Ana Cerro arku tiratzailea

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2015ko uzt. 10a, 10:45

Ana Cerro arku tiratzaile andoaindarra Espainiako txapelketatik iritsi berri da. Basoko 3D jardueran ederki gozatzen du tiratzaile gutxi dituen kirol horrekin.

Zer moduz joan da txapelketa?
Ana Cerro: Final-zortzirenetan kanporatu naute, baina ez diot garrantzi handiegirik eman nahi horri. Geziak tiratzeko teknika berri batekin trebatzen ari naiz azken aldian, eta etorkizunean emaitza hobeak helduko direla pentsatu nahi dut. Bestalde, asteburu honetan Madrilera lehiatzera noa berriro.

Andoainen zenbatek dakite zertan zabiltzan, nahiz eta txapeldun handia izan?
A.C. Bizilagunek eta ezagunek, ez beste inork. Beti prentsan agertzen diren hiru edo lau kirol horiek kenduta, gainerakoek zailtasunak besterik ez dauzkate, gizartean zabaltzeko, praktikatu ahal izateko... Arku-tiroak ez dauka diru laguntzarik, eta tiratzaileen bizkar doaz lehiaketetako gastuak. Nolanahi ere, ezin esan bereziki garestia denik; egin kontu, Gipuzkoa eta Euskadiko lehen txapelketak ehun euroko arku batekin irabazi nituen! Aurreztuz eta aurreztuz, orain gutxi 1.200 eurokoa erosi ahal izan dut.  

Zein ezaugarri dauzka zure modalitateak, basoko 3D izenekoak?
A.C. Basoan praktikatzen da. Poliespanezko animaliak dira gure gezien jomuga. Zirkuluak jartzen zaizkie gorputzean eta geziak jaurti behar zaizkie aldatzen doazen distantzietatik. Gure arkuak ez du era guztietako armek normalki izan ohi dituzten bisorerik ezta mirarik; horrenbestez, oso kirol instintiboa eta intuitiboa esango nuke.   

Zein ezaugarri edo trebezia behar da tiratzaile izateko?
A.C. Fisikoki ez dauka exijentzia handiegirik; izatekotan ere, besoetako muskuluak indartzea komeni da. Funtsean, teknika da garrantzitsuena; teknikarik gabe, jai duzu. Zenbait alderdi koordinatu egin behar dira, nolabait: arnasketa, kontzentrazioa, sokari zein arkuari eusten dieten eskuen posizioak, gorputzaren postura... Azken batean, kontua mugimendu multzo baten mekanizazioan trebatzea da. Behin hori ikasita, automatikoki ateratzen zaizu tiraldiaren ariketa osoa.      

Zer eskaintzen dizu arku-tiroak?
A.C. Satisfazio pertsonal handiak ematen dizkidan kirola da. Lantokian edo bizitzako beste edozein egoeratan estu eta larri nabilenean, ihesbidetzat hartzen dut. Arkua eskuan hartu eta akabo bestelako pentsamenduak; tiraldia ahalik eta biribilena egitea beste asmorik ez daukat buruan. Alde horretatik, kontzentrazio arazoekin dabiltzan gaztetxoei arku-tiroa aholkatzen diete adituek.
Lehiaketen munduan nabilenean, berriz, beti-beti neu naiz neure aurkaririk handiena. Aurretik egin dudana gainditzea da helburu bakarra, ez ondoko lehiakidea baino gehiago izatea. Akaso horrexegatik, kosta egin zitzaidan lehiaketetan parte hartzea. Arku-tiroan murgildu ninduen nire senarrak (Juan Antonio Gullon) hasteko esaten zidan, baina lotsa sentitzen nuen. Teknika ondo nireganatu nuela jabetu nintzenean eman nuen pausoa.  
 
Zer esango zenioke arku-tiroan interesa eduki arren nora jo ez dakien irakurle horri?
A.C. Hasteko eta behin, hastapeneko ikastaroren batean izena eman dezala. Gainera, ez da ahaztu behar arkua arma bat dela; normalean ez da istripurik gertatzen, baina segurtasun neurriak hartu behar izaten dira. Nor bere kasa hasiz gero, saiatzearen saiatzez noski tiratzaile ona izatera irits liteke, baina beti faltako zaio teknika.

Ordiziako elkarteko kidea zara. Antolatzen al dituzue ikastaroak?
A.C. Bai. Badira elkarte gehiago Gipuzkoan, baina gurea bakarra da entrenamenduak egiteko lursaila daukana, Gaintza herrian hain zuzen. Hots egin dezake elkartera edo bestela, nirekin harremanetan jarri (acbanna@gmail.com), elkarteko monitoreetako bat naizelako.
Udaletxe edo elkarteren batetik deitzen digutenean,  prest egon ohi gara geure trasteak eraman eta jendeari erakusteko. Esaterako, Andoainen behin izan ginen, Kilometroak ospatu zenean. Hil honen 18-19ko asteburuan Segurara joatekoak gara, erdi aroko jaira. Esango dizut anekdota bezala, orain aurretik, AEKko ikaskideak eta irakaslea Gaintzara eraman nituela. Mintza praktikako ekimena izan zen, eta egun zoragarria igaro genuen. Idoia irakasleak aitortzen zidan bezala, "behin probatuz gero, harrapatu egiten zaituen kirola da".

Palmaresa
• Euskadiko Txapeldun 2008, 2009, 2010, 2012, 2013 eta 2014an.
• Euskal Ligako txapeldun 2009, 2010, 2011, 2012 eta 2014an.
• Espainiako azpi txapelduna 2014an.
• Espainiako hirugarrena aretoko modalitatean, 2015ean.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!