Benetako haur-kotxeen erreplikak, umeen jostailu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 16a, 10:13

Kristina Sierra Bebelux enpresako jabeetako bat da. 1982. urtetik, puerikulturan dihardute eta haurrentzako haur-kotxeak egiteagatik dira bereizgarri.

33 urte daramatzazue haurrentzako kotxeak egiten. Nork jarri zuen abian enpresa?
Enpresa nire aitak sortu zuen beste kide batekin. Hasiera batean, haur-kotxeak egiten zituzten, baina gerora, horien erreplikak egiten hasi ziren, gurasoek zeramaten kotxea haurrek ere eraman zezaten. Gainera, haur-kotxeen merkatuan lehiatzea oso zaila zen, eta erreplika horiek oso bereziak zirenez, lana bezero ezberdin batengana bideratzea erabaki zuten. Honela, diseinu eta material berarekin, haurrentzako haur-kotxeak egiten hasi ziren, jostailu-denden sektorera igaroz.
2012. urtean nire aitak erretiroa hartu zuen eta enpresaren ardura nire bi ahizpek eta nik hartu genuen. Egun, hiruron artean daramagu.

Estilo anitzeko erreplikak egiten dituzue, prozesu osoa eskuz landuta. Artisau lana egiten duzuela esan daiteke…
Erabateko artisau-lana da; hasieratik amaieraraino eskuz egiten baitugu. Dena guk egiten dugu: kotxeak diseinatu, xasisaren barrak moztu, kurbatu, muntatu, telak moztu, josi, ipini… Dena tailerrean egiten da eta horrek izugarrizko balioa du. Artisau-lan honek noski, amaierako emaitzan eragina du; kalitate ezinhobea duen haur-kotxea da, baina, era berean, prezioa ere garestiagoa da.
Gaur egungo merkatuan, produktuak Txinatik ekartzeko joera handia dago. Dena den, bertako produktuak erosteko joera areagotzen ari dela uste dut. “Made in Spain” marka indarra hartzen ari da, eta guretzat, maila nazionalean saltzen dugunez, oso garrantzitsua da hori. Modaren kasuan ere jendea kontzientzia hartzen ari dela uste dut, eta prezioari garrantzia eman beharrean, kalitateari, ekologiari, langileen baldintzei… ere erreparatzen hasi dira. Horregatik, gure produktuen indargunea hori da: hemen eskuz egina da, hemengo langile eta hornintzaileekin.

Betiko haur-kotxeen material bera erabiltzen al duzue errepliketarako?
Bai, bezeroei bezainbesteko garrantzia ematen diegu hornitzaileei. Produktu dotore eta bikainak egin nahi ditugu, eta horretarako, materialak ezinhobea izan behar du. Hala, haurrentzako kotxeak helduentzat egindakoak bezain onak dira, bertan panpinak jarriko badira ere. Jostailuak baino gehiago, erreplikak dira eta ez dago ezberdinasunik. Hau da, gurasoen kotxe bera izango dute euren seme-alabek ere.
Beraz, bi produktu horien arteko ezberdintasun bakarra tamaina da. Haurrentzako kotxeak bi tamainatan egiten ditugu; haur txikienetatik hasi eta nagusiagoentzat.

Ingeles estiloko haur-kotxeak, inspirazio paristarra dutenak… Modelo ugari dituzue eta, gainera, urtero berriak diseinatzen dituzue.
Gure salmentaren punturik indartsuena Eguberriak dira, orduan saltzen baitugu gehien. Horrenbestez, urtero, iraila inguruan katalogoa berritzen dugu, bi edo hiru modelo berrirekin. Esaterako, aurtengo katalogoa amaitzear gaude eta itxura borobileko kotxea egin dugu, hiru koloretan: arrosa, urdin argia eta urdin iluna. Irailetik abendura bitartean erakusleihoetan jarriko dituzte kotxeak.
Urtero produktu berriak eskaintzen ditugu; enpresa bizirik dago eta berritzera jotzen dugu. Edonola ere, gehien saldu den modeloa Donosti Txuri izenekoa da, urdin iluna eta zuria dena. Bebelux guztien artean bereizgarriena da, hasierako urteetatik egin izan duguna. Orain, ordea, vintage-a modan jarri da eta kolore beixak indarra hartu du. Bestalde, arrosak beti funtzionatzen du eta beti da arrakastatsua, haur askori gustatzen baitzaio.

