mendiko probak amaitutakoan hasi nintzen giza-probetarako entrenatzen, ez baitira kirol bateragarriak”, azaldu du Mikelek.

Larunbatean, finala
Gipuzkoako txapelketan murgilduta dabiltza egun, eta uztailaren 18an jokatuko dute azken proba, Elgoibarren, arratsaldeko 18:00etan hasita. Lau taldek hartu dute parte aurtego txapelketan, inoizko kopururik txikiena. “2010eko lehen txapelketa hartan zortzi talde ginen, eta aurtengoan berriz lau. Ligaxka moduan antolatu dugu eta Elgoibarkoa izango da azken saioa. Lehen posturako lehian parekatuta gaude Itziarko taldearekin”, azaldu du Mikelek. Hamar minutuko bi txandatan erabakiko dute zein den 2015eko talderik indartsuena.
Astean bi aldiz joaten da Mikel Berrobira, entrenamenduak egitera. Taldeko kirola izanik, garrantzitsua baita entrenamenduak elkarrekin egitea. “Norberak bere aldetik egiten dituen kirol saioez gain, ezinbestekoa da taldean ere aritzea. Askotan, ordea, ez da batere erraza izaten zortzi pertsona elkartzeko modua egitea; lan ordutegiak, familia, bestelako betebeharrak…”.

Beheranzko joera
Azken urteotan, beheranzko joera ikusi dio giza-probari Mikelek, bai zaletuen jarraipen aldetik, baita talde eta kirolari kopuru aldetik ere. “2010ean piztutako ikusmin hura ikaragarri jaitsi da. Ia ez da erakustaldirik antolatzen eta taldeak ere desagertzen ari dira. Bakarkako kiroletan, norberak aukera dezake noiz egin entrenamendua, baina taldekoa izanik, beste lotura bat eskatzen du, eta hori ez da erraza izaten. Nire ustez, hortxe egon daiteke gainbeheraren arrazoietako bat”.
Kirol gogorra izanda ere, lagunarte polita osatzeko aukera ere ematen du giza-probak, eta horrexegatik eusten dio Mikelek zaletasun horri. “Gustuko tokian aldaparik ez da izaten, eta horrexegatik aritzen gara. Oso giro polita dugu gure artean, eta horrek merezi du. Etorkizunari begira, berriz, talde gehiago sortzea gustatuko litzaidake, 2010ean sortu zen saltsa hura berreskuratu ahal izatea. Ea jendea animatzen joaten den”, amaitu du.

Giza-probak
  • Taldea: 8 kide.
  • Pisua: Taldekide guztien artean 660 kilo pisa dezakete, gehienez. Hortik gora duten kilo bakoitzeko, bi kiloko gainkarga erantsi behar izaten diote harriari.
  • Harria: Mila kilo ingurukoa.
  • Egitura: Burdinezko egitura erabiltzen dute harriari katez lotzeko. Talde bakoitzak bere egitura dauka.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!