EMAKUMEEN AURKAKO ERASO SEXISTARIK EZ!
Ohar honen bidez, aski dela esan nahi dugu. Zenbat emakume gehiagok jasan behar dituzte eraso sexistak? Guk ez dugu bakar bat ere onartuko! Are gehiago, tinko eta irmo salatuko dugu emakumeen aurkako indarkeria kasu bakoitza.
Zoritxarrez, lerro hauek, herrian, Zizurkilen, gertatutako eraso bat salatzeko dira. Uztailaren 8an, goizaldeko ordu bietan, emakume zizurkildar bat bere bikoteak jipoitu du. Biktimak erasoa salatu du jada. Zizurkilgo Udalak babesa azaldu nahi dio herrikideari eta bere eskura dauzkan bitartekoak eskaintzen dizkio. Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeria ozen salatzera deitzen ditugu zizurkildarrak. Hilak 9, ostegunean, iluntzeko 20:00etan elkarretaratzea egingo da Zizurkilgo Joxe Arregi plazan “Emakumeen aurkako eraso sexistarik ez! Aski da!” lemapean.
Hau ez da herrian gertatu den lehenengo eraso sexista, baina espero dugu azkena izatea. Zeren eta, argi utzi nahi dugu: Ez dugu emakumeen aurkako eraso sexistarik onartuko. Aski da!