Bertsolaritza eta antzerkigintza oinarrian, emozioak eta umorea aztertzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 3a, 12:12

Bertsolaritza eta antzerkigintza hartu zituzten aintzat Ahoa Bete Hotseko atzoko saioan, emozioak eta umorea aztertzeko. Gaur, uztailak 3, amaituko dira seigarren jardunaldiok umorea eragiteko ariketak eginez eta Demodé Quartet taldeko Joli Pascualenaren aurkezpenarekin. Atzoko saioaren kronika, Mintzola lantegiko kideen eskutik:

Jone Miren Hernandez ikertzaileak abiatu zuen Ahoa Bete Hotseko atzoko saioa. Kulturak eta emozioek duten lotura aipatu zuen Hernandezek, eta ildo hortatik azaldu bertsolaritza "kultura afektiboaren erdigunean" dela. Emozioak aztertzeko garaian autore eta ikertzaile ezberdinek hartu izan dituzten ikuspegiak azaldu zituen, eta baita galdera bat planteatu ere: “Emozioak eta arrazoien artean muga jartzen jarrai dezakegu?”. Bere proposamena da dikotomia hori apurtzeko bertsolaritzan arreta jartzea.

Umorea eta bertsolari txapelketak izeneko hitzaldia eskaini zuten gero Jon Oxan Altunak, Imanol Epeldek eta Lorea Arburuak. Lehenak Tabernetako txapelketen gainean hitz egin zuen: Hernaniko Garin tabernan burutu ohi den txapelketa da, San Sebastian bezperan. “Gure arteko txapelketa zen hark, dimentsio handiagoa hartu zuen” azaldu zuen eta txapelketak izan duen ibilbidea eta bitxikeriak kontatu zituen. Imanol Epeldek hartu zuen gero hitza, Zarautzen egiten den Putzuzulo txapelketaz jarduteko. Kolonbian zegoela Oscar Zuluaga trobadorearen lagun egin eta Trova Paisa txapelketako saioa ikusteko abagunea izan zuen Epeldek, eta horrek kopla txapelketa sortzeko gogoa eragin zion. Lorea Arburuak Nafarroan egiten den Bardoak taldekako txapelketaren berri eman zuen, haren nondik norakoak erakutsiz eta aurrekoetan egindako saioetako laginak ere erakutsiz.

Eguna biribiltzeko, antzerkigintzak hartu zuen indarra Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariaren eskutik. Nola landu emozioak antzerkian tailerra eskaini zuen Lipusek; antzerkian aktoreak baliatzen dituen hainbat tresna landu zituen bertaratutakoekin, jende aurrerako baliagarrak izan daitezkeenak.

 

Gaur, gehiago

Iosu Florentino clownak zabalduko du Ahoa Bete Hots jardunaldien azken eguna. Umorea eragiteko ariketak landuko ditu aretoan daudenekin. Ondoren, Demodé Quarteteko kide den Joli Pascualena izango da Mintzolaren egoitzan, eta laukoteak kantagintza eta umorea uztartzeko egiten ari den bidea baliatuko du bere saiorako. Eñaut Gantxegi EHAZEko kidea arduratuko da aurkezle lanak egiteaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!