“Nik lana baino, lanak utziko nau ni”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 16a, 14:30

1985 urtean zabaldu zuen Gorostidi burdindegia Jesus Mari Gorostidik. Urtea amaitzerako jubilatzekotan da.

Jesus Mari Gorostidi adunarrak igeltsero moduan egiten zuen lan, 70eko hamarkadako krisi gogorraren ondorioz obrako lana erabat jaitsi eta Andoainen burdindegia irekitzea erabaki zuen arte. 1977 urtean Andoaingo burdindegia zabaldu eta handik zortzi bat urtera Villabonako Kale Nagusiko 18. zenbakian jarri zuen martxan bigarrena. Kale bereko 73. zenbakira igaro zen orain sei urte eta bertan emango dio amaiera burdindegiko bere bideari, epe laburrean jubiltzear baita.

Portzelana asko hasieran
Hogeita hamar urteotan burdindegiari lotutako eskaintza zabala egin du Jesus Marik Villabonan, lanerako nahiz etxerako materialak salduz. Azken urteotako ohiko eskaerak nabarmentzekotan, sakakortxoak, erosketa orgak, pintura, bitrozeramikarako kafeterak, presio-eltzeak, pintzak, altzairu herdoilgaitza, plastiko nahiz kristalezko tuperwareak edota LED bonbillak nabarmendu ditu, besteak beste. Bizimodua erabat aldatu egin dela eta egun jendeak errazera jotzen duela dio, botoia zapaldu hutsarekin, erraz egin nahi direla lan guztiak. Burdindegia zabaldu eta lehen urteetan, ordea, bestelako salmenta nagusitzen zen. Esaterako, erruz saltzen zituen portzelanazko palankanak, esnea egosteko portzelanazko ontzi edo cocelecheak eta baita esnea eltzean egosteko kristalak ere. “Garai bateko portzelanazko palankanak umeak garbitzeko erabiltzen ziren, ura bertan berotuta. Esnea egosteko portzelanazko ontzia ere asko saltzen zen, erraz garbitzen zelako. Hiru neurri zeuden, 3 litrokoa zen handiena. Orain ez da halakorik egin ere egingo. Bestalde, lehen baserriko esnea edan ahal izateko egosi egin behar izaten zen eta irakinaldian gora altxa ez zedin, kristal borobil asko saltzen genuen. Botillaren ipurdia bezalakoak ziren; ilunak eta lodi-lodiak”.  
Egungo garaietan salmenta lan zaila dela uste du, baina saiatu egin behar dela, “lehen ere ez baitzen erraza. Dudarik gabe, gero eta zailagoa da saltzea, dirurik ez dago eta”, azaldu du.

Sarrailagile, ateak zabalduz

Burdindegiko lanaren baitan, sarrailagile edo zerrajero gisa ere urtetan aritu da Jesus Mari. Bolada batean izugarri zabaldu bazen ere, sarrailagilearena ere bukatzen ari den langintza dela uste du eta lana kobratzerakoan, batzuek izugarrizko gehiegikeriak egin dituztela. Itxita geratutako ateak irekitzerakoan ezin konta ahala pasadizo gertatu zaiola aitortu du. “Denetako egoerak tokatu zaizkit. Behin giltzak etxean ahaztuta atea itxi eta presio-eltzea sukaldean sutan utzi zuen emakume bat etorri zitzaidan zeharo larrituta dendara, eltzea lehertuko zitzaiola esanez aztoratuta gaixoa. Beste behin, etxeko giltzak ahaztu eta atea ezin ireki, umea bosgarren solairuko leihoaren koskan zegoela… Ikaragarriak pasa zaizkit! Azkenetakoa, giltzarik gabe atea ireki ezinik zegoen emakumearen kasua. Joan nintzen eta irekitzea lortu nuenean 200 kilo pisatuko zuen gizona atera zitzaidan barrutik. Hura sustoa hartu nuena!”. Lanaren ezustekoak. Onak batzuk, ez hain onak besteak. Baina ate asko ireki du urte hauetan Jesus Marik eta jende asko gustura asko utzi ere bai.
Ateak irekitzearekin batera, giltza mota ezberdinen kopiak egin ditu dendan. Moldea izanez gero, giltza erraz egiten dela azaldu du, baina giltza mota asko dagoenez, ia ezinezkoa dela aukera guzti-guztiak eskaintzea.

Jubilatzeko penarik ez
Jubilatzeko garaia iritsi zaio orain Jesus Mariri. Dendak jarraipena izango badu ere, urte bukaera aldera utzi egingo du berak Villabonako burdindegiaren ardura. Batere penarik ez daukala adierazi du, baina ezingo diola lantxoak egiteari guztiz utzi, “nik lana baino, lanak utziko nau ni. Hainbeste urtean lan horietan aritu ondoren, gustua hartzen zaio. Ardurarik gabe, baina Andoaingo dendan jarraituko dut zertxobait”, adierazi du. Aurrerantzean, beraz, zaletasunetarako ere denbora gehiago izango du: baratzean aritzeko, esaterako.
Hainbeste urtean ederki ezagutu ditu Villabona eta billabonatarrak. Gustura aritu da bertan lanean. Zorte on, bada, aurrerantzean ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!