Urtero moduan Remiri omenaldia antolatzeko prestaketa lanetan ari ginela, harridura eta haserrea eragin digun albistea jaso dugu aurten.
Udal gobernu berriak Remiren aldeko omenaldia jai egitarautik kentzeko erabakia hartu duela, aldebakarrez, inori ezer esan gabe, jai batzordean onartutakoaren kontra eta alkate dekretuz. Ezin sinetsita eta arduratuta geratu ginen.
Are gehiago, gaur gaurkoz, oraindik ez dugu jaso inolako jakinerazpenik Udalaren aldetik.
Baina guk ez dugu etsiko. Aurten ere, uztailaren 31n Remiren izena eta izana gogoratzeko ekitaldia gauzatuko dugu, inorri ez diogulako Remi ahanzturara eramaten utziko!
Uztailaren 31 hartan udal hautetsi gisa, herriak aukeratutako ordezkari gisa ari zen lanean, jai gunean Ertzaintzaren presentziak eragiten zuen tentsioa haratago joan ez zedin eta jaiak bakean amaitu zitezen. Baina ez zioten utzi! Bihotza leherrarazi zioten!
Zer gutxiago beraz, jaien barruan, egitarau ofizialaren baitan, haren ahalegina oroitu eta herri honen alde egin zuen lana omentzea baino?
Nori egiten dio kalte egia jakiteak? Guk ez dugu urteotan mendeku gosez jokatu, egia, justizia errekonozimendua eta erreparazioa eskatu ditugu, besterik ez, baina gutxiago ere ez!
Horregatik EAJ-ko udal taldearen jarrera gogor salatu nahi dugu. Zauriak itxi eta herri honek etorkizunera begiratzeko bidean, EAJ-k hartu duen erabakia traba baino ez dela uste baitugu.
Hau al da komunikabideetan esan duzuen bezala, elkarrizketa eta kontsentsu guneak sortzeko zuen modua?
Herrian zureganako maitasuna zenbaterainokoa zen argi geratu zitzaigun Remi, liburua idatzi genuenean edota urtero zure omenaldia prestatzerakoan laguntza eske joaten garenean. Denek baiezkoa ematen digute berehala, muxutruk. Herritik sortutako ekitaldia izaten baita. Herriak zuri eskainitakoa.
Hortaz, aurten ere hilaren 31n, iluntzeko 20:00etan, zure izena daraman ibilbidean hitzordu bat dugu denok!