“Ongi etorri baserrira” ekimenak bisitari ugari bildu zituen Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 10a, 10:44

Baserritarrak eta kontsumitzaileak gerturatzeko asmoz, ate irekiera jardunaldiak antolatu zituen ENBA sindikatuak.

Baserrian egiten den lana baloratu asmoz, jardunaldi irekiak antolatu dituzte bigarren urtez jarraian: “Gure baserrietako ateak zabaldu nahi ditugu jendeak gure etxeak, familiak, soroak eta animaliak ezagutu ditzan eta geuk ekoizten duguna bertatik ezagutu ondoren, gehiago balora dezan”. Urte batetik bestera bisitarien kopurua eta ezagutu daitezkeen baserriak bikoiztu egin dira. Aurreko ostiralean Urnietara Donostialdeko eta Gipuzkoako bisitari ugari hurbildu ziren, ekimenarekin bat egin duten Adarrazpi eta Eula baserrietara.

Goizeko hamaiketarako hogei laguneko taldea bilduta zegoen Adarrazpi baserriaren kanpoaldean, bisitaldiari ekiteko prest. Familiak, senar-emazteak, kazetariak... ENBA sindikatuak martxan jarritako “Ongi Etorri baserrira” ekimenak erantzun bikaina izan zuen Urnietan. Sindikatuko Iñaki Goenaga  eta Adarrazpiko Ima Iriondoren gidaritzapean, bisitariak baserriaren ondoko zelaira abiatu ziren. Bertan zegoen artaldeetako bat, une honetan beste bi gehiago Aralar aldean larrean dituztelako. Idiazabal gazta prestatzeko prozedura azaldu aurretik, ardien zikloen inguruko azalpenak eskaini zituen. Bospasei hilabeteko zikloak dira ardiaren haurdunaldia eta edoskitzea kontutan harturik. Azalpenak eman bitartean, zakurraren laguntzarekin, artaldea bisitariengana hurbilarazi zuen. Haurrek biziki gozatu zuten arkumetxoa gertu izan zutenean.
Hamar urte izango dira Mikel Beldarrain eta Ima Iriondo senar-emazteak nekazal ustiakuntzari ekin zionetik. Tailerreko lanak utzi eta ardiekin hasi ziren. Beldarrainek Arantzazuko artzain eskolan izena eman zuen. Bi negu Zaldibian igaro eta gero, Ergobian zuen baserria saldu eta Urnietan lur sailak erosi zituen. Gaur egun ardi gazta ekoizle ezaguna da eta Basque Cooltour ekimenarekin batera, nazioarteko bisitari ugari jasotzen ditu Adarrazpi baserrian bertan. Turistek egin bezala, aurreko ostiraleko bisitaldiaren amaieran batek baino gehiagok gazta bertatik bertara erosteko aukera baliatu zuen.

Lehen bisitaldia amaituta, bisitariak Goiburutik Lategira jaitsi ziren. Han zain zegoen Eula baserriko Aitor Iguaran. Sagardogileak ere kanpoaldean eskaini zituen lehen azalpenak. Lehenik eta behin, sagarra zuhaiztietatik baserrira gerturatzen dutenekoa azaldu zuen. Kanpoaldean dagoen tresneriarekin sagarra batu, garbitu eta txikitu egiten dute.

Bisitariak baserri ondoko sagastietara abiatu ziren ondoren. Lan asko ematen dute, eta laster bilketari ekingo diotela gogorarazi zuen. Abuztuaren amaieran, irailaren hasieran, orduantxe hasiko dira denboraldi berriko sagardoa izango denaren fruitua biltzen.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!