Argentinako andoaindarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 9a, 12:26

Francisco Picardi eta Alfonso Ardanaz gazte argentinarrak Andoainen daramate denboraldi bat. Necochea hiriko (Buenos Aires) Euskal Etxeko kideak dira, eta Euskal Herriko kulturaren, ohituren, jaien eta paraje naturalen berri izateko etorri dira.

Euskal Herrira etorri orduko, Axeri dantzan dantzari gisa ikusi zaituztegu...
Francisco Picardi: Polita izan da bizipena. Bertakoak gogotik saiatu ziren gu integratzen, eta egun biribila suertatu zitzaigun bizitzea. Argentinan dantza taldeko kideak gara umetatik, eta ez zitzaigun gehiegi kostatu. Entseguetan parte hartuz, nahiko ondo prestatuta irten ginen. Bikaina, aldi berean, bazkari eta bazkal osteko giroa izan zen: Bere etxean hartu gaituen Jon Iraola dultzaina jotzen, eta dantzan eta kantari mundu guztia!
Alfonso Ardanaz: Harrigarriena erritual guztiaren ordutegia eta erritmoa egin zitzaigun. Ez gaude ohituta goizean jaiki eta berehala gosaltzera. Tortila pintxoa eta ura edatera mugatu zen gure gosaria, ez baitzitzaigun gehiago sartzen! Gutxiago ohituta gaude eguerdian hasita ordu eta gehiagoko dantza saioa egitera! Argentinan, dantza jaialdiak gau aldera antolatzen dira, eta gainera, saioen artean atseden hartzen dugu, hurrenari ekin aurretik.

Tradizio gehiago ezagutu al dituzue egunotan?
A.A.: San Martzialeko alardean izan gara. Ikusgarria da, baina emakumeekin daukaten bazterkeria hori ulertu ezinik itzuli ginen etxera.
F.P.: Hernaniko Axeri dantzan ere izan ginen. Andoaingoan ez bezala, gau pasa eginda joatea egokitu zitzaigun. Derrepentean, inondik ezagutzen ez genuen istorio baten erdian aurkitu ginen: maxkurikadak handik eta hemendik, jo eta jo! Bizipen berritzailea izan zen guretzat, ez baikenekien zer den gorputza kolpez josita oheratzea...

Zer dela eta heldu zarete Andoainera?
F.P.: Ia ehun mila biztanle dituen Necochea hirikoak gara (Buenos Aires probintzia), bertako Euskal Etxeko bazkide eta dantzariak gara. 2004az geroztik Hator Hona izeneko programa dago abian han; Euskal Herritik, dantzari, euskal kulturari, gastronomiari... buruzko ikastaroak ematera joaten da jendea, eta urteen poderioz, makina bat harreman sortu dira hango eta hemengoen artean. Hain zuzen, Jon Iraola dantza ikastaroa ematera joan zen 2004an, eta horrela ezagutu genuen elkar. Gu biok, lehendik ere etorriak gaude Euskal Herrira. Ni, 2013an dantza taldearekin ibili nintzen emanaldiz emanaldi; Andoaingo gaztetxean bi asteko egonaldia egin genuen.    
A.A.: Kulturen eta pertsonen arteko oso lotura sendoak eragin ditu programa horrek. Pentsa zein sendoak diren, ezen nire arrebak Usurbilgo mutil bat Necochean ezagutu, berarekin maitemindu eta Usurbilen bertan bizi dela harrezkero.

Jatorri euskaldunekoak al zarete?
A.A.: Nire birraitonak Nafarroako herrixka batekoak ziren, Argentinara emigratu zutenak.
F.P.: Amaren aldetiko nire amonak ere Nafarroan zituen sustraiak, nahiz eta nire lehen abizena italiarra izan eta alemaniarra bigarrena. Nire aitona hango euskal etxean hezi zen, eta tradizio hori belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da familian.   
A.A.: Egia esan, Euskal Herriarekiko atxikimendua familia askoren baitan mantentzen da han. Txiki-txikitatik, seme-alabak euskal etxeetara eramaten dira, identitate sentimendu hori pizteko. Euskal Etxeak, esate batera, atal ugari ditu (dantza, pilota, basketa, euskara...) eta jendeari erraztasunak jartzen zaizkio modu batera edo bestera dauzkan zaletasunak  garatu ditzan.

Diasporan Euskal Herria idealizatu egiten omen da, ez omen da errealitatea ezagutzen. Topiko bat al da?
F.P.: Jendea denetarik topa dezakezu han. Badago jatorri euskalduna duela jakitean, Euskal Etxean dantza taldean sartzen dena eta kitto. Badago, Euskal Herriarekin interesa bizia daukana eta euskarazko eskolara joaten dena... Badago Euskal Herriaren errealitatea gertutik jarraitu nahi duena, eta bide alternatiboak bilatzen dituena informazioa lortzeko. Izan ere, bide tradizionaletatik iritsi izan zaiguna biolentziaren inguruko albistegi ezkorrak izan dira gehienbat. Nolanahi ere, gaur egun, informazioa gertukoa eta fidagarria nahi duenak sare sozialetara jo dezake.
A.A.:  “Euskal Herriko egunerokotasunarekin andoaindar askok uste duena baino inplikatuagoak gaude han, Argentinan”. Esate batera, azken aldian, Korrika txikia antolatu zen han, eta Gure Esku Dago ekimena zela eta hainbat euskal etxeetan oihalak josi eta Anoetako ekitaldira eraman ziren.

Zein futbol taldekoak zarete?
A.A.: Boca Juniors taldekoak!
F.P.: Futbola pasioaren eta grinaren sinonimoa da, erlijioa bezalakoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!