Astelehenean zabalduko ditu ateak Bertsoa Unibertsitatean eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 3a, 16:49

Uztailaren 6tik 10era bertsolaritzaren eta ahozkotasunaren topagune izango da Miramar jauregia. Astelehen eta asteartean Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan ikastaroa eskainiko da, eta asteazkenetik ostiralera arte Bertsolaritzaren Bidegurutzeak izenekoa. Mintzola ahozko lantegiko kideek jakinarazi dute ikastaroen berri:

EHUko Uda Ikastaroekin elkarlanean, Bertsoa Unibertsitatean egiten den bigarren aldia da, eta bi ikastarok osatzen dute aurtengo programa: batetik, Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan izeneko ikastaroa eskainiko da uztailaren 6an eta 7an, eta  Bertsolaritzaren Bidegurutzeak izenekoa uztailaren 8tik 10era.

Lehenak ahozkotasunaren esparru zabalagoa hartu, eta bertsolaritza, ipuingintza eta kantagintza izango ditu hizpide. Horiek guztiak hezkuntza arautuan nola landu hausnartuko da, eta horretarako arloko adituak bilduko dira, Inma Muñoa edota Jaione Eskudero adibidez. Bi goiz hartuko ditu egitarauak eta astearte arratsaldean performance bat ere izango du, Ainhoa Ansa kantaria eta Igor Elortza eta Uxue Alberdi bertsolarien eskutik.

Bigarrenak bertsolaritzan jarriko du begirada. Ideologikoki, transmisioaren aldetik eta ikerkuntzari dagokionez, bertsolaritzak dituen erronken gainean egingo da gogoeta. Hiru goiz hartuko ditu ikastaroak. Jexux Muruak, Maialen Lujanbiok eta Jon Sarasuak hartuko dute parte besteak beste, baita BCBLeko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) Kepa Paz ikertzaileak ere; bertsolarien garuna aztertzeko burututako ikerketaz jardungo da bera.

Izena emateko aukera dago oraindik, eta inprimakia eta informazio gehiago www.mintzola.eus atarian topatuko dituzue.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!