Zein bezero mota gerturatzen zaizue gehien? Zein da zuen merkatua?
Gure bezero nagusiak jostailu-dendak, haurren moda-dendak eta helduen haur-kotxeak saltzen dituzten dendak dira. Ez diegu bezero partikularrei saltzen. Bezeroak opariak egiteko gerturatzen dira denda horietara; Olentzero edo Errege Magoetan emateko, Lehen Jaunartzeetan, urtebetetze egunetan… Opari moduan saltzen dira haur-kotxe hauek.  
Horrenbestez, kalean paseatzen ibiltzeko saltzen dira gehienbat, baina badira kasu berezi batzuk ere.
Esaterako, dekorazio enpresa batzuk haur gela bat dekoratzerakoan, kotxea osagarri bezala ipintzen dute. Salduko ez badute ere, polita geratzen delako soilik erosten dute. Bestalde, haurren modan ere badute beren tokia; katalogoetan edota arropa desfileetan, itxura ederragoa emateko helburuarekin. Horrez gain, bada itxura errealeko panpinak egiten dituen enpresa bat. Ahalik eta kotxe errealena nahi izaten dutenez, gugana jotzen dute.
Merkatuan, erreplikak egiten ditugun enpresa bakarra gara. Ezberdinak gara eta ondo ari gara lanean, inork egiten ez duena egiten dugulako. Prezioa izan daiteke arazo bakarra, baina bezeroaren helburuen baitan dago hori. Denda txinatarrean erositako jostailu merke bat edota Bebelux bat erostea, ez da gauza bera; bizitzako alor guztietan gertatzen den bezala.

Garai batean ez bezala, gaur egun mutil asko ikusten da haur-kotxearekin jolasten. Aldaketa horiek nola hartzen dituzue kontuan diseinatzeko garaian?

Gure ustez, jostailuen funtzionamendua duten artelanak egiten ditugu. Horregatik, edozein dela haur-kotxea, neska zein mutilentzat baliagarria izango da. Gaur egun, mutil asko ikusten da haur-kotxeekin jolasten, beraien aitak ere ikusten dituztelako gauza bera egiten. Gizartea garatzen ari da eta haurren jokaeretan ere nabarmentzen da. Parekidetasunaren aldetik, belaunaldi berrien bizimoduak ez du zerikusirik gurearekin: emakumeak lan munduan sartu dira, gizonezkoek etxearen eta haurren ardura hartu dute… Haurrek hori ikusi egiten dute eta horren arabera jokatzen dute. Horregatik, diseinatzerakoan ez dugu neskengan soilik pentsatzen.

Batek baino gehiagok pentsa lezake gehiegizkoa edo dotoreegia dela erreplika bat haurrentzat, erabiliz eta jolastuz hautsi dezaketelako…
Egia esan, hain da material eta kalitate onekoa, jostailu erabilera izanda ere biziraupen luzea izan ohi duela. Produktu onak dira, ez baitira plastikozkoak. Anai-arreben artean, lehengusuen artean eta, are gehiago, belaunaldi batetik bestera pasatzeko modukoak dira. Izan ere, mantenua benetako haur-kotxeen berbera dute; altzairu herdoilgaitzez eginak dira, garbitzeko errazak… Berez, helduen kotxe batek bezainbeste iraun dezakete kotxe txiki hauek.

Haur-kotxeen osagarriak

Poltsak, zakuak, estalkiak, eguzkitakoak, euritako babesgarriak… Haur-kotxearekin batera eraman ahal izateko osagarriak egiten dituzte, nahieran erosi eta ipintzekoak. Kristinak adierazi duenez, horiek erostea oso ohikoa da; batez ere, poltsa edo aulki azpian jartzen den parrilla.
Euskal Herrian, euritako babesgarria erostera jotzen du jendeak. Izan ere, eguraldiak eragin handia duenez, gurasoek askotan erabili behar izaten dute, eta haurrek ere nahi izaten dute.
Gainera, osagarriek haurrek diziplina izan dezaten laguntzen du Kristinaren ustez. Imitazio joko bezala hartzen dute, gurasoek egiten dutena errepikatzen dutelako beraiek ere. Horrela, ardurak hartzen ikasten dute, une bakoitzean bere panpinak zer behar duen pentsatuz: “eguzkitakoa ala euritako babesgarria?”


www.bebelux.es
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!