DBH3ko ikasleek liburu eta koaderno digitalak erabiliko dituzte datorren ikasturtean Zubimusu ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 3a, 12:36

DBH3ko ikasleek liburu eta koaderno digitalak erabiliko dituzte datorren ikasturtean Zubimusu ikastolan. Chromebook-a (ordenagailu eramangarri arin eta fina) irailean iritsiko da DBH3ra, paperean argitaraturiko ikasmateriala atzean utziz. Ikasleek liburu eta koaderno elektronikoekin egingo dute lan, geletan digitalizazioa nagusituz:

Erreminta osagarri gisa, arbel digitalak eta ordenagailuak erabiltzeari ekin zitzaion eta EKI proiektua ezarri zen. Ordutik bi urte igaro dira eta Ikastolen Elkarteak erreferentziazko zentroetan gauzatu duen esperimentazio fasea ere amaitutzat eman da. Hori horrela, Zubimusu Ikastolan urrats berriak ematen dihardutela adierazi dute digitalizazioaren aldeko euren apustuan. “DBHko 1go eta 2.mailetan, ultrabooka erabili dute zenbait jardueratarako baina paperezko euskarriak pisu handia izaten jarraitu du. Alabaina, 3. mailan ikasmaterial guztia digitalean izango dute 2015-2016 ikasturtean”, dio Kontxi Ormazabal zuzendariak. Hala ere, argitu nahi du digitalizazioa bere horretan ez dela garrantzitsuena baizik eta horren atzean dagoen planteamendu pedagogikoa. “EKI konpetentzietan oinarritutako lehen ikasmateriala da. Zer nahi du esan horrek? Ez dela nahikoa taulak eta datuak buruz ikastearekin, gero gure ikasleak ez badira gai ezagupen horiek integratzeko, alegia, egoera ezberdinekin erlazionatzeko. EKI egitasmoak gaitasunak lehenesten ditu eta edukiak horiek garatzeko baliagarriak izango zaizkigu. Ez da nahikoa ezagupen akademikoa eskuratzearekin. Gure ikasleek konpetenteak izatea lortu behar dute bizitzako edozein egoeraren aurrean”. Arrazoi hau tarteko, EKI proiektuarekin nahi da ikasleek ikasten eta pentsatzen jakitea, komunikatzen, elkarbizitzen, norbera izaten eta ekintzaile izaten. DBH3ko ikasleek EKI proiektu digitala zazpi irakasgaitan jarriko dute praktikan: Euskara eta Literatura, Lengua Castellana y Literatura, Ingelesa, Matematika, Gizarte Zientziak (ingelesez), Biologia-Geologia eta Fisika-Kimika.

Teknologia berrien ezarpenarekin lotuta, jorratu beharreko beste gai bat irakasleriaren formakuntza izan da. Irakasleek formazio saio trinkoetan hartu dute parte. Era berean, irakasleak DBH3ko ikasleen gurasoekin bildu dira hau guztia xehetasun osoz azaltzeko. Ekonomikoki familientzat kostua ez da igoko. Testu liburuen ordez, material digitala erosi beharko dute eta horrez gain, hilero kuota bat ordainduko dute ordenagailuaren erabileragatik.

Informazio gehiago:

www.zubimusuikastola.eus/blogak/cromebook (euskarazko eta gaztelerazko bertsioak)

www.zubimusuikastola.eus/blogak/IKT laguntza bideoak  (aplikazio ezberdinak)

IKASTOLA aldizkaria/ 214. zenbakia

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!