Gogorarazi nahi dute Urnieta edo urnietarren alde euskararen, kulturaren, kirolaren, gizarte ongizatearen edo, oro har, herriko jardunaren alorretan eskuzabaltasunez, elkartasunagatik edo herri onura eraginez egindako lan sarigarri apartak eskertzeko xedez sortu zela ohorezko izendapena. Gogorarazi nahi dute, era berean, izendapena egin dakiokeela ere aipaturiko alorretakoren batean lan egin duenari baina Urnietako herria gaindituz, alegia, Gipuzkoa mailan edota Euskal Herrian mailan. Sariturikoa, nolanahi ere, urnietarra behar du izan. Izendapen hori jasotzeko proposamena egin nahi duen herritar edo elkarteak bazkuna@larramendi.org helbidera idatzi besterik ez du egin behar, eta bertan adierazi nor proposatzen duen eta zergatik, gutxieneko merezimendu batzuk adieraziz.
Epaimahaia eta sari ematea
Proposamen guztiak Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak izendaturiko epaimahaiak aztertuko ditu, aurkezturiko merezimenduen arabera baloratu eta uztaila amaitu aurretik hartuko du erabakia. Sari edo izendapena hutsik ere gera liteke.
Uztailaren amaieran emango da sarituaren berri, baina izendapena jasotzeko ekitaldia, urtero bezala, Sanmieletako Iñistor jaian izango da, aurten, ziurrenik, irailaren 27an, igandearekin, Jakutegi plazako herri bazkaria amaitu ostean. Informazio gehiago nahi duenak dei egin dezake ere (656 782 521).
URNIETAR PRESTU, URTEZ URTE
• Martxeli Gorriti (2008).
• Praixku Belauntzaran (2009).
• Juantxo Gorostidi (2010).
• Urnietako emakume baserritarrak (2011).
• Juan Iguaran eta Martin Lizeaga (2012).
• Iñaki Arantzadi (2013).
• Edu Muruamendiaraz (2014).